blogak

Smithyrenbloga

ANAYET (2.559 m): "FRANTZIARREN KORRIDORETIK", 300 m, D-, 75º, IV. 2019/02/16

Midi D'Ossau mendia Anayeteko gailurretik. Anayet talaia ikusgarria da.


Anayet, Pirinioetako Tena bailarako paraje eder batean naturak kokatutako piramide perfektua da, zerura begiratu eta lurrean sakon sartutako geziaren punta. Bakartiak diren beste mendi batzuekin gertatzen den moduan, begiratzen zaion ikuspuntua dena delakoa izan ere mendi ederra da, hotz uzten ez duen horietakoa.

Geologikoki zati batean eraitsitako sumendi batetik gelditutako hondarra da, mendeetan higatutako labazko tximiniaren testigu isila. Hegoaldetik Izas sakanak mugatzen du, iparraldetik aldiz, Roya sakana, biak ere izotz-eskaladan oso ezagunak.

Anayet elurrik gabe lehen aldiz ikusten denean atentzioa deitzen duena da, silueta ikusgarritik aparte, belarraren orlegiak harkaitzaren gris, kobre eta gorri biziarekin osatzen duen kontrastea. Eta hau guztia Anayet aintziren ur gardenetan islatuta ikusteko zortea badugu, inongo zalantzarik gabe nekez ahaztuko dugun egun baten aurrean izango gara.

Anayeti egindako lehen aipamena Herediak 1791 urtean egin zuen “Tour de Cañón Roya edo Arrayet Alta” bezala izendatuz. Dokumentatutako lehen igoera ez zen edonorren eskutik iritsiko: Henry Russell handia. 1874 urtean, Cauterets-eko Camy eta Sallent-eko Santiagoren laguntzarekin Russell mendi honen gailurrera iritsi zen. Bigarren igoera ia 30 urte beranduago iritsiko zen Cadier anaien eskutik, 1903 urtean. Hiru urte beranduago Ludovic Gaurier apaiza eta bere hamabi urteko iloba izango ziren gailurra zapaltzen hirugarrenak.

Lehen eskalada mendizale handi baten eskutik iritsiko zen. 1925ko abuztuan, Jean Arlaud, H. Marceillac eta L. Mobbek Anayeten ekialdeko korridore nabarmena eskalatu zuen, orduz geroztik “Frantziarren korridore” bezala ezagutuko zena (300 m, D-, 75º, IV).

Anayeten ekialdeko horma bertikal eta ikusgarria. Jean Arlaudek lehen aldiz eskalatutako "Frantziarren korridoreak" hormak erdibitzen du.


50garren hamarkada arte ez ziren Anayeteko horma bertikalak eskalatuko, neurri handi batean Canfranc-era iristen zen trenari esker. 1955ko Urtarrilaren 29an Juan Jose Díaz eta Eduardo Vicente-k Las Negras puntako (Anayet faltsua bezala ere ezaguna) ipar korridorea ireki zuten (200 m, AD, IV). Urtebete beranduago, Díaz berriro ere, oraingo honetan Julian Vicenteren (“Nanín”) laguntzarekin, Anayeteko ipar horma “klasikoa” eskalatu zuten (400 m, AD/D, 50/55º, III/IV). Sokada hau berak 1957ko apirilean Anayeten ipar-ekialdeko gandorra (500 m, D, IV+) eta 1961ko otsailean “ipar klasikoa” negu giroan eskalatuko zuten. Hemendik aurrera piskanaka beste bide batzuk irekiko ziren: mendebaldeko ezproia (1974ko ekainak 9an, Javier Carnicero, Jesús García, Félix Santesteban, eta Manuel Serrano, 380 m, D+, IV+), ekialdeko aurpegia (1975ko uztailak 19an, Ursi Abajo eta Pierre Forn, 300 m, D), ipar hormako “Artaburu” bidea (1986ko martxoaren 30an, Joseba Colina eta Javier Ovejas, 400 m, MD-, 70º, V), ipar ekialdeko ipar korridorea (Angel Santamaría, Julio Armesto eta Antonio García, 300 m, D, 70º, IV+) eta ipar ekialdeko “Fin de siecle” bidea (1998ko otsailaren 13an, Rémi Thivel, 500 m, MD, 70º, V).

Harkaitz eskaladari dagokionez azkeneko urteotan Anayet berriro ere modan jarri da Sendero Límite taldekoen “Los balcones de Anayet” (350 m, D+, V+) eta Sueño Vertical taldekoen “Sueño de verano” (375 m, 6a – V behartua -) bideen eskutik.

