blogak

Smithyrenbloga

ANAYET (2574 m): "SUEÑO DE VERANO" BIDEA, 340 m, 6a. 2022/07/26


"Sueño de Verano" bidearen azken bilgunea.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Azkeneko urteotan Anayet mendiko ekialdeko hormaren eskaladak bultzada galanta hartu du bertan irekita dauden bi eskalada-bideengatik, biak luzera eta zailtasun beretsukoak eta biak goitik behera paraboltekin aseguratuak daudenak: batetik Sendero Limite taldekoen "Los Balcones de Anayet" (350 m, V+, hormaren erdialdean) eta bestetik Sueño Vertical taldekoen "Sueño de Verano" (340 m, 6a, hormaren ezker aldean). Bide hauen inguruan denetatik entzun eta irakurri daiteke: zailtasunaren aldetik lehena V+ gogorra dela eta bigarrena 6a erraza; ekipazioaren aldetik lehena ondo ekipatuta (12 express-zinta behar dira) eta bigarrena "ekipatuegi" (14 express-zinta behar dira) dagoela edo harkaitzaren aldetik lehenak ona duela eta bigarrenaren azpiko luzeek aldiz txarra. Entzun eta irakurritako hauen guztien eraginez, gure kasuan bietako bat aukeratzeko garaian balantza "Los balcones de Anayet" bidearen alde desorekatzera eraman gintuen arren, esan beharrra daukat pertsonalki berdin zitzaidala zein bide eskalatu lehenago edo, paliza luze baten ondoren, biak egun berean eskalatzen saiatzea. Bi bide hauek aspalditik begiak jota genituen, bereziki Pirinioetan 2.000 metrotik gorako mendi ikusgarri batean 300 metrotik gorako eskalada ekipatu bat egitea luxu bat delako. Honegatik, Lekuk Pirinioetan egun batean eskalatzeko aukeren artean gehien motibatzen ziona Anayetera joatea zela esan zidanean izugarri poztu nintzen.

Jarraitu aurretik azaldu beharra dago bi bide hauek ez direla Anayeteko ekialdeko horman irekita dauden bide bakarrak: hauen eskuinean neguan eskalatzen den "frantziarren korridorea" dago baita bien artean Ursi Abajo-k irekitako bide bat ere, baina gaur egun Pirinioetan eskalatzen aritzen diren eskalatzaileen artean ez dut bide hau errepikatu duen inor ezagutzen.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 340 metro.
- Luze kopurua: 11.
- Nork irekia: Sueño Vertical taldea 2016an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (35 m), 2ºL: IV+ (30 m), 3ºL: V (30 m), 4ºL: V (30 m), 5ºL: III (30 m), 6ºL: V (35 m), 7ºL: V (35 m), 8ºL: II (35 m), 9ºL: IV+ (20 m), 10ºL: V (30 m) eta 11ºL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Anayet aintzira inguruan hartu daiteke baina kontuz uda garaian ganadua ibiltzen delako.
- Hurbilketa: Hurbilketarako bi aukera ditugu: Lehenengoan, Formigal eski estazioko "Anayet" aparkalekutik GR-11 ibilbidea jarraituz, Culivillas sakanatik igo eta Anayeteko aintziretara iritsiko gara, bertatik hormara iristeko. Eski-denboralditik kanpo aparkaleku honetara doan errepidea hesi batekin itxita egoten denez, aparkalekura arte dauden 2 kilometroak oinez egin beharko ditugu. Bigarren aukera Formigaleko "Portalet" aparkalekutik ateratzen da. Aparkaleku honetatik gora doan pista nabarmen bat jarraituz (neguan eski-pista bat dena), Canal Roya mendi-lepo edo mendatera iritsiko gara. Mendate hau zeharkatuz Anayeteko aintziretara iritsiko gara zirga bat duen horma bertikal bat igo ondoren. Guk bigarren aukera hau aukeratu genuen.
- Jaitsiera: Igoerako bideetatik. Guk zerbait "originala" egiteagatik jaitsiera ezberdin bat aukeratu genuen, Espelunciecha mendia hegoaldetik iparrera ekialdeko aurpegia inguratuz egiten dena, Espelunciecha mendatetik pasatuz. Jaitsiera honetako malda ez da besteetan bezain handia baina ordainean ibilbidea luzatu egiten da.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, 14 express-zinta (luzeak badira hobe) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta berrogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz hurbilketa eta jaitsiera.

Krokis zehatza.

Eskalada-bidea hasten den lekura arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

Jaitsieran jarraitu genuen ibilbidea deskargatu nahi baduzue.

