blogak

Smithyrenbloga

AIZKORRIKO GURUTZEA SAKONAUNDITIK: "COULOIR" IRTEERA, PD. 2018/02/25

Non dago kanal baten hasiera? Kanalak jarraitzen duen mendiaren sakanaren hasieran? Kanala basoarekin bat egiten duen lekuan? Edo kanalaren elurrak utzitako ura amaitzen den lekuan? Galdera hauek behin baino gehiagotan egin izan ditugu eta eztabaidarako gai ere izan dira. Eztabaida  hauek Ikerrek irribarre batekin segituan amaitzen ditu: “kanala osoik eskalau nahi bada Oria ibaian hasi beharkoa, ezta? Edo purista izan ezkeo, Orion bertan, jejeje”. Azalpen geologikoa izango duen arren, ezagutu arte eztabaidarako gai izaten jarraituko duelakoan nago, jejeje.

Azkenaldi honetan, Aizkorri/Aitxuri sektorea begiak jota dugu, Sakonaundi batez ere. Larunbateko irteera itzelak arima eta animoa gorenean utzi arren, hankak nekatu xamar utzi zizkigun, honegatik, eskaladarako material beharrik gabeko irteera “originalen” batean pentsatzen hasi ginen, arin mugitzeko aukera emango ziguna.

“Eta Sakonaundi azpi azpitio hartu eta Couloirretio ateatzen bagea?” proposatu nion Ikerri larunbata arratsaldean., “zuk gañea Couloir eskalau gabe daukezu”. “Azpitio, nundio?” erantzun zidan irribarre maltzur batekin, “Zegamatio edo Oriotio? Jejeje”.

IBILBIDEA

Ibilbidea Zegamako Hiruetxeta auzoko Buenabista baserrian hasi genuen. Iralarrainardea kanalera doan ohiko bidea jarraitu (beherago irakurri daiteke bide honen azalpen zehatza) eta, Iralarrain gurutzeko zelaigunera iritsi gabe, Sakonaundiren azpian mendiak egiten duen sakan edo ibarrrean gora zuzen hasi ginen Sakonaundira iritsiz.

Behin Sakonaundin, kanala amaieran duen hormaren oinera arte zuzen-zuzen igo genuen. “Couloir” irteeraren sarrera hormaren oinetik ezkerrera diagonalean hasten da.

“Couloir” irteerak galtzeko arriskurik ez dauka bi hormen artean mehartuta doalako. Oraingoan, elurra gogor-gogorra eta 60 gradu inguruko hiru irtengune motz topatu genituen, 55 gradu inguruan mantentzen den kanal mehartu tenteari ukitu alpinoa emanez.

“Coluoir”-en irteeratik Aizkorriko Gurutzera zuzendu ginen, azken metroak honen ipar horma zeharkatuz eginez.

Jaitsiera Sakonaundiren ohiko bidetik egin genuen.

Ibilbidearen nondik norakoak, "Couloir" irteera ezkutuan gelditzen da (puntu gorrien zatian). Urdinez, jaitsierako bidea.


"Couloir" irteeraren krokisa zehatzago, puntu gorriz ezkutuan gelditzen den zatia.


"IRALARRAIN" GURUTZEA DAGOEN ZELAIGUNERA NOLA IRITSI

Segidan Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunerako hurbilketa zehatza azalduko dut, puntu hau Aizkorriko Gurutzea eta Aitxuriko ipar hormen eskaladetarako "oinarrizko kanpamentua" baita. Hurbilketa hau zuzen eta motzagoa egin daiteken arren, gure ustez hau da hurbilketarik erosoena eta, beste hurbilketa zuzenekin alderatuz, ez dugu uste 5-10 minutu baino gehiago luzatuko denik.

Azalpen honetako argazkiak bi irteera ezberdinetakoak dira, batzuk otsailaren 25ekoak, besteak astebete lehenagokoak.

Zegamako Hiruetxeta auzoko Buenabista baserritik abiatuko gara. Honen eskuinetik gora doan porlanezko pista jarraitu eta 150 metro ibili ondoren Altzukaran baserrira iritsiko gara.

Buenabista baserria, ibibidearen abiapuntua.


Altzukaran baserrira iristen.


