blogak

Smithyrenbloga

AKETEGI ERPINA, NARDAGAIZTOTIK: "PETIT ESKIROL" IRTEERA, M3, III+. (2017/12/24)

Aizkorriko kanalen txokoaren  sorketan lanean ari nintzela,  Aizkorriko sektore ezberdinetan irteera guztiak marraztu nituenean bi gauzetaz ohartu nintzen: alde batetik Aizkorrin eskalatutako irteerak uste baino gehiago zirela eta, bestetik, oraindik esploratu gabeko txoko asko zeudela.

Azaroaren amaieran, Aizkorriko 2017-2018 denboraldiari begira, Leku, Iker eta hiruok irteera berriak prestatzeko asmoz ordenagailuan esploratu gabeko lekuetako argazki ezberdinak aztertzen aritu ginen. Aketegi sektorean bi lekuk atentzioa deitu ziguten: Nardagaiztoren ezker adarrean eskalatu gabeko azken bariantea eta "Anaiena" irteeraren ezkerrean dagoen diagonal nabarmena: "joer, hain ebidentea izanda ezteu sekula diagonal hau eskalau?" galdetu zidaten. "Ba, ez", erantzun nien "ta kuriosoa da, horrea jun gean guztitan beti beste aukera batzuk eskalau ditteulako".

Esploratu gabeko bi puntu hauek ibilbide bakarrean lotu eta aurten "sin falta" eskalatuko genuela adostu genuen.

Abenduaren hasieran elurte handia bota bazuen ere, eguraldia dela eta ez genuen aukerarik izan Aizkorrira hurbiltzeko. Egunak pasa ahala Aralarrek elurra galduz joan arren, gure zorionerako Aizkorrik zuri jarraitu zuen.

Eguraldi txarreko hainbat egunen ondoren, gabon gau egunerako eguraldi ederra iragarrita zegoela ikusita, Leku, Asier eta hiruok Aizkorrira joateko plana egin genuen. Iker, gripeak jota, oraingoan etxean geldituko zen. Egun hauetan guztietan hodeiek Aizkorri izkutuan mantendu bazuten ere, bertan elurra oraindik topatuko genuenaren itxaropena genuen. Hala ere, gero ikusiko genuen moduan, gure itxaropena ez zen erabat bete.

IBILBIDEA

Kronikarekin jarraitu aurretik, esan "Petit Eskirol" izena guk asmatua dela, erreferentzi bezala izateko. Irteera honek izen propioa izan dezaken arren ez dugu inon topatu, honegatik argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

"Petit Eskirol" irteerara iristeko Nardagaizto eskalatuko dugu. Laugarren irtengunera iritsi aurretik Nardagaizto bitan banatzen da. Ezkerreko adarra jarraituz hiru bariante edo irteera posible ditugu. Lehen eta hirugarren barianteak "Bloke" eta "Txarantsa" irteerak eskalatzerakoan eskalatuak genituen hurrenez hurren. Oraingoan eskalatutako bariantea aurrekoen artekoa (bigarrena, alegia) da.

Nardagaiztotik kanpo, Aketegiren ipar hormaren azpiko anfiteatroan dagoen bloke karakteristikoaren ("Aguja zipaio" bezala ezagutzen duguna) pasagunea eskalatu eta hemendik gora zuzen jarraitu genuen Aizkorriko gandorra osatzen duen hormaren azpira iritsi arte. Horman, "Anaiena" irteeraren lehen metroak eskalatu eta ezkerrera doan diagonal nabarmena eskalatzen jarraitu genuen gandorrera iritsiz. Behin gandorrean, bertako ertzetik eta inongo zailtasunik gabe, Aketegi Erpinaren gailurrera iritsi ginen.

Gandorra jarraituz Aketegira igo eta honen iparreko faxa inklinatua zeharkatuz Nardasakonera iritsi ginen bertatik jaitsita abiapuntura itzultzeko.

IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 3 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Aketegi, 1.551 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 670 metro inguru.
- Igotako mendiak: 2.
- Ura: Itzubiagako iturrian ura hartu daiteke.
- Zailtasuna: M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, arnesa, bi piolet tekniko eta kranpoiak. Honez gain, nahiz eta gero ez erabili, 30 metroetako bi soka, auto babeserako materiala (friend eta fisureroak), express zintak eta bilguneak muntatzeko zintak ere eraman genituen.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: 3 ordu eta berrogei eta hamar minutu lasai joanda.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak, puntu zuriz hurbilketa, gorriz igoerako bidea eta urdinez jaitsierakoa.


