blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Ortzadar koloreen “politizazioa”: UEFA zergatik ez den lotsagorrituko

Ortzadar bandera zeraman pertsona batek, Municheko Allianze Arena estadioaren berdegunera salto egin zuen astezkenean, Alemania eta Hungariaren arteko Eurokopako partida hasi aurretik. Alemaniako kapitain Manuel Neuer atezainak ere ortzadar koloreko besokoa jantzi zuen, eta ortzadar banderatxoak haizatu zituzten harmailetan zeuden zenbait zalek. Estadioaren kanpoaldea ere ortzadar koloreekin argiztatzekoa zen, baina UEFAk ez du horretarako baimenik eman. Ez hori bakarrik, jakinarazi zuen Neuerren aurkako espedientea zabalduko zuela, jokalaria zigortu ala ez erabakitzeko. Europako Futbol Federazioak atzera egin du azkenean, baina aldarrikapen zenbaitzuren inguruan –baita bere egiten dituen horiekin ere– erakutsi ohi duen jokabide zuri edo kontraesankorra agerian geratu da berriro.

“Arrazismoa, homofobia, sexismoa eta gainerako diskriminazio forma guztiak orbana dira gure gizartean, eta gaur egun futbolak dituen arazo handienetakoak”, dio UEFAk, Allianze Arena-ren argiztapenaz hartu duen erabakiaren inguruan: “Jokabide baztertzaileek partidak zikindu dituzte, eta estadioetatik kanpo, baita maite dugun kirolaren inguruko diskurtsoa ere. Halere [ai, “halere” eta “baina” horiek…] UEFA, bere estatutuen bidez, erakunde neutrala da erlijio eta politikoki. Eskaera zehatz honen testuinguru politikoa dela eta –Hungariako parlamentuak hartutako erabakiari zuzendutako mezu gisa–, UEFAk atzera bota beharra du eskaera hau”.

Hortxe gakoetako bat: eskaerak berarekin zuen osagai politizatzailea. Kontua da Hungariako parlamentuak pedofiliaren aurkako legea onartu berri duela, zeinaren artikulu batek debekatu egiten duen hedabideetan zein ikastetxeetan homosexualitateaz edo sexu aldaketaz hitz egitea. “Lege honek desagerrarazi egingo du LGBTI komunitatea komunikabide eta hungariar hezkuntza sistematik”, salatu du Amnistia Internazionaleko (AI) ordezkari Dávid Vig-ek. Horregatik banatu zituen ostadar koloreko banderatxoak Alemania-Hungaria partida ikustera joan ziren zaleen artean. Eta horregatik –ez baitira politika eta kirola nahastu behar–debekatu du UEFAk argiztapen berezia, eta ireki zuen Alemaniako atezainaren aurkako espedientea, nahiz eta ez zigortzea erabaki. Kontua da, alemaniar zale batek sare sozialetan idatzi bezala, kaltea egina dagoela jada: “Ondo da, baina Neuer ikertzeko erabakiak berak dakar aniztasuna politizatu eta inkriminatzea. Futbolariak nola agertuko dira LGBTI kolektiboaren alde, jasoko duten erantzuna hau baldin bada?”. UEFAk lasai-lasai erantzungo lioke, aniztasunaren baina baita neutraltasunaren izenean ere –neutraltasuna hautu politikoa ez balitz bezala–, jokalari eta zaleak libre direla LGTBI kolektiboaren aldeko aldarrikapenak egiteko, salbu eta aldarrikapen horiek parean dagoen inor mindu dezaketenean, nahiz eta “inor” horrek LGTBI kolektiboaren aurkako erabaki politikoak hartu dituen, eta futbol estadioan VIP palkoan esertzera gonbidatzen duen… UEFAk berak (Alemaniaren aurkako partida ikustera joateari uko egin zion Viktor Orbanek, Municheko estadioaren argiztapenak sortutako polemikagatik). Ederki asko mugitzen da UEFA ur horietan…

 

The post Ortzadar koloreen “politizazioa”: UEFA zergatik ez den lotsagorrituko appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07