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

GPS aparatuak Formigaleko "Portalet" aparkalekuan geundela adierazten bazigun ere arazorik gabe Larraitzen edo Arantzazun egon gintezken, ipar-haize zakarrak Frantziatik etengabe ekartzen ari zen lanbro hotz eta itxiak ez zuelako dozena bat metro baino gehiagora ikusten uzten. Bezperan Peña Escuach haitzeko "Merche" (170 m, 6a) bidean eguzkiaren argitasun eta bero itogarria sufritu ondoren, aparkalekura iritsi ginenean ixten hasita zegoen lanbroa ikusteak harritu gintuen, baita bertan zegoen tenperatura baxuak ere, baina gauean zehar zerua oskarbi geratuko zen itxaropenarekin oheratu ginen.

- Ze esate dek?
- Ze aukera dizkiau? - Galdetu zidan Lekuk.
- Gora jutea ta ikusi zer zeoken edo beste aukera bat izan zeikek Panticosako Balneariora edo Peña Ruebara jutea hango bian bat eskalatzeko - erantzun nion.
- Nik aukeran nahiago diat goraka abitzea - erantzun zidan -. Goien haizeik etzeok emanda ta gañea esango nikek garbie eongo dekela.

Lekuren optimismoak gehiegi konbentzitu gabe, bezperan prestatutako motxilak sorbaldetatik zintzilikatu eta lanbroan galdu ginen GPS aparatuaren pantailari begirik kendu gabe.

- Ze esate nian? - Bota zidan Lekuk harrotasunez hogei minutu beranduago.

Lekuk arrazoia zuen. Klimatologiaren kapritxo horietako batengatik, hezetasuna, hotza eta ikusmira eskasa bat-batean gure oinen azpian geratu ziren, zerua tapitzatzen zuten milioika izar ikusteraino luzatzen zen ikusmira bat eta giro epel eta lehor batez ordezkatuz.

Lanbro itxi eta hotza behean utzi ondoren. Nork esango zigun goian zeru oskarbi eta lehorra zain genuela. Pista hau da Canal Roya mendi-leporaino eramaten duena.

- Ez nian sekula esango zerue hola eongo zianik - aitortu nion ordurarte jantzita neraman polarra motxilan sartuz -, Are ta gutxigo hain metro gutxi igo ta gero.

Egunean zehar egingo zuen eguraldiaren misterio eta zalantza argituta, zoriontsuago ekin genion pistaren igoerari (neguan eski-pista bat dena) Canal Roya mendi-lepora zuzenduz. Pista hau izaten da neguan Canal Royako izotzezko ur-jauzietara iristeko jarraitzen den bideetatik ohikoena.

Anayeten ekialdeko aurpegia ikusgarria bada ipar-horma ez da atzean geratzen eta Canal Royako mendatera iritsi eta gure begien aurrean parez-pare agertu zenean txundituta geratu ginen. Eguzkiaren lehen izpien argiagatik ezkutaturik, harkaitz-bloke erraldoiez estalitako bailara izugarri batetik zerurarino altxatzen den letagin erraldoi bat da. Bertikaltasunak eskalaezina den horma baten itxura ematen dio, udan batez ere; neguan aldiz, elurrez estalitako hainbat mingainek goitik behera zeharkatzen dute eskalatzeko aukera emanez.

Canal Royako mendatean, parean Anayeteko ipar horma ikusgarria.

Canal Royako mendateak osatzen duen mendi-lepo zabal eta belartsua zeharkatu genuenean Espelunciecha mendiaren ipar-horma agertu zen, duela urte batzuk anaiarekin eskalatzeko zortea izan nuena. Horma hau parez-pare genuela, bailara ezkerretik inguratzen hasi ginen, tarteka hartxingadiren bat zeharkatu eta parean dagoen hormara zuzenduz, Anayeteko aintziretara igotzeko sekretua ongi gordeta duena.

Bailarara sartzeko jarraitu genuen bidea, parean, Espelunciecha mendiaren ipar aurpegia.

Bailararen zeharkaldiaren lehen metroetan Anayeteko ipar hormaren begiradapean.

- Pareta igotzeko pasoa nun zeok?
- Etzekiat - erantzun nion Lekuri GPSari begira.
- Sirga edo katen bat omen zeukik, ez?
- Bai - erantzun nion -, horregatio pentsatze diat topatzea ez dekela zaile izango.

Bailararen zeharkaldian zeharkatzen den hartxingadietako batean. Argazkian horma igotzeko pasagunearen kokalekua ikusi daiteke (urdinez) baita guk nahastuta jarraituko genuen bidea ere (gorriz).

Leku hartxingadian eguzkiaren lehen izpiek Midi D'Ossau ikusgarria argitzen duten bitartean.

