blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Miguel Indurain: “Aurtengo biretan maila handia eskatu eta eskaini da”

1991n, errenkadan irabazi zituen bost Tourretan lehenbizikoa amaitu ostean elkarrizketatu zuen Miguel Indurain (Atarrabia, 1964) ARGIAko kazetari Myriam Gartziak. Elkarrizketa osorik ekarri dugu hona, aste honetan ARGIAren hemerotekatik berreskuratu dugun seigarrena.


MIGUEL INDURAIN
“AURTENGO BIRETAN MAILA HANDIA ESKATU ETA ESKAINI DA”

Indurain, 1991ko Tourrean / Rtve.es

Aurtengoa ezustekoa izan da. Bigarrena Espainiako Vueltan, Munduko Txapelketan brontzezko domina, txapelduna Catalunya-ko Voltan eta txapelduna Tourrean. Eguneroko entrenamendutik atera eta 26 urteko mutil honekin solasalditxo bat izan dugu Atarrabian txirrindularitza kirol nazionala bihurtu duen hau, popularitatearekin bizitzen ikasten ari da.

Aurtengo epealdia ezinhobea izan da zuretzat. Garaipen guztiak asimilatu al dituzu?

Ezinhobea, ez dakit. Aurtengoa hobetzea oso zaila izango da, baina hurrengorako ere saioak egingo ditut. Dena den, ez nuen horrenbeste espero. Lasterketa batzuk irabazteko asmoa edo ilusioa banuen, baina espero nuena baino gehiago lortu dut.

Orain arte aldatz goretan ez zara ona izan, lautadetan lortzen zenuen mendietan galdutakoa. Nola lortu duzu mendian ere mantentzea?

Ez da izan aurtengo kontua. Duela zazpi urte, hasi nintzenean, mendia latza zen neretzat, pisuegia nintzen. Zazpi urte hanetan mendia asko landu dut, entrenamendua gogorra izan da baina horren emaitzak orain jasotzen ari naiz. Duela hiru urte nabari zen, joan den urtean asko hobetu nintzen eta aurtengoa gorena izan da. Beraz, ez da urte batetik bestera gertatutako gauza, baizik eta zazpi urtetan landutako emaitzak jasotzea.

Aurten ere, Bugno gainditu duzu. Tour desberdin batean, agian menditsuago batean, garaitzeko gai izango zinateke?

Ez dakit. Aurtengo Tourra, neretzat, oso polita izan da. Mendi egunak baziren ere, jarraian edo elkarrekin zeuden, erlojupeko lasterketak aski ziren… Hurrengo urterako egin behar den lehendabiziko gauza Tourra nolakoa den ikustea da. Gero, horren arabera, prestatu beharko naiz. Aurtengo Tourra oso egokia zen neretzat… erlojupeko 140 kilometroko lasterketa zegoen eta hori nahitaez, neretzat onuragarria izan zen.

Eta 140 kilometro horiek ez balira existitu, zer?

Ba ez dakit. Mi mendian ez nago denbora ateratzeko, baizik eta daukadana mantentzeko. Erlojupekoak etsaiei, batez ere Bugnori, denbora aurreratzeko balio izan dit. Mendi gehiago eta erlojupeko gutxiago izanda, askoz ere zailagoa izango litzateke.

Aurten, badirudi, Banesto taldean Perico Delgadorekin egongo zarela. Biak Tourra edo edozein bira handi irabazteko gai zarete. Zuretzat elkarrekin egotea, txarra edo ona da?

Aurten ikusi da ona dela, ez? Biok elkarrekin gauza asko lortu ditugu. Ez dugu bata bestearen kontra egiten, biok karrera egiteko modu desberdinak erabiltzen ditugulako. Perico aldatz gora ni baino hobeto moldatzen da. Aldiz, neuk lautadetan denbora irabazten dut. Datorren urtean ez dakit zer egingo dugun. Berak bere etorkizuna konpontzen ari da eta nik neurea, horregatik ez dakit talde berdinean egongo garen ala ez. Hala eta guztiz ere, neregatik ez dago eragozpenik orain arte bezala jarraitzeko.
Garrantzitsuena ez da bi izarren artean konpetitzea, baizik eta lasterketen egutegia ondo banatzea. Hori taldeko zuzendariaren lana da, eta elkarrekin gauden lasterketa garrantzitsuenetan bion artean taldeari indarra ematea.

1991ko Tourrean, Claudio Chiappucci italiarraren atzean / Rtve.es

Stephen Roche izan zen Giroa eta Tourra denboraldi berean irabazi zuen azkenengo txirrindularia. Badirudi, hori gauregun ez dela posible.

