blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Superliga: Lehenbiziko enbidoan kale (?), baina etorriko dira berriak

Chleseako zaleak, Superligaren aurka protestan / BBC

Chleseako zaleak, Superligaren aurka protestan / BBC

Ikusita Superligaren bultzatzaile nagusia Florentino Perez Real Madrileko presidentea dela, eta hura babestu duten kluben artean Europako handienetakoak zeudela, ez genuen uste presioen aurrean atzera egingo zutenik. Usteak erdia ustel. Superliga osatzen duten hamabi taldeetatik seik, tartean ziren klub ingeles guztiek (Chelsea, Manchester City, Manchester United, Tottenham, Arsenal eta Liverpool), proiektuari uko egin diote, UEFA eta FIFA erakundeez gain, haren aurka agertu direlako liga profesionalak, futbol federazioak, futbolarien sindikatuak, txapelketatik kanpo geratuko liratekeen talde ia guztiak, gobernu-buru zenbait, monarkia britainiarra eta hamabi taldeotako batzuen zaleak ere.

Badirudi, beraz, lehenbiziko enbidoan kale egingo duela proiektu handiusteko honek, ozenegi esatera ausartuko ez garen arren, hari eutsiko dioten –hasiera batean behintzat– sei taldeak (Real Madril, Bartzelona, Atletico Madril, Juventus, Milan eta Inter) ez baitira edonor.

Etorriko dira ordea enbido gehiago, Jordi Badia Perea eta Xavier Ginestak dioten moduan The Conversation webgunean plazaratutako analisian: ¿Es irreversible la Superliga de futbol? (Superliga atzeraezina al da?). Baietz uste dute. Alegia, honek guztiak ez duela atzera bueltarik, lehenbiziko saiakeran kale egin arren muinean dagoen eztabaida ez delako konponduko. Zergatik ez? Hainbat arrazoi ematen dute, parametro ekonomikoetan oinarrituta, horiek gidatzen baitute futbola gaur egun.

Haztegia: desberdintasun ekonomikoak. 1996-97 denboraldiaz geroztik, Europako kluben arteko desberdintasunak areagotu besterik ez dira egin. Bosman kasuak ekarri zuen futbolarien merkatua liberalizatzera, eta telebista kate pribatuek futbolaren alde apustu garbia egitea.

Muinean dagoen arazoa: Desoreka konpetitiboa. “Etxeko” txapelketetan nekez apurtzen da talde indartsuenen hegemonia. Espainiako Estatuan, esaterako, azken 20 denboraldietan hiru bider baino ez du liga irabazi Bartzelona edo Madril ez den beste talde batek. Eta Txapeldunen Ligan ere irudi dezakeena baino txikiagoa da aniztasuna.

Emaitzaren ziurgabetasuna: kirolaren oinarria eta balio-sortzea. Emaitza zein izango den jakitea geroz eta errazagoa den heinean, orduan eta txikiagoa izango da ikusleen interesa eta, ondorioz, baita klub eta txapelketen diru-sarrerak ere. Desberdintasun ekonomikoek elite bat sortu dute, zeina Europako 15 bat futbol taldek osatzen duten.

Artikuluaren egileek diotenez, desoreka konpetitiboak –duela 15 bat urtetik handitzen ari dena– erakusten zuen Superliga sortzea saihetsezina izango zela, Europako txapelketa nagusiaren balantze konpetitiboa hobetzea ezinbestekoa baita talde handienentzat. Modu horretan, telebista-eskubideak “saturazio puntura iristen ari direla dirudienean”, Superligak bermatuko lituzke diru-sarrera ziurrak epe oso luzera.

Bien bitartean, berdeguneetatik kanpo erabakiko da partida, futbolak hartu duen dimentsioaren jakitun izan arren, imajinatzerik ez dugun esferetan. Ikusi besterik ez dago zein izen errepikatzen diren gaiari buruzko albisteetan, JP Morgan finantza-enpresa eta Key Capital inbertsio-funtsa esaterako, Superliga finantzatuko luketen konpainiak.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07