Niri dagokidanez, anaiarekin 2016ko abenduan Anayet lehen aldiz igo nuen. Orduan Aconcaguara eramango genuen materiala frogatzearen aitzakiarekin Anayet aintziren ondoan kanpin-denda jarri eta bertan bi egun egin genituen. Orduz geroztik, nahiz eta gogotsu egon, itzuli gabe nengoen.

IBILBIDEA

Ibilbidea Formigal eski-estazioko Anayet aparkalekuan (1.735 metro) hasi genuen. GR-11 ibilbidea jarraituz, Culivillas sakana igo eta Anayet aintziretara iritsi ginen, aintzirak zeharkatu eta Frantziarren korridorera zuzenduz.

Frantziarren korridorearen azpiko harkaitz batzuen artean elurretako erraketak eta eskiak utzi, Korridorearen 300 metroak eskalatu eta Anayet mendiaren ipar hormara pasatu ginen, gailurrera arteko azken 150 metroak eskalatzeko.

Jaitsiera Anayet mendira doan ohiko bidea jarraituz egin genuen elurretako erraketa eta eskiak utzitako harkaitzetara itzuliz. Hemendik behera igoerako ibilbide bera jarraitu genuen.

Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz igoerako bidea, urdinez aldiz, jaitsierakoa.


Korridorearen krokisa zehatzago. R1 mailoidun parabolta dagoen lekuan kokatu dut. Hemendik gora, 40-50 metro ingurura eskuin horman beste parabolt bat topatu genuen.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Ibilbidearen luzera: 10 kilometro eskas.
- Korridorearen luzera: 300 m.
- Nork irekia: Jean Arlaud, H. Marceillac eta L. Mobbe 1925eko abuztuan.
- Punturik baxuena: Formigal eski-estazioko Anayet aparkalekua, 1.735 metro.
- Punturik altuena: Anayet, 2.559 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 825 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Inguruko herrietako iturrietatik aparte, Culivillas sakanean gora doan bidea errekatxo baten ondotik doa.
- Zailtasuna: D-, 75º, IV. Zailtasun osoa korridorean dagoen 8-10 metro inguru eta IVko zailtasuneko irtengunea eskalatzean datza. Irtengune honetaz aparte, korridoreak 55 gradu inguruan mantentzen da. Hala ere, maldaren inklinazioa korridorearen irteeran sor daiteken erlaitzaren baitan dago, hainbat deskribapenetan irteera 65 graduetara iristen dela irakurri daiteke eta. Gailurrera iristeko ipar horman eskalatzen den zatian, elur-maila eta honen egoeraren arabera noski, M2-M3 zailtasuneko zati mistoak eskalatu beharko ditugu. Jaitsieran, hasieran 40-45 gradu inguruko malda bat jaitsiko dugu (normalean arrasto onarekin harrapatuko duguna) eta, amildegiaren gainetik, 45 gradu inguruko malda baten gainean zeharkaldi horizontal bat egin beharko dugu kateekin aseguratutako pasabidera iristeko. Anayet eta Vertice de Anayet mendien arteko lepora iritsi aurretik 8-10 metro eta II zailtasuneko hormatxo tente bat ere eskuak erabiliz jaitsi beharko dugu.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, hiru iltze, hiru izotz-torloju, bi elur-hesola, dozena erdi bat express-zinta eta zinta-uztai batzuk.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Sei ordu eta laurden pasatxo, atseden eta hamaiketarako uneak ere zenbatuz.

Bidea “wikiloc” web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

17:30etan Asierrek jaso ninduen. Arratseko eguzkiak Txindokiri okre kolorea ematen zion, argazki zahar baten itsura emanez. “Oaindio kanaletan elurre dau, eh?” esan zidan Aizkorriko kanalak Idiazabal parean ikusi genituenean. Berandu iritsi bada ere elurra oraindik ipar hormara itsatsia ikusteak poztu ninduen.

Bidaia ongi zihoan Esa urtegiaren parera iritsi arte. Bat-batean, ezerezetik sortua bezala, amaigabea zirudien kotxe-ilara baten erdian galduak ginen: “hok eskiatzea dijoztenak die” esan zidan Asierrek, “jun dan asten ere izugarrizko karabana zeon”. Argi gorri eta horidun suge erraldoiaren sabeletik ezin ateraz, amore emanda Jakara uste eta nahi baino askoz beranduago iritsi ginen.