Baserrira iritsi bezain pronto, porlanezko pista utzi eta ezkerrera (igoeraren noranzkoan) doan mendi-pista hartuko dugu, metro batzuen ondoren metalezko langa bat zeharkatu eta, pistan gora jarraituta, Zegamako tren geralekutik datorren ubidea zeharkatuz.

Metalezko langara iristen.


Malda gogor baten ondoren, sasi eta garoaz estalitako argiune batean, adreiluzko etxola baten ondotik datorren belarrezko pista batekin topo egingo dugu. Bertan eskuinera (ipar-mendebaldeko noranzkoan) hartuko dugu pagadi batean sartuz.

Adreiluzko etxolaren ondotik datorren belarrezko pistan.


Behin pagadian, Emendatz menditik datorren PR-GI 70 ibilbidearekin (Zegamako itzulia) bat egingo dugu (pista nabaria da eta marka zuri eta horiak ikusiko ditugu).

PR-GI 70 ibilbidearekin bat egiten den lekuan.


PR-GI 70 bidea ipar ekialdeko noranzkoan jarraitu eta, basoak egiten duen argiune batean metro batzuetan behera egin ondoren, pistaren ertzean jarritako egurrezko poste batean pista utzi eta sasi eta garoen artean doan xenda erdi izkutua metro batzuetan jarraituko dugu pagadian gora doan pista zahar batekin topo egin arte. Pagadian zehar gora doan erdi pista, erdi bide hau amaiera arte jarraituko dugu.

PR-GI 70 ibilbidea uzten den lekuan.


Pagadian gora doan pista zaharrean.


Bidea amaitzen den lekuan orain arte jarraitutako noranzkoan jarraituko dugu (ipar-mendebaldera) pagoen arteko xenda erdi ezkutua jarraitu eta altuera gutxi irabaziz, ezkerrera (hego, hego-mendebaldera) doan pista nabari batekin topo egin arte. Pista honek pagadia eta gainetik dagoen pinudiaren arteko mugan dago.

Bidea amaitzen den lekuan eta hemendik gora jarraitu behar den noranzkoa.


Pistaren amaierara zuzentzen.


Pista honekin topo egiterakoan gora (hego-hegomendebaldera) jarraituko dugu pistaren amaiera arte, ezkerrean pagoak eta eskuinean laritzak utziz. Pistaren amaierak txondor bat egindako lekua gogorazten du. Hemendik gora pinudian sartu eta diagonalean 50-75 metro inguru ipar-mendebaldeko noranzkoan jarraituz, bigarren pista batera iritsiko gara, aurrekoa baino nabariagoa dena.

Pistaren amaieran, pinudian sartzen.


Bigarren pistan. Puntu urdinen noranzkoa pista amaiera arte jarraituz gero, 2-3 bihurgune nabarien ondoren basotik atera eta Iralarrain gurutzeko zelaigunera iritsiko gara.


Bigarren pista hau ere gora (hego, hego-mendebaldeko noranzkoan) jarraituz, “S” handi baten moduan, bi-hiru bihurgune egin eta basotik aterako gara inongo galerarik gabe Iralarrain gurutzea dagoen zelaigunera iritsiz.

Basoa atzean utzi eta pistaren amaieran, Iralarrain gurutzeko zelaigunera iristen. Parean Iralarrainardea eta Aizkorriko Gurutzea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 7,5 kilometro inguru.
- Punturik baxuena: Buenabista baserria, 575 metro inguru.
- Punturik altuena: Aizkorriko Gurutzea, 1.528 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 970 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Zegaman hartu daiteke.
- Zailtasuna: PD.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak hartzeko denbora kontutan hartuta, lau ordu eta erdi.

Ibilbidea mugiment web orritik deskargatu nahi baduzue.


alpinismo

Ibilbidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc



DESKRIBAPENA

Azkenaldian egin moduan, etxetik goiz atera ginen zortzirak baino lehen martxan egoteko. Oraingoan, goizeko zortziak laurden gutxi aldera Buenabista baserritik atera ginen, Iralarrain gurutzeko zelaigunera doan bidea jarraituz. Larunbatarekin alderatuta hotz handiagoa egiten zuen, baita izotza ere. Zegaman aparkatutako kotxeak eta inguruko zelaiak diamante hautsez hautseztatuak zeudela ziruditen, goizaren lehen argipean distiratsu.