GPSak adierazten zigun bidearen gainetik zintzo eta formal mantendu ginen hormaren oinera iritsi ginen arte. Bertan, pantailak bidea hormaren ezker aldean zegoela adierazten bazuen ere, hormaren eskuinean dagoen harkaitz-plaka inklinatu batera zuzendu ginen, ez GPS-ari kasurik ez egiteko, horma igotzen hasteko pasagunerik errazena hor zegoela iruditu zitzaigulako baizik. Gainera jakina da eremu bertikaleetan GPS-aren fidagarritasuna jaitsi egiten dela, jejeje.

Harkaitz-plaka inklinatuaren oinera iristen.

- Harritzen zidak sirga iñun ez ikustek -, aitortu nion Lekuri motxilaren barruan bastoiak gordez.
- Igual plaka honen gañetio eo eongo dek - erantzun zidan hormari batetik eta bestetik begiratuz.
- Izan zeikek - erantzun nion -, GPSa paretatan ez dikelako bidea ondo markatzen eta.

Kaskoa badaezpada jantzi eta harkaitz-plaka amaiera arte arazorik gabe eskalatu genuen (III-), baita plakaren gainera iritsi ginenean ezusteko galanta hartu ere:

- Hemen sirgaik etzeok - esan nion Lekuri.
- Aurrea jarraitzeik bazeok?
- Aurren igoera errexagoa dekela emate dik baña bertaño iristeko trabesie expuestoa dekela esango nikek.

Harkaitz-plakaren bestaldera pasatuz, belar eta harkaitza tartekatzen duen zeharkaldi horizontal eta arriskutsu bat egiten hasi ginen, parean genuen hormara zuzenduz. Sokarekin lotu gabe, pausu bat eman aurretik heldulekuak sendoak zirela ongi baieztatuz mugitu ginen, zeharkaldiari amaiera pixkanaka emanez.

Zeharkaldia teknikoki zaila ez bada ere (II+) arnasa eta nerbioak lasai eramatea eskatu zigun, gure azpian amildegi handi batek soka ikusezin batekin beheraka tira egiten zigulako. Zeharkaldiaren bestaldera iritsi ginenean biok arnasa lasai hartu genuen.

Zeharkaldian.

GPS-ari berriro begiratu nionean igoerako bidetik erabat desbideratuta geundela ikusi nuen. Ez genuen inongo gogorik zeharkaldia berriro egin eta nerbioak proban jartzeko, honegatik irteera baten bila hasi ginen.

Inguratzen gintuzten hormak batetik eta bestetik aztertu ondoren, zeharkaldian ezkerrean utzi genuen hormak duen ahuldade batetik dozena bat metro eskalatzen jarraitu genuen (III-) 10 metro ingurura mugarri handi bat ikusi genuen arte, zirgaren amaieratik gertu dagoena eta bide zuzena zein den adierazten duena.

Errazenen ikusi genuen lekutik eskalatzen, mugarria ikusi aurretik.

Harkaitz sendoa eta belarra tartekatzen duen horma etzan bat eskalatzen jarraituz, ez genuen zailtasun handirik izan mugarrira iristeko (III-).

- Joer beheko trabesikin - esan nion Lekuri elkartu ginenean -, tentsio pixkat pasarazi zitek, eh?
- Baita neire - aitortu zidan kaskoa kenduz.
- Ea eguneko momentuik okerrena hau izan deken, jejejeje.

Mugarriaren ondoan haizetako txamarra kentzen.

Lekuk bastoiak motxilatik atera eta kaskoa gordetzen zuen bitartean zirga hasten den lekura hurbildu nintzen: "beste baterako badakigu" pentsatu nuen horman behera zihoan zirgari begiratu eta pasatako estualdi unea ahaztuz.

Zirga hasten den lekua: beste baterako badakigu nondik igo beharko dugun!!!

Eguneko lehen oztopoa gaindituta Anayeteko aintziretara zuzendu ginen, eguzkia urre kolorez janzten ari zen Anayeteko ekialdeko horma parean genuela.

Egunsentiko urre koloreak Anayeteko ekialdeko horma janzten.

Belar artean ikusi nituen gauza zurixka batzuk barrengorriak zirela iruditu zitzaidan hasieran; bertara hurbildu nintzenean aldiz ikusi genituenak ahozabalik utzi gintuzten:

- Ze ostia?

Hemen eta han, barrengorrien moduan, komuneko paper eta paperezko muki-zapiek belarra tapizatzen zuten. Konturatu gabe, Anayet aintziren inguruan geroz eta gehiago zabaltzen ari den kanpalekuaren "komunetik" pasatzen ari ginen. Txundituta, begiratzen genuen lekura begiratzen genuela paper batez koroatutako gorotza edo lurrera lotsarik gabe botatako muki-zapia ikusten hasi ginen. Gorotzetako batzuk, aintzirek isurtzen duten uren ertzetik gertu, ura marroi kolorez tindatu eta bakteriak eta naturarekin partekatzeko helburuarekin utzita zeudela zirudien.