A zer nolako ezusteko atsegina Anayet aparkalekura doan hesia irekita ikusi genuenean!!! Edozein momentuan aparkalekutik botako gintuztenaren beldurrez ahal izan genuen lekurik aldenduenean furgoneta gelditu eta, Escarrillan erositako ogitarteko goxoak bizi-bizi jan ondoren, gaueko hamaikak pasatxoan lo gine-zakuetara sartu ginen. Tartean, motxila hustu behar izan nuen bidaian “Camelbag”-a ireki eta blai eginda zegoelako: “kaka zarraaaa!!!”

Gauaren erdian izerditan blai esnatu nintzen. Bi egun neramatzan eztarriko min puntu batekin eta tripetatik ongi sentitzen ez nintzela. Furgonetaren barruan bero handirik ez zegoen eta isilean zerbait inkubatzen ari ez ote nuenaren susmoa piztu zitzaidan. Zakuaren kremailera erabat ireki eta jaikitzerako arropa lehorra izango nuenaren itxaropenean lo egiten saiatu nintzen.

Goizeko lauak eta erdiak nahi baino lehenago iritsi ziren. Gutxienez arropa lehorra nuen, baita motxila ere!!! Alferkeriaz zakutik atera, alpinistaz mozorrotu eta gosaltzeko utzi genuen ogitartekoa partekatzen genuen bitartean gauak eragindako egarria apaltzen saiatu nintzen. “Kriston egualdie dau” esan zidan Asierrek furgonetatik irten zenean. Termometroak gradu bakarra markatzen zuen eta zerua milioika izarrez jantzia zegoen, harribitxiak orlatutako tela baten moduan. Traste guztiak motxilan sartu ondoren pultsometroa martxan jarri eta furgoneta utzi genuen. Eski-pistara iritsi ginenean, elurretako erraketak eta eskiak jantzi eta goizeko bostak eta laurdenean, poliki-polik eski-pistan gora hasi ginen Culivillas sakanaren eztarri ilunean sartuz.

Irteteko prest.


Mundu osoa kopeta-argiek argitutako metroetara mugatzen zen, handik kanpora gelditutako guztia gau ilunean galduta geldituz. “Bufff!! Elurre eztau oso gogorra” esan nion Asierri eski-pistatik atera ginenean. Elurretako erraketak elurretan espero baino gehiago sartzen ziren arrasto nabarmen bat utziz. “Hala da” erantzun zidan, “igual gorago hobe topauko deu baña hola badau…”. “Bueno, hola badau bide normaletio igo ta gutxiñez zeoze ingodeu” erantzun nion.

Metroak irabaztearekin batera arropa ere kentzen joan ginen, iragarritako tenperatura alderantzikatzearen seinale. Haizeagatik babestua, Culivillas sakanean gure pausuak bakarrik entzuten ziren, gelditzen ginen bakoitzean erabateko isilpean geldituz.

Gauean pasatako izerdiak ahaztuta gorputzean nituen sentsazioak onak ziren baita indartsu sentitu ere. Hauspoa ongi berotu zigun malda baten ondoren Anayet zelaiaren aurreko lepora iritsi ginen. “Ostia, malda, eh?” bota nion Asierri. “Bai, neire arnasketa handitu zait, jeje”.

Gauaren iluntasunean murgilduta izan arren Anayeten siluetak zerua mozten zuen izarren artean nabarmenduz. Ikusmira honekin liluratuta, zelaia atzean utzi eta Anayet aintzirak zeharkatuz ekialdeko hormara hurbildu ginen.

Anayet aintziretara zuzentzen. Argi faltagatik argazkia mugitua atera zen.


“Ze ona, aurretio inor ez daukeu” esan zidan Asierrek hormari begira. Korridorearen deiekzio-konoaren ezkerreko harkaitz handi batzuetara zuzendu ginen, elurretako erraketak eta eskiak gordeta uzteko leku baten bila. Trasteak harkaitz handi baten azpian gorde ondoren, motxiletatik eskaladarako materiala atera eta prestaketa lanetan hasi ginen. Barratxo bat azkar-azkar jaten ari ginela Anayet aintziren gainetik bi argi hurbiltzen zirela ikusi genuen. “Atzetio beste kordada bat dator”, esan zidan Asierrek.

Kranpoiak botetara estutu, pioletak eskuetan hartu eta, atzetik zetorren sokada gure parera iristear zegoela, zazpirak eta laurden pasatxoan martxan jarri ginen. Egunsentiaren miraria martxan zen dagoeneko. Eguzkia atera gabe zegoen arren, izarrak banaka-banaka itzaltzearekin batera mendien gandorretan zerua argitzen hasita zegoen, zerua urdin koloreko mila tonuz zipriztinduz.

