blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Saudi Arabian jokatuko den Espainiako Superkopa bakearen Nobel sarirako izenda dezakete, behin hasita…

Espainiako Futbol Federazioko presidente Luis Rubiales (eskuinean), hainbat futbol taldetako ordezkariekin eta Saudi Arabiako Abdulaziz bin Turki Al-Faisal printzearekin, 2020ko argazkian. / RFEF

Gizonezkoen lau futbol taldek lehiatuko dute bihar hasita Espainiako Superkopa: Athletic, Bartzelona, Real Madril eta Madrilgo Atléticok. Txapelketa ez da Espainiako Estatuko estadio batean jokatuko, baizik eta Saudi Arabian, Riyadh hiriko Fahd Erregea estadioan, duela bi urteko bideari jarraituz. 2020an Jidda hirian ospatu zen, Espainiako Futbol Federazioaren obligazioa baita gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borrokan bere aletxoa jartzea, Federazioko presidente Luis Rubialesek lotsagorritu gabe azaldu zuenez: “Berdintasunaren Superkopa da. Federazioaren misioa honakoa da. Badira desberdintasunak dituzten herrialdeak. Egoera horren aurrean, bizkarra eman diezaiekegu ala ez. Herrialde horietan lortzen ditugun irabaziak beste leku batzuetan eskura genitzake, baina bertan bizi diren gizon eta emakumeak laguntzen saia gaitezke. Bizkarra emango al diegu? Herrialdeak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko programa abiarazi du, eta guk hura lagunduko dugu. Herrialdea transformatzen laguntzeko eskatu digute, eta hala egingo dugu. Gauzak aldatzeko aukera daukagu”.

Futbol Federazioko presidentearenak baino NBEko edo auskalo zein erakundetako buruaren hitzak diruditen horiek asmo zintzoak gorde ditzakete, ez gara gauzak kritikatzen hasiko uste dugulako Espainiako Superkopa Saudi Arabian jokatuko dela hango diruak Federazioa limurtu duelako, eta ez berdintasunaren aldeko misioa muturreraino eraman nahi dutelako. Federazioaren jokaldia kritikatzeko badira ahots kualifikatuago batzuk, Amnistia Internazionala (AI) esaterako. Saudi Arabian giza eskubideak sarri urratuak direla salatu du erakundeak, bereziki emakumeak eta LGTBI kolektiboa izanik jo-puntuan. Horregatik, Superkopa jokatuko duten taldeei eskatu die jokalariek besoko moreak janzteko, emakumeek sufritzen duten “bazterketa eta biolentzia” salatzeko. AIk onartu du urteotan aurrerapauso batzuk eman direla, gidatzeko debekua bertan behar utzi edota kirola egiteko aukera ematea, baita emakumezkoen futbol liga sortzea ere, baina Rubialesek 2019an esandakoak “errealitate bihurtzetik urrun” daudela gaineratu du. “Urteak daramatzagu salatzen Saudi Arabia bezalako herrialdeek kirol ekitaldi handiak baliatzen dituztela haien historia krudela zuritzeko. Espainiako Futbol Federazioak irudi garbiketa horrekin bat egiteak, Superkoparen eta oro har espainiar futbolaren izena zikintzen du”.

Irudi zuriketarena ez da berria. ARGIA aldizkariaren azken zenbakian bertan, gaiaz idatzi zuen Iñaut Gonzalez de Mataukok, Qatar 2022: Has dadila diktaduraren ikuskizuna erreportajean. Baina ei, kontuz, horrelakoak salatzen dituzuenak ari zarete futbola eta politika nahasten, bi gauza oso desberdin direnean…

Raul Garcia: “Zaletua ez dute kontuan hartzen”

Athletic-eko jokalari Raul Garcia gogor mintzatu da Superkopa Saudi Arabian jokatzearen aurka. “Niretzat ez du zentzurik. Gure herrialdean jokatzen den txapelketa da eta beste herrialde batera joateak ez du biderik egingo. Ez du zentzurik han jokatzeak. Futbola aldatu egin da, zaletua jada ez da kontuan hartzen. Oinarrizkoenaz ahaztu gara. Orain babesletzek dute balioa. Familian, denontzako erosoak diren ordutegiez gozatzea ahaztu zaigu. Ni hasi nintzenetik gaur arte gauza mordoa aldatu da, eta pena ematen dit”.

Horixe aldatu direla, Raul. Garai batean, kostata plazaratuko luke futbolari batek urtean zer dirutza irabazten zuen, Gerard Piqué kataluniarrak egin duen bezala, puztu-puztua gizona, bere urrezko burbuilatik mintzo zaigula mintzo. Eta oraindik eskerrak eman beharko dizkiogu, futbolari bezala eskaini dituen ikuskizunengatik. “Merezi duelako irabazten du hainbeste, askoz handiagoa da sortzen duen diru-kopurua”. Utikan! Dio, horrelako gauzek sentiarazten naute geroz eta urrunago “futbol modernoa” deitzen zaion horretatik… atzera berriz ere adiskidetzeko gustuko taldeak gola sartzen duenean. Orduan, berriro ere lorololooo oe oeee. Ez daukagu erremediorik.

 

 

 

 

 

 

 

 

The post Saudi Arabian jokatuko den Espainiako Superkopa bakearen Nobel sarirako izenda dezakete, behin hasita… appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07