- Hau dek hau txerri kuadrilla!!! - esan zidan Lekuk haserre.
- Anda no me jodas!!! - erantzun nion -, Mendin kaka noizbaitten denok egin diau baño gutxiñez papera kakarekin batera lurperatu, erre eo etxera ekarri izan diau.

Ez nago mendian bibak egitearen aurka ezta gaua pasatzeko kanpadenda bat jartzearen aurka ere, baina naturaren aurkako eraso hauek izaten dira debekuak ekarri eta mendizaleen artean haserreak sortarazten dituztenak. Aintziren ipar aldea egoera honetan aurkitzeak modu berean tristura eta haserrea sortarazi zidan eta bezperan Yesa eta Bubal urtegien egoera larria ikusi nuenean izan nuen hausnarketara eraman ninduen berriro ere: Zer dago nire esku aldaketa klimatologikoari aurre egiteko? Zer egin dezaket mundu hau hobetzeko?

Marmarrean ari ginen bitartean kanpadenda batetik atera berria zen mendizale frantses bat kuriositatez begira geratu zitzaigun, zertaz ari ginen deskubritu nahiko balu bezala. Ez dakit zein begirada bota genion (ez geniolako ezer esan) baina gure harridurarako kanpadendan ziztu bizian berriro ere sartu zela iruditu zitzaigun. Aztoratuta geunden, haserre. Gozarazten zaituen aktibitate bat haserretuta hastea esperientzia triste eta ezatsegina da eta, haserrea baretzen ez bada, jardunaldi eder eta aberasgarria izan daitekeena zapuztera iritsi daiteke. Eskerrak ekialdeko horma hartzen ari zen kolore eta erliebe festak berriro ere liluratu gintuen, haserrea etorri bezala joan egin zelako.

Anayeteko ekialdeko hormari begira energia negatiboa kanporatu eta positiboa hartzeko itxaropenarekin.

- Han kordada bat zeok, ez? - Galdetu nion Lekuri horma behatzarekin seinalatuz.
- Hala emateik bai - erantzun zidan.

Ekialdeko hormaren oina tapizatzen duen hartxingadira iritsi ginean urrutitik zirudiena baieztatu genuen: "Balcones de Anayet" bidearen bigarren luzea amaitzen sokada bat zegoen. Hasieran beraien atzetik eskalatzen hastea pentsatu bagenuen ere, "Sueño de Verano" bidean inor ez zegoela ikusi genuenean ez genuen bitan pentsatu ere egin:

- Oain behintzat bazekiau hurrengon etortzen gaittukenen zein eskalau beharko diaun, jejeje.

Sendero Limite taldekoek irekitako bidea baztertuta, milaka harkaitzez osatutako itsasoan gora hasi eta, pasagunerik erosoenak bilatuz, "Sueño de Verano" eskalada-bidearen hasiera adierazten duen plastikozko diskora iritsi ginen.

Harrizko itsasoan gora.

Eskalada-bidearen hasieran, argazkian plastikozko disko gorria ikusi daiteke.

- Ze ordu dittuk?
- Ia zortzik - erantzun nion Lekuri.

Bi ordu eta erdi pasatxo behar izan genuen aparkalekutik iristeko. Aitortu beharra daukat goi-mendian eskalatzetik gutxien gustatzen zaidana hurbilketak eta jaitsierak direla, azkenekoak batez ere. Hainbat orduko hurbilketa eta eskalaladaren ondoren beste hainbat ordutan jaisten ibiltzeak gutxien motibatzen nauena izaten da. Baina osagai hauek guztiak izango ez balitu ez zen goi-mendiko eskalada izango, jejeje.

Atzetik inor ez zetorrela ikusita, zerbait jan, zerbait edan, eguzkitako krema eman eta eskalatzaileez mozorrotzearen prozesua denbora luzez hartu genuen, motxilengatik izerdituta genituen bizkarrei lehortzeko denbora emanez.

- Nahibaek ni hasiko neok -, esan zidan Lekuk katu-oinak jantzi ondoren.
- Nere aldetik arazoik etzeok - erantzun nion -, emaiok lasai asko!!!

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV+. Leku disko gorria jarrita dagoen erlaitzera igo eta, erlaitza ezkerretik eskuinera 2-3 metro zeharkatuz horma tente baten azpian kokatu zen (III). Gora begiratu eta hurrengo metroetan egingo zituen mugimenduak zeintzuk izango ziren ongi pentsatu ondoren horma hau eskalatzen jarraitu zuen bere eskuinean dagoen ezproi nabarmenaren gainean kokatuz (IV+):

"... ezproi nabarmenaren gainean kokatuz".