Egunsentiaren miraria.


Deiekzio-konora arteko zeharkaldian kranpoien “krak-krak” bereziak elurraren egoera ona baieztatu zigun. Deiekzio-konoaren erdira iritsi ginenean 45 gradu inguruko maldan gora hasi ginen, bezperan pasatako eskalatzaileek utzitako arrasto arin eta erdi ezabatuak jarraituz. Korridorea igotzen hasi eta gutxira, irekitzen hasitako errimaia zailtasunik gabe pasatu genuen.

Korridorearen lehen metroetan.


Errimaiatik gora maldak puntu bat gora egin (50-55 gradu inguru) eta korridoreak eskuin aldera eraman gintuen, harkaitz batzuetara zuzenduz. Oraindik ez genekien baina elurra gutxi dagoenean puntu honetan M2,II zailtasuneko eskalada bat egin behar izaten da. Harkaitzen arteko elur mingain estuak aprobetxatuz arazorik gabe gora jarraitu genuen. “Bolak notatzeiela, eh?” esan nion Asierri hanketako bikiak igurtziz. “Elurre gogorra dau ta notatzea bai” erantzun zidan.

Asier harkaitzen artetik pasatuz.


Harkaitzen arteko pasabidea atzean utzita korridoreak zertxobait ezkerrera egiten du. Bat-batean, abisurik gabe, biki eta izterretan nekea, hauspoa berotu eta bihotza abiadura batean hasi zen. Argazki bat egitearen aitzakiarekin atseden motz bat hartu nuen. “Ez gea ba azkarregi igotzen aittuko?” pentsatu nuen. Abiadurari martxa bat jaitsi eta motelago jarraitu nuen arnasketa eta bihotz taupadak jaisteko helburuaz.

Korridorean baino gorputzak bidaltzen zizkidan seinaleetan arreta gehiago jarria nuela, bidea harkaitz irtengune batek moztu zigun. Gure kalkuluen arabera korridorearen zati txiki bat eskalatua genuen eta IV zailtasuneko irtengunea askoz gorago zegoela argi genuen. “Igual beste batzuk esaten duten segundoko resaltea izangoa” esan nion Asierri, “eztezu uste hau sokaik gabe errex eskalauko deunik?”. “Zuk ikusi” erantzun zidan, “baina mistok azpitio gero dienak baño errexagok emateue” . “Segundo bada errex pasako gea” erantzun nion.

Korridorearen irtengune famatua. Argazkian mailoidun parabolta jarritako lekua borobil gorri batean ikusi daiteke. Irtengunearen azpian, eskuin horman iltze bat ere sartuta dago. 


Irtengunearen oinera iristen.


Asier irtengunearen oinean gelditzen zen bitartean, eskuinean zegoen izotzezko ur-jauzi txikia eskalatzeko aukera baztertu eta ezkerrera zeharkaldi bat egin nuen 3-4 metro eta izotzez estalitako III zailtasuneko irtengunea eskalatuz. Irtengune hau eskalatuta gainetik nuen horma bertikalaren azpian kokatu nintzen. “Hau segundo bada kristoneko heldulekuk izangoittu” esan nion Asierri. “Zuk nik baño hobe ikustezu” erantzun zidan, “bestela soka atera”. Irtengunearen ezkerreko hormatik zintzilikatutako elur plaka handitik eskalatzea baztertuta, eskuin oina luzatu, irtengunetik ateratzen den harkaitz baten adarrean jarri eta, ezker eskuarekin helduleku on bati eutsi ondoren, gorputza eskuinera kulunkatuz harkaitzaren adarraren gainean jarri nintzen. Adarraren gainean, hurrengo helduleku onaren bila kranpoiek urratutako horma arakatzen hasi nintzen.

Bat-batean nire gainetik 3 metro inguru eta zertxobait ezkerrean mailoidun parabolt bat ikusi nuen. “Zemuz ikustezu?” galdetu zidan Asierrek azpitik. “Hemen parabolt bat jarrita dau, ea bertaño ondo iristen naizen. Eskuin eskuarentzat topatu nuen helduleku on eta altu baten laguntzarekin ezker oina igo eta irtenguneari ia metro bat irabazi nion. “Hemen parabolta badau zerbaitegatio izangoa...” pentsatu nuen. Bitan pentsatu gabe zinta-uztai luze bat hartu, mosketoi batekin mailoitik pasatu eta, zinta ezker eskuarekin helduz, arnesetik gerriaren inguruan lotuta dudan sokaren muturreko mosketoia ere paraboltetik pasatu nuen arnesetik zintzilik geldituz. Arnasestuka izan arren, orain arte eskalada ez zitzaidan zaila iruditzen ari. Honegatik, altueragatik eta beso bakarretik zintzilik egoteagatik zela ondorioztatu nuen. 