Igoera beste ikuspuntu batetik.


DESKRIBAPENA

Nardagaiztoren ingurukoak hemen azalduta ditudanez, kanal honen inguruko azalpen zehatzak ematen ez naiz luzatuko.

Leku eta Asier goizeko zazpiretan jaso eta Zegamako bidea behe laino itxi batek harrapatuta hartu genuen. Tren geralekutik gora gindoazela izotzik ez zegoela ikusi genuen: "gaur izotzik etzeok" bota zuen Lekuk. Itzubiagako bordara iristear geundela, Aketegi eta Irauleren ipar hormaren iluntasunaren gainetik kanalen elurraren kolore zuria nabarmentzen hasi zen: "gutxiñez kanaletan elurre daula emateo" esan zuen Asierrek.

Itzubiagako bordatik gora oinez hasi ginenean hotzik ez zegoela argi zegoen, izan ere hiruetako inork ez genuen eskularrurik jantzi. Hotza egin ez arren, egunsenti ikusgarri bat gozatzeko aukera izan genuen.

Itzubiagatik gora, egunsentiaren lehen koloreak Goierri eta Aralarren.


"Honegatio bakarrik goiz jeikitzeak merezi du" esan nien pixkanaka gorrituz zihoan zeruari begira.

Beriain Sakanaren laino itsasoaren gainetik.


Sakana, Goierri moduan, behe laino itxi baten azpian zegoen eta Lizarrusti eta Etxegarate artean behe lainoak ur jauzi baten efektu ikusgarria egiten zuen: "azkenen bi lautadetako behe lainok elkartukoituk" esan zigun Lekuk.

Itzubiagatik ordu laurden eskasean Nardagaiztoren oinera iritsi ginen. Elur kantitate eskasa ikusita kanalaren erditik igo beharrean bere eskuin (igoeraren norabidean) ertzean dagoen pagaditik igotzen hasi ginen hormatxo batera iritsi ginen arte. Hasieran zalantzan izan ginen hormatxoa zuzen eskalatu edo hemendik kanalera pasatu, baina azkenean bertan pioletak atera, kaskoak jarri eta kanalean sartzea adostu genuen.

Nardagaiztoren erdira eramango gintuen elur konoaren oinean piolet eta kaskoak ateratzen.


Gogorra zegoen elur konoa igo ondoren kanalean sartu eta metroak pixkanaka irabazten joan ginen.

Nardagaizton gora.


Kanalean elur jausiek bildutako elurra bazegoen ere, kanaletik kanpo ez zegoen elurrik eta pausu bakoitzarekin goian elurrik topatuko genuen zalantza handituz joan zen.

Lehen irtengunearen oinera eguzkiaren lehen izpiekin iristen.


"Dena sekoa zeok!!" esan zigun Lekuk lehen irtengunearen oinetik. "Ea zeharkaldie zemuz zeoken" erantzun nion.

Leku Nardagaiztoren lehen irtengunea ezkerrean duela.


Lehen irtengunetik eskuinera egiten dugun zeharkaldi horizontala egin ondoren, irtengunearen saihesbidearen oinera iritsi ginen. Ez zuen elurrik eta lokatz, harri eta pagoen adarrak besterik ez zeuden: "kranpoiak jarrikoizkiau?" galdetu zuen Lekuk. "Nik eztizkiat jarri behar" esan zion Asierrek, "ezta nik ere" erantzun nion.

Lehen irtengunearen saihesbidearen lehen metroetan, urteak ziren hain lehorra topatzen ez genuela.


Saihesbidea kontu handiz eskalatu genuen, elurrik ez bazuen ere lokatza bigun eta irristakorra baitzegoen.

Saihesbidearen amaieran, lehenengo bi irtenguneen arteko erlaitzera iristen.


Saihesbidea eskalatu eta bigarren irtengunera hurbildu ginenean honen ezkerreko saihesbidetik eskalatzea proposatu nien: "erresaltea ta lokatza daun bezela oso irristakor eongo da" esan nien.

Boten zolei elurra kendu eta, ur pixka bat edan ondoren, bigarren saihesbidea eskalatu eta bigarren irtengunearen gainera iritsi ginen.

Bigarren irtengunearen saihesbidearen lehen metro bertikaleetan.


Bigarren irtengunearen gainetik gora egindako argazkia.