- Paraboltak ondo ikuste dittuk - esan zidan ezproiaren ertzetik.
- Ta harrie zemuzkoa?
- Bakarren bat moitze dek baña oaingoz nahiko ona.

Ezproiaren ertzetik gertu mantenduz eskalatzen jarraitu zuen, noizik eta behin topatu zuen harri askeren bati hegan egiteko aukera emanez (IV lehen metroetan, III+ ondoren). Horma bertikal baten ondora iritsi zenean, honen ezkerrean bilgunea topatu eta konturatu nintzenerako talkie-tik "reunionnnnn!!!" bat iritsi zitzaidan.

Bilgunera iritsi aurretik, zailtasunak amaitzen hasten diren lekuan.

Eskalada-bide baten lehen metroak eskalatzen ditudanean harkaitzetik jasotzen dudan sentsazioak eskalada nola garatuko denaren iragarle izaten da normalean. Oraingoan, soka arnesetik tiraka hasi zenean segurtasun-gabezi bat sentitu nuen. Ez nindoan eroso eta gorputza baldar zihoan. Harkaitza ez zitzaidan hain txarra iruditzen ari, baina kolokan zegoen heldulekuren bat topatzen nuenean sentitzen ari nintzen konfiantza gabezia areagotzen zitzaidan.

Lehenengo bilgunean.

- Nahi dek nik jarraitzea? - Proposatu zidan Lekuk bilgunera iritsi eta sentitzen ari nintzena esan nionean.
- Ez, lasai - erantzun nion -, pentsatze diat metroak eskalatzen dizkiagun heiñen konfiantza etorriko dekela.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Luzea nondik hasiko zen batera eta bestera begiratu ondoren, azkenean bilgunearen ezkerrean dagoen paraboltean express-zinta eta soka pasatu eta dirudiena baino harkaitz hobea duen horma zuzen eskalatu nuen, ezproiaren gainean berriro ere kokatuz (IV+).

Horma eskalatu ondoren.

Metro gutxi batzuk ezproiaren ertzetik eskalatu ondoren, parabolt lerroak ezproitik zertxobait eskuinera eraman ninduen pasagune errazak eta bertikal batzuk konbinatzen dituen harkaitz-plaka inklinatu batetik (IV/IV+). Nire buruarengan konfiantza osoa berreskuratuta ez nuen arren eta eskaladan erabat kontzentratuta ez nindoan arren, mugimenduak arintzen hasten zirela sentitu nuen, artikulazioek lehen luzean pilatutako herdoila kentzen ariko balira bezala.

Metro batzuren ondoren luzeak ezkerrera zeharkalditxo bat egiten du horma batetik gertu mantenduz (III+) harkaitz-plaka inklinatu bat zuzen eskalatzen amaitzeko, honek ere pasagune bertikal motz batzuk dituena (IV/IV+). Erabateko kontzentraziorik gabeko egoera honetan horma bertikal baten azpian eta zertxobait eskuinean dagoen bilgunera iritsi nintzen.

Baina nik ez nuen bilgune hau ikusi eta horma bertikala eskalatzen jarraitu nuen.

- Hirugarren luzea, 30 metro, V. Luzea berez ikusi ez nuen bilgunearen ezkerrean dagoen horma bertikala eskalatuz hasten da. Horma honetan helduleku oso onak daudela iruditu zitzaidan nahiz eta bertikal jarri (V). Hormatik 4-5 metro eskalatuak nituenean eskuinera zeharkaldi motz bat egin beharra nuela ikusi nuen.

Orduan konturatu nintzen arnesetik zintzilik bi express-zinta bakarrik nituela eta aurretik 4-5 parabolt gutxienez ikusten nituen. Ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zen: "nolatan nau expressik gabe? Igual Lekuri ez dizkiot denak hartu?" ziren hasieran bueltaka nituen galderak. Argi nuena zen horma bertikaletik atera beharra nuela, ez nengoelako batere eroso. Nirekin nituen express-zintak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko, egin beharra nuen eskuin alderako zeharkaldia babesten duten lehen bi paraboltak aseguratu gabe utzi eta azken-aurreko express-zinta zuzenean hirugarren paraboltetik zintzilikatu nuen, arnasestuka, erlaitz estu baten gainean kokatuz (V-).

Erlaitz estuan.

- Xabi, 12-15 metro soka bakarrik geatze dittuk - esan zidan orduan Lekuk talkie-tik.
- Seguro?
- Bai.

Orduan ulertu nuen bigarren bilgunea ikusi gabe eskalatzen jarraitu nuela.