Mailoidun paraboltera iristen.


“Okerrena paraboltetio gora ateatzea izan behar dela ustet” bota nion Asierri bilgunetik zintzilik. Gerriko soka paraboltetik atera gabe aurretik eskalatzeko nuena begiratu eta bilgunearen gaineko bi harkaitzen artean ezker pioleta ongi trabatzen zela ikusi nuen. Eskuinera begiratzen hasi eta Asier zegoen lekuraino luzatzen zen izotzezko ur-jauzi finaren gainean eskuin pioleta sendo sartzen zela egiaztatu ondoren, paraboltera lotzen zidan zilbor-hestea askatu eta, eskuinaldera zertxobait pasatuz, bilgunetik gorako 2-3 metroak kontu handiz eskalatu nituen irtengunetik ateraz.

Bilgunetik ateratzear.


“Soka ateatzeko modun ikustezu?” galdetu zidan Asierrek azpitik. “Limiten daula, buf, buf, esango nuke buf, buf” erantzun nion irtengunearen gainetik arnasestuka. Irtengunera iritsi aurreko sentsazioak berriro ere nituen, arnasketa topean eta bihotza abiadura batean, nahiz eta irtengunean asko ez estutu.

Irtengunetik metro batzuk gorago igo eta erlaitz txiki bat egin nuen Asierri itxaron eta izotz eta elurrik ez botatzeko. "Libreeee!!!" oihukatu nion. Minutu batzuen ondoren, Asierrek burua irtengunetik ateratzearekin batera, eguzkiak mendia zeharka argitzen hasi eta elurra urreztatzen hasi zen korridoreari kolore eder eta magikoa emanez.

Irtengunetik irtetzen.


Asierrek, nik bezala, ez zuen irtengunea erabat eroso eskalatu. “Soka atera beharra genuen” izan zen bertatik irtendakoan esan zidan lehen gauza. “Bai arrazoizu” erantzun nion gaiztakeri bat egina zuen haur txikiaren moduan, “aurretio junda hoi aurrikusi beharra neon, sentitzet”.

Konturatu gabe IV zaitasuneko irtengunea eskalatua genuen, baina hori oraindik ez genekien.

Irtengunearen eskuin aldera pasatzen.


Irtengunea eskalatu ondoren.


Irtengunetik gora egindako argazkia.


Gora begiratu eta korridoreak zeruraino zuzen-zuzen jarraitzen zuela ikusi genuen. “Ez al da ba hor goien bukauko?” galdetu nion Asierri. “Eztet uste” erantzun zidan, “oaindio kuartoko resaltea nunbaiten eskalau beharko deu”.

Asierren zain. Oraindik ez genekien baina goien ikusten dena korridorearen amaiera da.


Asierrek aurrea hartu eta eguzkiak argitzen hasitako elurrean metroak irabazten jarraitu zuen, bertatik arrastoa nabariagoa baitzen. Irtengunetik 40-50 metro ingurura eskuin horman zinta zahar bat zintzilik zuen bigarren parabolt bat topatu genuenean soka atera gabe eskalatu genuen irtengunea IV zailtasunekoa izan zela argi gelditu zitzaidan.

Zintadun parabolta.


Poliki igo arren Asier eta bion arteko tartea handituz zihoan. 10-15 metro igo eta arnasa hartzera gelditu beharra nuen. Bihotza ere ezin lasaitu nenbilen eta bularretik atera nahiko balu bezala egiten zituen taupadak, palpitazioen moduko sentsazio bat sentituz.

Asier korridorearen azken zatian.


Ni atzetik hala nola.


Korridorearen amaiera baino 20-25 metro beherago harkaitz batzuen artetik pasatu eta Asier zerura iritsi zenean “korredorea hemen bukatzea!!” oihukatu zuen nire lasaitasunerako. Ez nindoan ondo eta ez nekien gorputzari zer gertatzen ari zitzaion.

Harkaitzen arteko zatia pasa ondoren gora baino lurrera gehiago begiratzen.


Arnasestuari eta bihotz taupadei buelta emateko ere ez nintzen kapaz. Aurreko egunetako eztarriko min, tripetako sentsazio txar eta gaueko izerdiak burura etorri zitzaizkidan.