“Gaur ere egun earra dator” esan nion Ikerri. “Atzokon erdie bada elegantea izangoa” erantzun zidan larunbateko irteera buruan.

Hurbilketa, ohiko moduan, lasai hartu genuen, “hobe deu behar den lekun nekatzea hemen baño”. Sakonaundi azpi-azpitik hartu nahi genuenez, ohiko hurbilketaren amaierako bigarren pistara (“S” handi baten itsurakoa egiten duena) iritsitakoan, pistan gora segi beharrean, behera 40-50 metroetan jarraitu genuen, mendiak egiten duen ibar edo sakan txiki batera iritsiz. Puntu hau identifikatzea ez da zaila, pinudian izugarrizko harkaitz puska dagoelako.

Sakan txikira iristen, argazkian harkaitz puska ikusi daiteke.


Sakan txiki hau, Aizkorriko mapetan ikusita nuen moduan, Sakonaundin amaitzen denez, kanalaren abiapuntu modura ezarri genuen, nahiz eta jaitsieran, abiapuntu hau guk hasi baino beherago ere hartu eta ezartzeko aukera izan.

“Bueno oain hemendio gora zuzen jarraitzea besteik ez da” esan nion Ikerri pista utzi eta pinudian sartuz. Harkaitz puska ezkerrean utziz zuzen igotzen hasi ginen ibar txikiaren erdian ahalik eta gehien mantenduz.

"Kanalean" gora. Harkaitz puskaren tamaina handia dela ikusi daiteke.


Metro batzuk egin ondoren, beherago utzitako pistarekin berriro ere topo egin genuen, Iralarrain zelaigunera doan pistarekin alegia. Pista zeharkatu eta berriro ere pinudian gora igotzen jarraitu genuen. Elurraren eraginez pinudiko sasiak zanpatuta zeuden igoera erraztuz: “udan hemen ez da sartzeik izango” esan zidan Ikerrek.

Noizik eta behin gora begiratzen genuen Sakonaundiren elur mingainaren bila. Bat-batean, pinuen adarren artean, goian eta ezkerrean kanal bat erdi atzeman genuen: “Hoi izangoa?” galdetu zidan Ikerrek. “Eztakit ba” erantzun nion, “Iralarrainardea dela esango nuke edo gutxiñez honen eskubiko harrikara”.

Iralarrainardea ado Sakonaundi zein zen zalantzan izan ginen lekuan.


Zalantzarekin pixkanaka kanal honetara hurbilduz joan ginen Iralarrainardea zela baieztatu genuen arte. Orduan berriro ere zertxobait eskuin aldera egin (igoeraren noranzkoan) eta, 150-200 metroen ondoren, basoaren amaierara iristearekin batera, Sakonaundira iritsi ginen.

Sakonaundiren oinean.


Basoaren mugatik gora elurra etenik gabe zegoela ikusita, harkaitz handi baten ondoan makuluak gorde eta kaskoa, kranpoi eta pioletak motxilatik atera genituen, kanalaren igoerarako prestatuz. Bide batez trago bat ur hartu eta polarra kentzeko ere aprobetxatu genuen: "hemendio gora berotuko geala dudaik ez izan, jejeje" esan nion anaiari.

Azkeneko astean kanal beretik igotzen ginen hirugarren aldia izan arren, lehen aldia balitz bezala igotzen hasi ginen, igoeraz gozatuz. Egun hauetan kanaletik igo edota jaitsitako mendizaleek utzitako arrasto nabariak igoera dexente erraztu zigun larunbatean zigortutako biki eta iztarrei nolabaiteko atsedena emanez.

Sakonaundiren lehen metroetan. Amaieran ikusten den hormara arte igo beharra dago.


Igoera lasai hartu genuen, gorputza izerditu gabe. Arrastoaren barruko elur gogorrak pausu motzak ematea errazten zuen, nahiz eta noizik eta behin, kanalaren ertzeetako pagoen adarretatik larunbatean eroritako izotzak igoera nolabait trabatu. Zerua garbi-garbia zegoen, paisaia aldiz, mugarik izango ez balu bezala.

Testura ezberdinak Sakana aldera.


Txindoki eta Aralar ere garbi-garbi.


Larunbatean ez bezala igoeran ez zen harri amildurik izan nahiz eta Aketegiko hego puntaren hormatik izotz pusketen erorketa ia etengabea izan.