Hirugarren bilgunetik banatzen ninduten metroak zenbat ziren ez nekien, ezta express-zinta bakarrarekin bilgunera iristeko gai izango nintzen ere. Aldekoak eta kontrakoak pentsatu ondoren, nengoen erlaitz estuko paraboltetako batean bilgune inprobisatu bat muntatzea erabaki nuen:

- Reuniónnn!!!
- Azkenen iritsi haiz?
- Ez, baña beste aukeraik eztiat ikusi - erantzun nion.

Bigarren bilgune inprobisatutik lehen bilgunera egindako argazkia.

Erlaitz estuan ahal izan nuen moduan lekua hartuz soka pixkanaka jasotzen hasi nintzen Leku nire parera iritsi zen arte:

- Geldittu gabe jarraittu zak ta topatze deken lehenengo reunion bilgunea montau zak - esan nion urduri, nire atzetik hala nola oreka mantenduz pasatu zenean.

Bilgunean gelditu gabe, Lekuk erlaitz estua ezker-eskuin zeharkatu ondoren (III+) hormatxo tente bat eskalatu zuen (IV+) nire gainean kokatuz.

Hormatxoaren gainetik bilgune inprobisatura egindako argazkia.

Hemendik gora, horma batetik gertu dauden harkaitz-plaka inklinatu ezberdin batzuk eskuin joerarekin eskalatzen jarraitu zuen (III+/IV), diedro/tximinia baten azpian dagoen bilgune batera iritsi zen arte.

A zer nolako lasaitasuna hartu nuen "Reunion" hitza entzun eta Lekuk soka jaso zuenean.

- Buffff!!! Gaurko bigarren tentsio momentue - esan nion Lekuri bilgunera iritsi nintzenean -. Hik ere ez dek bigarren reunioa ikusi?
- Ez - erantzun zidan -, sokan pendiente igo neok ta ez neok fijaure egin.

Hirugarren bilgunean.

Lekurekin hizketan ari nintzela eskalada hasi nueneko konfiantza eta segurtasun falta desagertzen zela sentitu nuen, eskalatzen jarraitzeko gogo bizi batengatik ordezkatuz. Dirudienez, gaurko estutasunen kupoa beteta genuen dagoeneko, jejeje.

- Jarraittu zak hurrengo largoa hik eskalatzen - proposatu nion -, aurrekok ez dik kontatzen eta, jejeje.
- Oso ondo!!! - erantzun zidan erabat animatuta.

- Laugarren luzea, 30 metro, V. Leku bilgunearen ezkerretik atera eta diedro/tximinia di-da batean eskalatu (III+) zuen.

Diedro/tximinia eskalatu ondoren.

Luzeak ez du jarraitzen diedro honen amaieran dagoen horma bertikaletik, diedroa osatzen duen eskuin hormatik baizik. Honegatik, diedro/tximinia eskalatu bezain laster eskuineko horma honetara pasatu eta, bertan dagoen harkaitz sendo eta ederra aprobetsatuz eskalatzen jarraitu zuen, arrail nabarmen bat duen horma makurtu eta motz batera zuzenduz (IV+).

Diedroa osatzen duen eskuin horman, hemengo harkaitza zoragarria iruditu zitzaigun.

- Kintoko pasoa hor izangoek, ez?
- Hala emate dik, bai - erantzun zidan Lekuk horma makurtuaren azpian kokatuz.

Makurtua badago ere, hormak helduleku onak ditu eta erdian duen arrailak ere asko laguntzen du estutasun handirik pasatu gabe eskalatzeko.

Hormaren lehen metroetan.

Eskuak arrailan ongi trabatuz Lekuk ez zuen zailtasun handirik izan horma makurtua eskalatu (V) eta argazki bat egiteko posatzeko.

Horma makurtua eskalatu ondoren.

Horma makurtuaren ondoren horma asko etzaten da eta Lekuk erraz bete zuen bilgunera arteko tartea (III+).

Laugarren bilgunean.

- Oain esango nikek transiziozko luze bat zetorrekela hurrengo reuniora arte - esan nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Hemendio ikusita hala emate dik bai - erantzun zidan materiala pasatuz.

- Bosgarren luzea, 30 metro III. Lekuri esan bezala, bosgarren luzea trantsiziozko luze bat da, hurrengo horma bertikalarekin lotura funtzioak betetzen dituena. Bilgunetik atera eta harkaitz-plaka inklinatu bat ezker joerarekin eskalatzen jarraituz, zinta gorri batzuk jarrita dituzten paraboltak jarraitu nituen harkaitz-moko batera igo eta denbora osoan harkaitzaren gainetik ahalik eta denbora gehien mantendu nahian (15- 20 metro, III-).

Harkaitz-mokoaren gainetik egindako argazkia, ikusmira ikusgarria da.