Amaierara iristen.


“Eztakit ze pasatzezaiten, buf, buf, buf, baña ez nijo bate ondo, buf, buf” esan nion Asierri. “Ez goaz oso azkar, ez?” erantzun zidan. “Hoi da preokupatzen nauen gauzetako bat, buf, buf, poliki junda hola eotea, buf, buf”. Korridoreari azken argazki batzuk egin eta ipar-mendebaldeko gandorrean egiten osatzen duen lepora iritsi nintzen.

Korridoreari azken argazkia egiten.


Hortxe azken argazkia.


Asier korridorearen irteeran.


A zer nolako ezusteko atsegina izan nuen parez-pare Midi D’Ossau ikusi nuenean!!! Argazki batzuk egin eta, ipar horman murgilduz, lepotik gora doan elur pala eskalatzen jarraitzea erabaki genuen: “poliki jun ta puntan atsedena hartuko deu”.

Midi D'Ossau Frantziarren korridorearen irteeratik.


Korridorearen irteeratik ipar horman zehar igotzen den lehen elur maldan.


30 metroetako igoeraren ondoren misto moduan eskalatzen hasi ginen harkaitzetara iritsi ginen.

Harkaitzen oinetik behera egindako argazkia.


M2-M3 zailtasuneko tarteak konbinatuz irtengune motz eta harkaitz ezberdinak eskalatuz jarraitu genuen oraindik eraldatutako elur hauts eta hauskorretik hala nola igotzen.

Mistoko zatietan.


Misto moduan eskalatutako zati teknikoaren amaieran.


Fisikoki lehertuta nindoan ahal nuen itotzen ari diren arrainean moduan ahora ireki eta ahalik eta oxigeno gehiena biriketan sartu nahian. 8-10 pausu ezin nituen eman gelditu gabe. Bihotzean palpitaziorik sentitzen ez nuen arren taupadak abiadura bizian zihoazela sentitzen nuen..

Arnasa hartu nahian.


Zatirik teknikoena atzean utzita, gailurrera arteko azken elur-pala amaigabea iruditu zitzaidan eta goraka begiratzen nuen bakoitzean gailurrari tarterik irabazten ez niola sentitzen nuen. Nekearengatik pioleta ere elurretan ez nuen fundamentuz sartzen eta elur bigunean behin baino gehiagotan irrist egiten nuen gainean neraman nekearen kalterako.

Elur-pala amaigabean...


“Gailurra hementxe dau!!” animatu ninduen Asierrek bost metro eskasera.

Gailurretik egindako argazkia. Nire aurpegiak dena esaten du.


Azken esfortzu baten ondoren Asierren ondora arnasestuka iristea lortu nuen. “Ze, buf, buf, ordu die, buf, buf?”. “Bederatzik hamar gutxi” erantzun zidan Asierrek. “Joer, orduterdin korridorea bentilau deu, buf, buf, buf” erantzun nion.

Gailurrean haize fin eta hotz batek hartu gintuen. Anayeten gailur perfektua izugarrizko ikusmirak inguratzen zuen, mendi guztien gainetik Midi D’Ossau nabarmenduz. “Igual hobe berago jun ta babesen zeoze jaten badeu, ez?” proposatu zidan Asierrek. “Bai, ze oain bakarrik hoztea falta deu, jejeje” erantzun nion, “gañea oain beraka hobe jungo naizela pentsatzet”.

Anayeteko gailurrean.


Argazki batzuk egin eta, nekearengatik gailurraz nahi adina gozatu gabe beherako bidea hartu genuen.

Asierrek egindako argazki artistikoa...


Gailurrean egondako une laburrean hauspoa eta bihotz taupadak moteldu arren, beherako bidean lehen pausuak ematen hasi nintzenean berriro ere gora egin eta izugarrizko nekea sentitzen hasi nintzen berriro ere. “Hau ez da normala, buf, buf, buf!!” kexatu nintzen “nei zeoze gertatzen ai zait, buf, buf”. Gailurretik behera doan 40-45 gradu inguruko elur pala kontu handiz jaitsi nuen, pausua eman aurretik oina leku seguru batean jarriko nuela ongi ziurtatuz, erorketa bat izanez gero gelditzeko kapaz izango ote nintzenaren zalantzak nituelako. Momentu batean Asierri atzetik soka batez lotzeko eskatzea burutik pasa zitzaidan baina ez nintzen ausartu.