Poliki-poliki, pausuak eta arnasketa mantra lasai baten moduan jarraituz, Sakonaundi zabaltzen den lekura uste baino lehenago iritsi ginen.

Sakonaundi zabaltzen hasten den lekuan.


Denbora osoan ahalik eta zuzenen igotzen saiatu ginen, malda tentetu eta elurra gogortzen zen lekuetan, gure biki eta iztarren mesederako, zeta txikiak eginez. Sakonaundin egin izan ohi dugun moduan, tarteko erreferentzi bezala kanalaren erdian dagoen zuhaixka bakartia hartu genuen.

Zuhaixka bakartiaren ondotik pasatzen. Zenbat elur-jausi jasango zituen? Auskalo...


Zuhaixka bakartitik gora malda tentetu egiten da tartean 50 graduetara ere iritsi eta gure abiadura motelduz. Pareko horma erreferentzi moduan zuzen jarraitu genuen.

Zuhaixkatik gora. Larunbatean ezkerrera hartzen hasitako lekuan eskuinera jo genuen, argazkian ikusten den hormatxora hurbilduz.


Harkaitzen itzalpera iritsi ginenean elurra ere dexente gogortu zen, noizik eta behin topatutako 55 gradu inguruko irtengunetxoak pioletetatik tiratuz igotzeko aukera emanez. Bideak pixkanaka ezkerrera hartzen duen lekuan, 60 gradu inguruko metro eta erdiko hormatxo motza osatzen zuen elur-haustura zegoen. Pioletak hausturaren gainean  eta kranpoiak hormatxoan sendo sartuz haustura zailtasunik gabe eskalatu genuen.

Irteeraren sarrerara hurbiltzen. Argazkian elur hausturaren kokalekua ikusi daiteke.


Elur-hausturatik gora ezkerrera hartu eta pixkanaka "Couloir" irteera mehartuan sartuz joan ginen, tartean 60 gradu inguruko beste bi hormatxo eskalatuz, biak ere, aurrekoa bezala, elur hausturek sortuak.

"Couloir" irteeran sartzen. Argazkian igoeran topatu genituen beste bi elur hausturen kokalekua ikusi daiteke.


"Ostia, ze politte!!!" esan zidan Ikerrek kanal mehartua ikusi zuenean. "Ya lo creo..." erantzun nion, "ta pentsau honea eztela inor hurbiltzen". Azken elur-haustura eskalatu ondoren, irteera mehartzen hasten den lekuan atsedentxo bat hartu genuen: "behin honea etorrita, igoera hau ondo grabau beharko deu, ez?" esan nion anaiari.

Irteera mehartzen den lekuan, irteera ikusgarria da.


Leku berean argazki makina prestatzen, atzean Txindoki eta Aralar.


Irteerak, nahiz eta azpitik zuzena denaren sentsazioa izan, eskuinaldera jotzen du, nolabaiteko bihurgunetxoa osatuz. Argazkiak egin eta bideoak grabatzen nituen bitartean Iker igotzen hasi eta bihurgunetxora iritsi zen.

Bihurgunetxoan.


Anaia grabatzen hasi zenean igotzen hasi nintzen. Elurra gogor-gogorra zegoen eta kranpoi eta pioletek ederki eusten zuten. Elur gogorrean ibiltzeko ohitura faltagatik edo, Ikerrengana iritsi nintzenerako iztar eta bikiak kexuka nituen: "ondo etortzea deskantsu pixkat hartzea, eh?" esan nion iritsi nintzean. "Joe baietz" erantzun zidan, "ni horregatio geldittu naiz hemen, jejeje".

Argazki makina atera eta Ikerrek gora jarraitu zuen denbora gutxian kanaletik ateraz.

"Couloir" irteeraren azken zatian, elurra, ikusten denez, gogor-gogorra.


Iker atera zenean nire txanda izan zen. Ematen nuen pausu bakoitza sentitu eta gozatuz eman nuen, negu honetan Aizkorrin eskalatuko nuen azken kanala izango balitz bezala. Aizkorri eta Aitxuri arteko gandorrera atera ginenean, eguzkiaren argitasunaz aparte haize hotz batek "egunon" esan zigun.

