blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Raül Romeva: “Helburua ez da presoak kirolari olinpiko bihurtzea, herritar aktibo baizik”

Raül Romeva i Rueda preso politiko katalana luze elkarrizketatu du ‘Fosbury’ aldizkariak, espetxe barruko kirol-jarduerari buruzko tesia ardatz.

Raül Romeva i Rueda analista eta politikari katalana 2018ko martxoaren 23az geroztik dago preso Lledoners-eko espetxean. Generalitateko bozeramaile eta Kanpo Harremanetarako kontseilaria izandakoari sedizio delitua leporatu dio Pablo Llarena epaileak, 2017ko independentzia aldarrikapenarekin lotuta, 155. artikuluan oinarrituta.

Kirolak birgizarteratze erreminta moduan duen garrantziari buruzko doktore-tesia egiten ari da gaur egun, eta horren inguruan elkarrizketa egin dio Fosbury aldizkariko kazetari Víctor Núñezek. Pasarte batzuk euskaratu eta blogera ekarri ditugu.

Tesia hiru ardatzen gainean egituratu du Romevak: Espetxea, kirola –jarduera fisikoa– eta errepublika.

Ikuspegi errepublikano batetik, nolakoa behar luke espetxe-sistemak?

“Batzuentzat, ordaindu beharreko zigorra da espetxealdia, ez besterik. Aldiz, ikuspegi errepublikanotik, espetxeak balio behar du, bereziki, presoari erreminta batzuk emateko, berriro delitu egiteko arrazoirik (eta aitzakiarik) izan ez dezan. Zentzu horretan, eredu nordikoak (daniarra eta norvegiarra batez ere) adibide positiboak dira. Errehabilitazioa dute helburu. Herrialde horietan, delitu batean birjausten den pertsona kopurua nahikoa baxua da. Beste muturrean AEBak daude. Espetxe-sistemak izaera erabat punitiboa du, eta hango baldintzak gogorrak izanik ere, legea berriro hausten duen preso kopurua altu xamarra da. Ez dago eredu perfekturik, baina batzuk besteak baino hobeak dira”.

(…)

 “[Gizarteak] presondegi bat zer den jakin behar du, zertarako balio duen eta balio beharko lukeen. Ikuspegi errepublikano batetik, espetxea ulertu behar da herritar aktibo, konprometitu eta erantzunkidea sortzea xede duen instituzio gisa. Hori horrela izan dadin, gizarteak paper aktiboa hartu behar du, herritar batzuk preso sartu izanaren arrazoien inguruan kontzientziatuz eta, behin kalean direla, delitu batean birjausteko arrisku faktoreak murriztuz. Zentzu horretan, presondegia eta komunitatea lotuko dituzten kanalak behar dira. Kirola, zubi moduan erreminta oso baliagarria da”.

Kirolak, hiru funtzio

Espetxean, jarduera fisikoak hiru funtzio dituela dio Romevak: ingurune berri eta zorrotz batean presoaren egokitzapena errazten du; gaitasun eta jokabide zehatzak lantzea ahalbidetzen du (garbitasuna, konstantzia, diziplina, arauekiko eta taldekide/arerioekiko errespetua, mugimendu-abileziak…); eta gizartearen eta espetxeko errealitatearen arteko loturak sortu eta indartzen ditu, birgizarteratze erreminta izan daitekeelako batetik, eta gizarteak presondegiko errealitatea ezagutu eta hari buruz hausnartzea eragin dezakeelako bestetik, agerian utziz espetxea ez dela gizartearen beraren porrot bat besterik.

Entrenamenduetan, metodologia espezifikoa?

“Entrenamendua bera nola egituratu ez da konplikatua. Praktikan ez dago desberdintasun handirik  kanpoan zein barruan egin. Beharrak, aldiz, desberdinak dira. Helburua ez da presoak bihurtzea kirolari olinpiko, herritar aktibo baizik, fisikoki, intelektualki eta sozialki. Ez dira marka eta errekorrak bilatzen, baizik eta gaitasun eta baliabide pertsonal eta sozial batzuk ematea, errehabilitazio eta birgizarteratze prozesuan laguntzeko”.