Lehenengo malda jaitsi ondoren 45 gradu inguruko elur-palaren gainetik egiten den zeharkaldia kontu handiz egin eta kateekin aseguratutako pasagunera iritsi ginen.

Harkaitz-plaka inklinatuak verglass geruza batez estalia zegoen. Pioletak sorbaldatik zintzilikatu eta bi eskuekin kateari eusten nion bitartean, poliki-poliki jarraitu nuen oinak non jarri ongi begiratuz eta kranpoiek harkaitzaren kontra egiten zuten garrasien artean.

Kateekin aseguratutako zatia atzean utzi ondoren.


Gorputza baldar, astun eta ahul sentitzen nuen eta materiala utzi genuen harkaitzetara iritsi arte arreta osoa oinak non jarri eraman nuen. Anayeten arteko lepora iristeko eskuak erabiliz jaisten den II zailtasuneko irtengunean ere, izotza zegoenez, hormari begira jaitsi behar izan nuen, metroak nahi baino polikiago galduz.

Goiz ibiltzeak duen gauza onenetarikoa elurra biguntzen hasterako metro dezente galduak izaten direla da, eta oraingoan ere, nire lasaitasunerako, horrela izan zen. Eguzkipean izan arren lepotik beherako 40-45 gradu inguruko elur-malda nahiko ongi jaitsi nuen Asierren arrastoak automata baten moduan jarraituz. Ez dut imajinatu nahi zer izango zen elur biguna topatu izan bagenu!!!

Anayet mendien arteko lepotik behera.


Beherago...


Bederatziak eta erdi pasatxoan materiala utzitako harkaitzetara fisikoki oso nekatuta iritsi nintzen, mentalki lur jota. “Eztakit ze ostia pasatzean, gaixo nau, pajaran bat det, deshidratau naiz, altura…” bota nion haserre Asierri arnasketa nolabait lasaitzen hasi zenean, “eztakit, baña ez da normala”. “Pajaraik eztet uste” erantzun zidan, “nahiko lasai ibili gea ta”. “Hoixe da preokupatzen nauena ba, hain lasai ibilita hola eotea!!!”, kexatu nintzen beste behin ezpainen inguruan sortutako zarakarra mukizapiarekin kentzen nuen bitartean.

Elurretako erraketak eta eskiak utzitako lekuan izan ginen ordu erdi pasatxokoan bi barratxo jan eta ura erruz edateko aprobetxatu nuen. Eserita nengoenean arnasketa lasaia nuen baina zerbaitetarako jaikitzen nintzen bakoitzean arnasestuka hasten nintzen berriro ere.

Korridorea azpitik ikusita.


Elurretako erraketak jartzeak nahiko lan eman zidan eta bata eta bestearen artean atseden hartu behar izan nuen. “Gutxiñez oain eztittut igoerako palpitazio hoiek sentitzen, buf, buf buf” esan nion Asierri. “Oain lasai, materiala nei pasa ta nik jatxikoet” esan zidan. “Bai, zea!!!” erantzun nion. “Nik oain bakarrik zertxobait makurtu ta eskikin bakarrik jungo naiz” esan zidan “ia esfortzuik ingabe”. Ez nuen asko behar izan motxilatik soka eta eskaladako materiala atera eta Asierri emateko. Motxila berregin eta ezer uzten ez genuela egiaztatu ondoren beherako bidearekin hasi ginen.

Atzera begiratu gabe ezin jarraitu. Egun berean igoko zen hirugarren eta azken sokada korridorearen amaierara iristen ari da.


Martxan berriro ere, mantso ibili arren hauspoak bere horretan jarraitzen zuen. Anayet aintziretara iritsi aurretik atzera begiratu eta argazki batzuk egiteko gelditu ondoren, goizean etorri zen moduan, bat-batean arnasestu eta bihotz taupada azkarrek besterik gabe alde egin zuten.

Argazki honetatik aurrera gorputza piskanaka onera joan zen.


Asier zamatuta Anayet ikusgarria atzean duela.


Hemendik aurrera sentsazioak bestelakoak izan ziren ibilbideaz berriro ere gozatuz. Anayeten zelaian azken argazki bat egin ondoren Asierri “gero arte” esan eta eskiekin maldan behera desagertu zen. Formigal arteko bidea egiteko beharko nituen 50 minutuak Asierrek 20 minutu eskasean bete zituen.

Anayeti egindako azken argazkia.