"Ze ingodeu? Puntara iritsi ta aterpen deskantsau edo etxea?" galdetu nion anaiari. Erlojua begiratu eta denboraz ongi gindoazela ikusita, Aizkorriko gurutzearen gailurrera iristea erabaki genuen, lehen metroak Urbiatik datorren bidetik eta azkenekoak Aizkorriko gurutzearen ipar horman egiten den zeharkalditik.

Aizkorriko gurutzearen gailurrera iritsi arte egindako ibilbidea, puntuekin markatutako tartea ezkutuan gelditzen den ibilbidea.


Aizkorri Gurutzeko gailurrean.


Haizeagatik ihesi, gailurreko baselizaren atzekaldeko balkoira hurbildu ginen atseden hartzera. Bertan, MATeko Izagirretarrak ezagutzen zituzten hirukote goierritar mendizalearekin solasalditxoa egiteko aukera izan genuen. Beraiek Iralarrainardea aukeratu zuten gailurrera iristeko. Hurrengo baterako "Couloir" eskalatzeko propaganda egin genien behin eta berriz, Iralarrainardea baino estetikoagoa dela argudiatuz. Igoeran egindako argazki batzuk erakutsi ondoren badirudi gure helburua lortu genuela, jejeje.

Goierritarrak agurtu ondoren Ikerri Sakonaunditik jaisteko eskatu nion: "hola Couloirren argazkik ingoittut". Igoerako bidea desegin eta Urbiara doan bidea hartu genuen, Aitxuri inguratzen hasi aurretik larunbatean eskalatu genuen Sakonaundiko "leze" barianteari bisitatxoa eginez: "earra atzokoa, eh?" bota zidan Ikerrek beste behin.

Iker Sakonaundi amaitzen den lepoan, atzean Aitxuri, Aizkorriko gurutzea eta urrunago Aratz. Ikerren ezkerrean (argazkia begiratuz) "Couloir" irteeraren azken metroak ikusi daitezke.


Sakonaundin behera hasi eta haizeagatik babestu ginenean kantinploreetako ura amaitu eta modu honetan motxilari pisu pixkat kentzeko aprobetxatu genuen:"irteera pilo bat gustau zait" esan zidan anaiak, "Eskirolen antzekoa baña luze ta enkajatugoa".

Ikerrek jaitsiera zuzen egiten zuen bitartean ni ezkerrera (beherako noranzkoan) desbideratu nintzen "Couloir" irteerari argazkiak egiteko. Atera nituen argazkien kontua galdu nuenean, Ikerren arrastoa jarraitu eta berriro ere Sakonaundiren ohiko bidearekin bat egin nuen.

Sakonaundin behera, mendiaren handitasunean puntu bat besterik ez gara...


Igoeran erreferentzi bezala hartzen dugun zuhaixka bakartiaren ondora itzuli, buelta hartu eta hormari azken begirada bota genion.

Zuhaixka bakartiaren ondoan hormari begira.


Elurraren amaierara iritsi ginenean atzetik zetorren hirukote goierritarrarekin berriro ere topo egin genuen. Beraiekin hitz batzuk trukatu ondoren, kranpoi, piolet eta kaskoak jaso eta berriro ere martxan jarri ginen.

Nahiz eta igoerako bide bera jarraitu nahi, jaitsieran puntu batean kontzentrazioa galdu eta bidetik metro batzuetan desbideratu ginen (ibilbidearen "track"-ean nabaria da), baina berehala konturatu eta igoerako bidera itzuli ginen.

Pistan berriro ere.


Jaitsiera, igoera moduan, lasai hartu genuen eta, nahiz eta bi egunetan jarraian ia mila metroetako desnibela igo, hankak larunbatean baino deskantsatu eta indartsuagoak somatzen genituen: "kanaleta ohitzen aittukoie" esan nion anaiari.

Buenabistara hamabiak eta laurden inguruan iritsi ginen, atera ginenetik lau ordu eta erdi ingurura, gutxi gora behera. Mendiko bota zurrun eta astunak kendu, oinak zapatilen erosotasunera sartu eta, traste guztiak kotxean sartu ondoren, Aizkorri eta Aitxuriren ipar hormari azken begirada bota genion: "ea elurrek beste aste bat aguantatzeon" esan zidan anaiak. "Ea hala den" erantzun nion kotxea martxan jarri eta Zegamako bidea hartzearekin batera.

Amaitzeko, irteeraren bideoa ikusi nahi baduzue:




jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07