"Buffff!!! kanalak ze pinta txarra duen" esan nien. Hirugarren irtengunea lehen aldiz elurrik gabe eskalatu genuen. Oraingoan, irtengunearen erditik eskalatu beharrean, irtengunearen bigarren zatia eskuinetik eskalatu genuen.

Hirugarren irtengunearen lehen zatia eskalatzen.


Hemendik gora elurra gehiago topatu genuen, kanalaren erditik joanez gero gogor xamarra, kanaletik kanpo aldiz, biguna. Kranpoirik gabe jarraitzerik bazegoela ikusita ez genituen motxilatik atera ere egin.

Hirugarren irtengunetik gora, elurra oso gogor ez zegoela ikusi daiteke.


Laugarren irtengunera iritsi aurreko estugune batera iritsi ginenean "kontu hemen izotza zeok eta" esan zigun Lekuk. Asier arazorik gabe pasatu ondoren, estugunearen erdian nengoenean, oin batek irrist egin eta, poliki poliki estugunetik behera irrist eginez hasi nintzen "ehhhhhh!!!!" bat oihukatuz. Irristaldiak ez zuen asko iraun baina nahikoa izan zen eskularrurik gabeko behatzak izotzaren kontra urratzeko.

"Joer, gelditzen ez nintzela pentsauet" esan nien harriduraz begiratzen ninduten Leku eta Asierri. "Minik hartuzu?" galdetu zidan Asierrek. "Ez, baña eskuk odolez betetaittut" erantzun nion. Hala nola odolez zikindutako esku eta pioletak elurrarekin garbitu (alperrikako lana, odol isuria ez baitzen gelditzen) eta gora jarraitu genuen: "odola koagulatzen denen geldittukoa" esan nien.

Laugarren irtengunetik 30 metro ingurura geundela argazki bat egin eta Nardagaiztotik ezkerrera doan adarra jarraitzen hasi ginen.

Laugarren irtengunea elurrik gabe. Argazkia egina dagoen lekutik ezkerrera hartu genuen.


"Hemendio gora pelauta zeok" bota zigun Lekuk aurretik genuena ikusi ondoren.

Nardagaiztoren ezkerreko adarraren lehen metroetan.


Elurrik ez zegoela ikusita, nahiz eta malda tentetu, kranpoirik ez ateratzea erabaki genuen, belarrean gora erraz igoko ginelakoan. Malda pixkanaka tentetuz joan zen 50º ingurura iritsiz.

Lehen metroak tenteak dira eta metro gutxietan Nardagaizto behean gelditzen da.


Pioletei eskerrak zailtasunik gabe igo genituen lehen metro tenteen ondoren, "Bloke" irteera eskalatu genueneko bariantearen azpira iritsi ginen: "ezkerrago jun beharren gare, gaurko bariantea bigarrena da" esan nien. Lehenengo bariantea utzi eta ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez hasi ginen.

Lehen metro tenteen ondoren ezkerrera egin genuen ageriko zeharkaldian. Puntu urdinez, "Bloke" irteera eskalatu genueneko bariantea.


"Igual hemen kranpoiak jarri izan bagenitu hobe ibiliko ginen" esan zidan Asierrek. Zeharkaldia 50º inguruko malda batean egiten denez, oinetan baino pioletetan konfidantza gehiago jarriz egin genuen, pioletak lurrean sendo sartzen genituelako. Zeharkaldiaren amaieran hatz baten itsurako orratz berezi batera iritsi ginen.

Zeharkaldiaren amaieran dagoen hatz itsurako orratz berezia.


"Oain hemendio gora, ez?" galdetu zidan Lekuk. "Hoixe" erantzun nion. Ezkerrean "Txarantsa" eskalatu genueneko bariantea utzi eta gainean genuen tximinia nabarmena erreferentzi bezala hartuz, zuzen jarraitu genuen.

Bariantearen lehen metroetan, argazkian tximinia nabarmena ikusi daiteke.


Asier eta biok atzetik, orratz berezia metro gutxietan azpian gelditzen da, malda handia dagoenaren seinale.


Bariantea 50º inguruko malda igotzea besterik ez da, tarte motz batzuetan beharbada gehiago. Orratza gure ezkerrean gelditutakoan pixkanaka ezkerrera jotzen du. Metro batzuen ondoren bariantea bitan banatu eta bi leku ezberdinetatik irteteko aukera ematen du. Lekuk ezkerreko adarra jarraitu zuen amaieran dagoen irtengune estuaren bila.

Leku bariantearen irtengune estua eskalatzen.