Harkaitz-mokotik aurrera harkaitz-plaka etzan batzuetatik luzeak pixkanaka eskuin aldera jotzen du, eskuinetik datorren kanal belartsu nabarmen baten amaiera zeharkatuz (II).

Kanalaren irteera zeharkatu nuenean, bilgunea parean dagoen triangelu itxurako horma bertikalean topatu nuen.

Bosgarren bilgunean (argazkiaren erdian ikusi daiteke).

- Hurrengo luzek etzekiat zein zailtasun izango diken baña lehen metrok ikusgarrik dittuk - esan nion Lekuri bilgunetik eskuinera horizontalean doazen paraboltak seinalatuz.
- Oaintxe ikusido diau - erantzun zidan eskalatzen jarraitzeko irrikan.

- Seigarren luzea, 35 metro, V. Lekuri esan bezala, ez nekien luzearen lehen metroen zailtasuna, baina Panticosako "Via del Ibon" eskalada-bidearen laugarren luzearen hasiera gogora ekarri zidaten.

Leku bilgunetik eskuin aldera horizontalean atera eta, oinentzat heldulekuak aurkitzen zituen heinean, hiru paraboltekin babestutako 7-8 metro inguruko zeharkaldia egin zuen (IV), horma tente baten azpian geldituz.

- Zeharkaldi politte!!! - esan zidan irribarretsu.
- Hankentzako leku onak zeudekela emate dik, ez?
- Bai, hala dek- erantzun zidan -. Hau errex ingo dek.

Zeharkaldi horizontalaren amaieran.

Hirugarren paraboltetik gora luzeak zuzen jarraitzen du, hasieran horma tente batetik (IV+) baina geroago zertxobait inklinatuz doan beste batetik (IV), parean dugun horma ilun eta bertikalera zuzenduz.

Horma tentea eskalatu ondoren.

Bilgunea kokatuta dagoen horma bertikalaren oinera iritsi zenean, orain arteko abiadura jarraitua bat batean gelditu zitzaion.

- Honek zein gradu zeukik?
- Esango nikek kinto ingurun zeokela - erantzun nion talkie-tik -. Ze ba?
- Hemen pareta tentea jartze dekelako - erantzun zidan.

Horma bertikalaren oinean.

Horma bertikala diedro itxurako batetik eskalatzen da (V), honen erdian (zertxobait eskuinean) duen arrailan eskuin eskua sartu eta bertatik tira eginez. Lekuren arnasestuak berehala ohartarazi zidan horma uste zuena baino gehiago kostatzen ari zitzaiola. Begi-bistatik kanpo nuen baina soka mugitzen zen abiadura motelak garbi adierazten zidan Leku pixkanaka zailtasuna gainditzen ari zela, nahiz eta estutzen eskalatu. Diedroa ixten duen horma makurtu batera iritsi aurretik bilgunea dago, zintzilik geratzen den bilgune ez oso erosoa. Talkie-ak bota zuen "reunión" hitza bilgunera iritsi aurreko pasagunean pasatako estualdiaren isla nekatu eta galdua izan zen.

- Ona Leku!!!
- Hemen estutu diat bai - erantzun zidan arnasketa pixkanaka normaltasunera itzuliz.
- Ez daukek esan beharrik ez - erantzun nion irribarretsu -, hire arnasketak hemendio entzun dizkiat eta, jejeje.

Lehen metroetako zeharkaldiaren gainetik dagoen horma tentea eskalatu ondoren.

Lekuk nola estutu zuen ikusita, luzearen amaierako horma bertikalera apaltasun osoz iritsi nintzen. Eskuak magnesio poltsan sartu, arnasa sakon hartu eta, Lekuk egin zidan argazkirako aurpegi ona jarri ondoren, horma eskalatzen hasi nintzen.

Horma eskalatzen hasteko prest.

Pasagunean estutu egin nuen, ez dut ezetzik esango, baina dituen heldulekuak eta oinak jartzeko aukerak onak direla iruditu zitzaidan. Altua izateak ere Lekurekiko abantaila eman zidala esango nuke, heldulekuetara erabat estutu gabe iristeko gai izan nintzelako.

- Errex atera dek!!!
- Egie esan pentsatzen nian gehio estutuko niala - aitortu nion -, baño bakik, paso batzutan ni hobe moldatze neok ta beste batzutan hi hobe moldatze haiz.

- Zazpigarren luzea, 35 metro, V. Bilgunearen ezkerrean dagoen ezproitxora igo eta makurtutako horma baten azpian kokatu nintzen (IV+). Horma makurtuko heldulekuak oso onak zirela ikusi ondoren, oinak igo eta pasagunea zuhurtziaz eta poliki eskalatzen hasi nintzen.

