blogak

Smithyrenbloga

AKETEGI ERPINA: "AKERTEGI" BIDEA, 160 m, M5. 2023-02-04.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Materialak eboluzionatu du, zailtasunak eboluzionatu du, alpinisten prestaketa-mailak eta teknikak ere eboluzionatu du, baita hormak, orratzak eta zailtasunak ikusi eta baloratzeko modua ere. Alpinismoaren konstante bat eboluzioa izan da eta honen ondorioz ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtu izan da urteetan zehar. Eboluzio honen adibide Mikel Saez de Urabain alpinista eta eskalatzaile ordiziarra da. Mikelek aire berri bat eman dio Larrunarriko neguko eskalada eta eskalada mistoari eta inork uste ez zuen lekuetatik igotzeko trebetasuna izan du, baita udan eskalatzen diren eskalada-bideak negu giroan eskalatzekok trebetasuna ere. Hau gutxi ez bada, Mikelek Larrunarrin eskalatutako bide hauen guztien azalpen eta zehaztasunak "non-stop eskalada" blog gomendagarrian ematen du.

Denbora kontua zen Larrunarrin emandako eboluzioa Aizkorrira iristea. Eta eboluzio hau Joseba Iztueta, Unai Cobos, Ioseba Eskudero eta Mikel Mongelos alpinista eta eskalatzaile goierritar gazteen eskutik iritsi da. Inor haserretu aurretik esan beharra dago Aizkorrin urteak direla zailtasuneko bideak eskalatu direla, honen testigu leku malkartsuetan topatu daitezken iltze zahar edo denborak gastatutako zinta-uztaiak. Baina laukote honek, estilo garbi bat erabiliz gainera, zailtasun maila koska bat igotzen ari da, Aizkorriko neguko eskalada maila berri batera eramanez. Noraino igotzen jarraituko dute zailtasun maila hau? Nork daki, baina Aizkorriko kanalen eskaladaren garapenaren muturrean momentu honetan beraiek daudela esatera ausartzen naiz.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 160 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Unai Cobos eta Mikel Mongelosek, 2023ko otsailaren 4an.
- Zailtasuna: M5. Luzez-luze: 1ºL: M4+ (80 m), 2ºL: M5 (50 m) eta 3ºL: M4 (30 m).
- Orientazioa: iparraldea.
- Ura: Zegaman eta Itzubiagako iturrian (Zegamako tren geralekutik igotzen bada) hartu daiteke.
- Hurbilketa: Aketegi sektoreko kanaletara iristeko bidetik (Zegama - Aizkorri maratoiaren kilometro bertikaletik doana) edo Iraule - Arbelaitz sektorera iristeko bidetik. Hemen duzue hurbilketarako bi bide hauek ikusi eta deskargatzeko aukera.
- Jaitsiera: Aukera ezberdinak daude, baina erraz, azkar eta erosoena Nardasakon kanalera hurbiltzea da bertatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 10-12 express zinta, 2 Totem sorta, artaka-trabagailu sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokisa.

DESKRIBAPENA

Otsailaren 8an Unaien mezu bat jaso nuen. Bertan, Mikel Mongelosekin Aketegin irekitako bide baten berri ematen zidan, "Akertegi" izena eman ziotena. Beti pentsatu izan dut polita izan zitekeela blogeko "Aizkorriko kanalen txokoa" Aizkorrin negu giroan egiten diren eskaladen datu base bat izatea, honegatik ilusio handia egin zidan beraiek eskalatutako bidea blogean partekatzeko proposamena luzatu eta baiezkoa erantzun zidanean: "Hala nahiko bazenu, argazkiren bat gehiago eta igoeraren azalpen bat (kontaketa labur bat) bidaltzen badidazu primeran, modu honetan zuk bidalitako testu eta argazkiak nik ezer ukitu gabe publikatuko nituzke eta kronika ez da krokis soil batean geratuko". Egun berean Unaik testu labur bat eta kronika honetan agerten diren argazkiak bidali zizkidan. Hona hemen berak eta Mikelek bizitako abenturaren azalpena.


Akertegi, 160 m, M5.

Mikel (lagun Ordiziar bat) eta bion asmoa, "MAT" irteera eta "Aketegibekoaren ezker kanalaren" artean azaltzen den "kanal" estua behetik goraino egitea zen. Baina nahastu egin ginen eta azkenean zuek egindako "Oublié" kanalaren hasierako zatia egiten amaitu genuen, bizpahiru erresalte oso polittak dituena, batez ere bigarrena.

Kronika bat baino, luzeen azalpen txiki bat eta argazkiren bat bidaliko dizut. Ez genuke abentura akatu nahi! Jejeje. Bidea Aizkorriko krokis orokorrean azaltzearekin pozik gaude, jendeak errepika dezan, merezi du eta, 2.luzeak batez ere.

- Lehenengo luzea, 80 metro, M4+: Diedroa ezkerrean utzita arbola bilatu eta honen ezkerretik atera. Bi erresalte errexen ondoren zirku moduko batean azaltzen zara.

- Bigarren luzea, 50 metro, M5: Eskubiko kanal nabarmena hartu eta orratz nagusiaren ezker tximinia bilatu. Goulotte fin bat da, tetxu moduko bat gainditu ondoren. Kordino bat utzi dugu tetxuko pausoa babesteko.

Hirugarren luzea, 30 metro, M4: Pareko diedroa hartu beharrean ezkerrera jo elurretatik. Bilera tontorren.


Unaik "mehatxu egin" dit bide gehiago irekitzeko asmota dutela esanez, beraz baliteke etorkizun labur batean lau alpinista gazte eta indartsu hauen berri gehiago izatea. Bejondeiela!!!!

Eskalada honen inguruak Unaik bidalitako argazkiak.
.

.

.

.

.

.

.


jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07