Asier eta biok bariantearen eskuineko adarra igo hala ez pentsatzen aritu baginen ere, zailtasun aldetik bestearen antzerakoa zela ikusita azkenean Lekuren pausuak jarraitu genituen.

Argazki honetan bariantearen bi irteerak ikusi daitezke: gorriz guk jarraitutakoa.


Bariantearen irtengune estura hurbiltzen.


Irtenguneak 2-3 metro eskas izango ditu eta bertikal samarra bada ere, pioletak sendo sartzeko aukera ederrak ditu, baita oinentzat kokalekuak ere.

Irtengune estutik ateratzen.


Irtengune estua eskalatuta, inongo zailtasunik gabe bariantetik atera ginen.

Bariantearen azken metroetan.


Bariantetik ateratzen.


"Bueno, dauneko adar honen bariante guztik eskalauta" esan nien. "Bai" erantzun zidan Lekuk, "oain beste batzun bila hasi beharkoiau". Ondoan genituen haitzerara igo eta geunden lekura iristeko beste aukera batzuk aztertzeari ekin genion, beste aukera interesgarri bat topatuz: "hortio elur gehio daunen igo beharko deu" esan zuen Asierrek arrazoi osoz.

Ur pixka bat edateko atseden motza hartu ondoren zuzen jarraitu genuen. Pena handia sentitu genuen Aketegi azpiko anfiteatro osoa elurrik gabe topatu izana, baita behin baino gehiagotan elurrarekin eskalatu dugun "bloke karakteristikoaren" (guk "aguja zipaio" bezala ezagutzen duguna) eskuineko irtengune estua ere. Izan ere "aguja zipaio"-ren irtengunea ez genuen erditik eskalatu, bertan trabatuta dagoen harkaitz bloketxoak ez zigulako utzi. Oraingoan metro batzuk eskuinagotik eskalatu genuen.

"Aguja zipaio"-ra hurbiltzen eta honen eskuinetik egindako eskaladatxoa.


Elurra apenas zapaldu gabe gandorraren azpiko hormaren oinera iritsi ginen. "Eztakit sekula hain goraño kranpoirik jarri gabe iritsi naizenik" esan nien.

Eskuinera begiratu eta "Eskirol" zati handi batean elurrik gabe zegoela ikusi genuen: "ea irteera zemuz daun" bota nien, "bestela eskubira zeharkaldie egin ta Aketegira zuzen jarraitzeik daukeu". "Ez da aukera txarra" erantzun zuen Asierrek, "ze beste irteerak elurrik gabe zailek eongoie".

Hormaren azpian zer egin pentsatuz.


"Beitzea nijo ea irteera zemuz daun" esan zigun Asierrek. Eskuinera diagonalean 15-20 metro inguruko zeharkaldia egin eta "elurre bakarrik hasieran dau" esan zigun. "Goiko partea nolakoa da?" galdetu nion. "Belarra dau" erantzun zidan, "kranpoikin igotzeko modun?" galdetu nion, "nik baietz esango nuke" Asierrek.

Lekuri begiratu eta behin honaino iritsita saiakeratxo bat egiterik genuela proposatu nion. "Elurre txarra edo irteera kabroia badek jatxi ta Aketegitio ateako gaittuk". Hirurak saiakeraren alde, geunden lekuan kranpoiak jantzi eta goraka hasi ginen.

"Petit Eskirol" irteeraren lehen metroetan.


"Elurre behintzet gogor gogorra dau" esan nien lehen metroen ondoren. Lehen metro hauek nahiz eta tenteak izan (50-55º inguru) elurraren kalitateagatik uste baino errazago eskalatu nituen.

Leku adi-adi begira.


Elurra gogorra egoteak animatu ninduen eta metroak pixkanaka irabazten joan nintzen.

Metroak pixkanaka irabazten.


Elurrraren amaierara iristen nintzen heinean, nahiz eta gogorra egon, azpitik huts zegoenaren hotsa nabarituz joan zen: "holakotan elur plaka osoa hautsi ta goitio behera eroitzea izatea bildurre emateiana" esan nien.

Elurraren amaieran.


Piolet eta kranpoiak elurrean kontu handiz saartuz, elurraren amaierara iristearekin batera irteeraren zatirik bertikalenera (60º inguru) iritsi nintzen: "bazpare hemen etxoin ta goien naunen abixaukoiat" esan nion Lekuri.

Irteeraren zatirik bertikalenean, Leku nire zain.