- Ondo hau argazki bat itteko? - esan zidan Lekuk - komodo ikuste haut.
- Buenoooo momentu hontan beharbada ezzzz - erantzun nion oinentzat leku berrien bila ari nintzela - pareta eskalatzen diatenean eingo didak.

Lekuri agindu bezala, horma makurtua eskalatu nuenean (V), hormaren ertzera hurbildu eta argazki bat egin zidan.

Horma makurtuaren ertzean.

Luzearen zailtasunik handiena atzean utzita, harkaitz-plaka inklinatu eta arraildun batzuk eskalatzen jarraitu nuen (IV), belarrez estalitako kanal txiki batera zuzenduz. Belarraren gainetik kontu handiz metro batzuk igo nituen (II), bilgunea eskuinean dagoen harkaitz-plaka batean topatu nuen arte. Azken metro hauek erdi oinez betetzen badira ere, belarra bustia badago ez dut uste katu-oinak jantzita igotzeko erosoak izango direnik.

Leku harkaitz-plaka inklinatuak eskalatzen, belar zatira iritsi aurretik.

Parez pare Anayeteko gailurreko piramide ikusgarria genuen, eskalada-bidearen azken hiru luzeak gordetzen dituena. Baina bertara iristeko trantsiziozko beste "luze" bat egin beharra genuenez, Leku bilgunera iritsi bezain pronto soka askatu eta bilgunetik gora erdi-oinez jarraitu nuen:

- Hola hurrengo luzen hi aseguratzeko soka ondo bilduta eukiko diat - esan nion bilgunea utzi aurretik.

Anayeteko gailurreko piramide ikusgarria eta bertako hiru luzeen nondik norakoak. Hirugarren luzeko azken metroak ez dira garbi ikusten. Argazkiaren ezkerrean bi mendizale ikusi daitezke Anayeteko gailurrera daraman tximinia jaisten

- Zortzigarren luzea, 35 metro, II. Kronikan "luze" bezala identifikatu badut ere horren beharrik ez dago, ia metro gehienak oinez egiten direlako.

Bilgunetik zuzen atera eta alderantzikatutako "C" bat eginez, ahal den neurrian topatzen nituen harkaitz-plaka etzanen gainean mantenduz jarraitu nuen plaken amaiera arte (II). Parean nuen hormara iristeko azken metroak oinez bete nituen, nire ezkerrean Anayetera doan ohiko igoeraren tximinia/kanala utziz. Bilgunea erdi-ezkutatuta geratzen bada ere aurkitzeko zailtasun handirik ez dago, biderik ez galtzeko zintadun paraboltak jarrita daudelako. Bilgunean bertan, honen gainean zinta laranjadun parabolt bat jarrita dago.

Zortzigarren bilgunean bederatzigarren luzeko lehen bi paraboltak seinalatzen (borobil zurien barruan)..

- Bederatzigarren luzea, 20 metro, IV+. Leku bilgunearen ezkerretik atera eta diedro/tximinia itxurako horma bat eskalatzen hasi zen. Horma pixkanaka tentetuz doan arren, bertan dauden helduleku onak aprobetsatuz ez zuen arazo handirik izan eskalatzeko (IV+). Sueño Vertical taldekoen kronikan irakurri daiteken bezala, lehenego paraboltetik aseguratu (zinta laranja duena) eta eskuinera horizontalean zeharkaldi bat egiten badugu, "Balcones de Anayet" bidearen azken luzeekin elkartzeko aukera izango dugu. Honetarako zeharkaldi hau ekipatu eta bilgune independiente bat egin diote "Balcones de Anayet" bidetik gertu. Bilgune honetatik "Balcones de Anayet" bidearekin arazorik gabe elkartuko gara. Beraien hitzetan aukera hau eman dute azken hiru luzeetako zailtasun maila gogorregia izan daitekela uste dutenei beste aukera bat emateko. Bigarren aukera bat "Sueño de Verano" bidearen eskalada zortzigarren luzean bertan behera utzi eta Anayetera oinez igotzea izango litzateke, ohiko bidea metro gutxietara pasatzen delako.

Gure kasuan, horma bertikala eskalatu ondoren, Lekuk harkaitz plaka etzan batzuk eskalatzen jarraitu zuen (III+), sabai txiki bat duen hormatxo batean dagoen bilgunera iritsi zen arte.

Baina niri bigarren luzean gertatu zitzaidan moduan, Lekuk ez zuen bederatzigarren bilgunea ikusi.

Horma bertikalaren irteeratik egindako argazki honetan bederatzigarren bilgunearen kokalekua ikusi daiteke baita hamargarren bilgunearen kokalekua (Leku dagoena) ere.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07