Jaitsieran zur eta lur gelditu nintzen goraka zihoan mendizale pilarekin eta berriro ere neguan jendea zein berandu ibiltzen den burura etorri zitzaidan. Egiaren mesedean elurroldeen arriskua 1-2an kokatuta zegoela esan beharra daukat, baita mendizale guztiak elurretako erraketekin edota eskiekin zihoazela ere.

Anayet zelaiatik behera doan malda handiaren oinean. Goraka zihoan mendizale pila ikusi daiteke.


Leku beretik behera egindako argazkia. Malda argazkian ikusten den harkaitz handi horretan hasten da.


Ibilbideaz eta, batez ere, gorputzaren sentsazio onez berriro ere gozatuz metroak gustura galdu nituen, noizik eta behin argazkiren bat egiteko aprobetxatzeko. Culivillas sakanean sentitzen ari nintzen bakea piskanaka desagertuz joan zen Formigal eski-estaziora itzultzeko ematen nuen pausu bakoitzarekin.

Culivillas sakanaren irteeratik atzera egindako argazkia.


Formigal eski-estazioa begi bistan. Argazkiaren eskuinean Balaitus handia ikusi daiteke.


Hamaikak eta erdi pasatxoan berriro ere Formigaleko eski-estazioan nengoen.

Eski-estazioan berriro ere.


“¿Smithy?” entzun nuen aparkalekura nindoala. Gelditu eta ahotsa etorritako lekura begiratu nuen. “¿Eres Smithy, no?”. Eskiatzeko kasko eta betaurreko handi batzuen azpian ez nuen ezagutu nigatik galdetzen zuen eskiatzailea. “¡¡Soy Aramotz!!” esan zidan. Begiak parez pare ireki zitzaizkidan. “Hayvalaostia, Aramotz!!!!”. Nahiz eta pertsonalki ez ezagutu, Jesus Mariren abenturen berri aspalditik daukat, Josu semearekin Pirinioetako hiru milakoak igo eta mendiak.net web orrian partekatu izan dituelako. Hau gutxi ez bada, “mendietatik” blogean ere Lianazatarren abenturak jarraitzeko aukera dago. Hizketan aritu ginen denboran Josu mendiko gidaria dela eta bera mendiko eskiarekin hasita zegoela esan zidan, jaitsierak kontrolatzeko eski-pistetara etorriz: “para subir tresmiles en invierno”. Ez dut imajinatu nahi buruan zer darabilen, jejeje. Besarkada bat artistaaaaaa!!!!!

Furgonetara iritsi nintzenerako Asierrek jada dena jasoa zuen. Igoeran pasatakoaren ondoren, tripetako molestia txiki batetik aparte ez nuen besterik sentitzen. Arropa aldatu eta gainean genuen ur guztia edan ondoren, Formigaleko zalaparta atzean utziz etxerako bidea hartu genuen.

Frantziarren korridorea ederra iruditu zitzaigun arren, oso estetikoa eta IV zailtasuneko irtenguneak ukitu pikantea ematen diona. Bion iritziz eta pasatakoak pasatuta ere “motza” egin zitzaigun, Aizkorriko kanaletan gertatzen zaigun moduan. Halere, Asierrek esan zidan moduan, “holako bide klasikok eskalatu beharren dare”.

Egoera onean badago eta korridore hau eskalatzeko aukera baduzue ez bitan pentsatu, ez zarete damutuko eta!!!!




KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA

- Sendero Límite, Los balcones de Anayet. 2013ko irailak 29. Eskuragarri: http://senderolimite.blogspot.com/2013/09/los-balcones-del-anayet.html
- Sueño Vertical. Sueño de Verano (Anayet). 2016ko abuztuak 4, Eskuragarri: http://suenovertical.blogspot.com/2016/08/sueno-de-verano-anayet.html
- Wikiloc. Anayet. 2017ko irailak 9. Eskuragarri: https://es.wikipedia.org/wiki/Anayet
- Mendikat. Anayet. 2018ko urriak 11. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/1682
- Mousel F. Pirineos: ascensiones en mixto, nieve y hielo. 2º edizioa. Madrid. Ediciones Desnivel, 2000.
- Martínez Embid A. El pico del Anayet 2.454 m. La orgullosa aguja de una catedral volcánica. Desnivel revista de montaña, 2006; 235: 42-47.
- Hernández A. El Falso, el Pico y el Vértice. Guía práctica Anayet (2.545 m). Desnivel revista de montaña, 2006; 235: 48-54.
- Hernández A. Clásicas desconocidas del Pirineo Central y Occidental. Desnivel revista de montaña, 2011; 306: 10-11.


jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07