Pioletekin batera eta bestera jo eta belarraren azpian lokatza zegoen zati bat topatzea lortu nuen. Pioletak sendo sartu eta gorputza altxatzearekin batera elurra azpian utzi nuen.

Zati bertikaletik ateratzen.


Belar eta lokatzatik trakzionatuz, zati bertikal honen 5-6 metroak kontu handiz eskalatu eta erlaitz txiki batera iritsi nintzenean: "libre Leku, nahi dekenen!!!" oihukatu nion.

Zati bertikala goitik ikusita, Leku elurra amaitzen zen lekuan,Asier aldiz, irteeraren oinera hurbiltzen.


Kontu ibili beharreko lekuetan kontu izanez, Lekuk metro bertikalak zailtasunik gabe eskalatu zituen.

Leku egurrean.


Zati bertikaletik ateratzen, atzean Asier ikusi daiteke.


"Earraaaa!!!! pena elurrik gabe egotea" esan zidan erlaitz txikira iritsi zenean. Denbora asko galdu gabe Lekuk goraka jarraitu eta ni Asierren zain gelditu nintzen.

Irteeraren azken zatian.


Asier zailtasunak amaituta, atzean nire itzala.


Zati bertikala amaituta, nahiz eta maldak 50-55º inguruan mantendu, kranpoiak lurrean ongi sartzen zirenez, gandorrera atera arteko metroak zailtasunik gabe eskalatu genituen. Elur gogorreko mingain batetik azken metroak igo ondoren gandorrera iritsi ginen.

Irteeraren amaieran, Aizkorriko gandorrean.


Irteeraren azken metroetan.


Gandorrean hego haize gogor eta fin batek agurtu gintuen: "Irteera politte, ez?" galdetu nien, "Eskirolen estilokoa". "Bai, baña hau Eskirol baño zailagoaek" esan zidan Lekuk, "nahizta itsura iguala izan". Trago bat ur edan eta kranpoiak motxilatik zintzilikatzeko aprobetxatu genuen.

Aketegi Erpinera hurbiltzen ari ginela irteera honi zein izen eman pentsatzen aritu ginen. Hasiera batean, nire hatzei erreferentzia eginez, "hemorragia" izenarekin bueltaka aritu arren, azkenean Lekuk, "Eskirol" irteerarekin duen antzekotasuna kontutan izanda, "Petit Eskirol" izena ematea proposatu zuen: "Eskirolen antzekoa baña txikigoa badek, Petit Eskirol eztek txarra" bota zigun. Denon onespenarekin "Petit Eskirol" bezala izendatuko genuela adostu genuen.

Aketegi Erpinera beste mendizale batzuekin batera iritsi ginen. Beraiekin solasaldi motza izan eta argazki bat egiteko eskatu ondoren, bakoitzak bere bidearekin jarraitu genuen, beraiek Aizkorriko gurutzera eta gu Aketegira.

Aketegi Erpinean zoriontsu.


Aketegira iritsi, buzoiari argazkia egin eta, honen iparrean dagoen faxa inklinatua zeharkatuz, Nardasakonera iritsi ginen. Atentzio handia deitu zigun Nardasakonen topatu genuen elur gogor eta jarraituak. Kranpoiak berriro ere jarri hala ez zalantzan izan ginen eta tarte motz batean, elurraren gogortasuna zela eta, kontu handiz ere ibili behar izan genuen. Izan ere kanal nagusien artean elurrak gehien irauten duena Nardasakon izaten da, baina Nardagaizton topatu genuena kontutan izanda ez genuen horrenbesteko alderik espero.

"Joer ustet sekula ez ditudala kranpoiak hain gutxi erabili" esan nien kotxera iristear geundela. "Nire ez pentsa" erantzun zidan Asierrek, "gañea ez ditteu guanteik jarri ere egin". Jaitsieran, garaian garaikoa, Eguberrien inguruan aritu ginen, haurrak kantari atera behar zirela, senitartekoen bazkari eta afariak...

Kotxera eguerdiko hamabiak aldera iritsi ginen, kotxea utzi eta ia lau orduetara, nahiz eta elurrez eskasa izan, irteera berri bat deskubritu genuen sentsazio onarekin: "hurrengo elurten ikusi diaun bariante berrie eskalatuz beize hemendio ateako gaittuk" esan zigun Lekuk, "hola egoera onen zemuzkoa deken ikusikoiau". Ea hurrengo elurtea goiz iritsi eta Lekuren hitza betetzen dugun, jejeje.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07