“Profesionalen (hezitzaile eta kirol teknikarien) lana funtsezkoa da. Euren lana berme guztiekin egin ahal izateko formazioa, baliabideak eta motibazioa izan behar dituzte. Sistemaren funtsezko piezak dira”.

Kirola ulertzeko moduak

“Kirola zer den azaltzeko moduak baldintzatuko du nola ulertua izango den. Lehiakortasuna, maskulinitatea eta orohar agresibitatea bezalako ezaugarriek eskatzen dute [espetxeko] arduradunen esku-hartzea, baina baita sexu edota aniztasun funtzionalarekin (fisikoa edo burukoa) lotutako diskriminazioak ere. Horiek guztiak landu daitezke kirol dinamiketan, izan espetxean zein kanpoan. Esaterako, futbol edo saskibaloi partidetan tentsio handiko uneak izaten dira. Horiek detektatu eta kanalizatzea kirol teknikariei edota segurtasun funtzionarioei dagokie. Esperientzia ugari dago horrelakoak nola kudeatu erakusten dutenak”.

Kirola, zigor ala akuilu?

“Egia da zigorren artean dagoela espazio horietara [kirol-guneetara] ez sartzen uztea, izan tarte baterako edo betiko. Baina badira motibatzeko moduak ere. Esaterako, Brasilgo espetxe batean, alboko herriko argiteriari lotutako bizikleta estatikoetan aritzen dira presoak. Kaleak argitzearen truke, presoei zigorra murrizten zaie, bizikleta gainean egindako denboraren arabera”. [2012ko albiste honetan duzue proiektuari buruzko informazio gehiago]. 

Espetxea, kalearen isla

“Tesiaren helburuetako bat da antzeko ezaugarriak dituzten beste ingurune batzuetan baliagarriak izan daitezkeen tresnak aurkitzea (…) Ez dugu ahaztu behar preso dagoen jende asko aukera gutxi eskaintzen duten inguruneetatik datorrela, hezkuntza, kultura edota izaera sozial batetik begiratuta. Kirolaren bitartez gabezia batzuk detektatu daitezke, eta horiek betetzen saiatu”.

 Kirola, bakea eraikitzeko tresna

“Errefuxiatuen eremuetan oinarrizko beharra da kirola. Elikagai, arropa eta babesaz gain, gizarteratze, sormen eta aisialdi espazioak behar dituzte. (…) Zio nazional, etniko edo erlijiosoek bultzatutako indarkeria jasan duen komunitate ororentzat, egoera baretzeko edota adiskidetze aukerak eraikitzeko oinarrizko erreminta bihurtzen da kirola (…) Azkenik, kirolariak, orohar, proiekzio publikoa duen jendea dira. Mikrofonoek aukera ematen dute egoera jakin batzuk salatu eta kontzientzia sozial edo politikoak astintzeko”.

Yoga

“Kirolak oso baliagarria den (ondo lantzen bada) dimentsio konpetitiboa du, baina hortik harago, jarduera fisikoa bera da balioan jarri behar dena. Libre bizi den jende askorentzat, igeri eta korrika egin, bizikletan ibili edota padelean jokatzea ihesbide bat da. Igerilekuan edo, are hobeto, itsasoan igeri egitea meditazio modu bat da. Yoga aspalditik praktikatzen da kartzeletan. Baliagarria da aspektu fisikoari dagokionez (indarra edota malgutasuna lantzea ahalbidetzen du), baita mentalki ere (meditazio eta arnasketa-ariketen bitartez sena orekatzeko teknikak lantzen dira). Yoga da, nire ustez, presondegi batean egin beharreko jardueren artean inportanteenetako bat”.

 

Elkarrizketaren hondarrean, espetxe-sistemaz eta presondegietako egoeraz mintzo da Romeva. Abolizionismoaz hitz egiten du, Kataluniak eta Estatuak dituzten konpetentziez, epaileen mentalitate anakroniko eta punitiboaz, espetxeari buruz fenomeno sozial gisa hitz egiteak duen garrantziaz, espetxea porrot kolektibo baten ondorioa dela onartzeaz… eta, kontziente izateaz gaur egun ez dela horren arraroa hurbileko norbaitek edota norberak espetxean denbora bat ematea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07