Txirrindularitza asko aldatu da azken urte hauetan. Aurten maila handia eskatu eta eskaini da. Lehen, txirrindulari guztiek urtean zehar erritmo berdinean konpetitzen zuten. Hasierako lasterketak ahulagoak ziren eta apurka maila hartu eta azkenengoetan berriro ere, ahultasuna agertzen zen. Gaur egun, hainbeste lasterketa daudenez, urte osoa gogor ekitea ezinezkoa da. Orduan, txirrindulariak bira zehatz batzuetarako prestatzen dira. Batzuek Vuelta beste batzuek Tourra edo Giroa prestatzen dute .Maila oso handia denez, lasterketa erritmoa gogorragoa da eta ezinezkoa gertatzen da urte osoan maila hori mantentzea, hau da, topea ematea. Gaur egungo lasterketak askoz ere bizkorragoak dira txirrindularitza aldatu egin da. Aukeratzea beharrezkoa da.

Azken urteetako bira handien tendentzia mendia gutxiago sartzea da. Nola gustatuko litzaizuke izatea?

Hori txirrindularitzan asko aldatu den beste aspektu bat da. Ez da bakarrik mendia bilatzea, txirrindulari guztiei aukera ematea baizik. Mendia, erlojupekoa, esprina, etapa luzeak eta laburrak… oso dosifikatua. Aspektu guztietan defendatuko den karrerista bilatzen da. Horregatik, gaur egungo txirrindularitza, neri ondo datorkit. Oso ondo moldatzen naiz.

Txirrindularitzan dopina eguneroko kontua da. Zer deritzozu tropel mailan gertatzen den droga magimenduari?

Oso kontrol gogorra dago horren inguruan. Badakizu zein sustantzia har dezakezun eta zeintzuk ez. Argi dagoena zera da, 20 egunetan topea ematea ezinezkoa dela, eta orduan galdutako pisua berrerantsi behar duzu, mineralak, bitaminak eta beste sustantzia batzuen bitartez. Argi eta garbi jakin behar duzu osasunerako zein sustantzia diren txarrak eta zeintzu ez, eta horretarako debekatutako sustantzien zerrenda eskuartean izan behar duzu.

Zer gertatu zen Tourrean PDM taldearekin?

Ba, egia esan ez dakit. Garai hartan ni neurearekin nahikoa nuen, osasuna, lasterketa eta abar. Txirrindulari bakoitzak bere gauzak konpondu behar ditu ahal duen moduan. Orduan, batzuek intoxikazio bat izan zela, beste batzuek beste arazo batzuk zirela esan zuten….Ez dakit zer gertatu zen eta bestetik, ez naiz kezkatu horretaz.

Txirrindularitzan, beste kirol batzuetan baino gehiago, kirolarien arteko desoreka ekonomikoa argia da. Zer deritzozu honi?

Bai, badago desoreka. Batez ere, irabazten duenak balio duelako. Beste guztiei, nahiz eta garrantzitsuak izan, ez zaie baliorik ematen. Bigarrena izan arren. Ez palmaresean, ez inon. Irabazten duenak soilik. Lehenengoa eta gainontzekoen arteko tartea oso handia da. Korrikalari Profesionalen Elkartetik horren kontra borrokatzen dugu, eta soldata minimoa dutenek gehiago izatearen alde gaude. Baina oso zaila dugu. Bestetik, taldeen artean tratuak dande eta horretan bai ezin zarela sartu. Irabazten dugunak, publizitatea dela eta, oso kontratu onak ditugu…

Zeintzu dira hurrengo urteraho dituzan planak?

Lehenengo gauza Banesto edo beste talde batekin berriztea eta denboraldia prestatzea da. Garrantzitsuena lasterketak nolakoak diren jakitea da. Tourra urriaren 22an aurkeztuko da. Bira garrantzitsuen ibilaldia nolakoa den, Tourra edota Vuelta, eta urtean zehar dauden lasterketak nolakoak diren ikusi, eta horren arabera denboraldiaren egutegia egingo dut. Tourrean edo Vueltan parte hartuko dudan ezin dizut esan, lasterketa hauen perfila ez dakidalako zer nolakoa den.

Zein erizpide erabiliko dituzu, zuk edo zuzendariak, aukeraketa egiterakoan?

Printzipioz, plubizitate kontuengatik. Etxe batzuei Giroa ez zaie interesatzen edo Tourra nazioarteko maila duelako guztiek parte hartzea nahi dute. Baina interes publizitarioaren araberakoa da.
Bestetik, taldeak duen txirrindulari kopurua ere garrantzitsua da lasterketa desberdinetan banatzeko. Gero, txirrindulari bakoitzaren ezaugarrien arabera, Giroa, Tourra edota Vueltan parte hartuko dutenak aukeratzen dira, batez ere Tourrean zentratuta, garrantzitsuena bait da. Nik, betidanik, Tourra eta Vuelta egin ditut eta orain arte ondo atera da. Aurten ere horrela egitea espero dut.

Nortzu izango dira datorren epealdian zure etsai nagusiak?

Asko dira. Ez da txirrindulari bakarra. Asko gara maila berdintsua dugunak. Bugno hortxe dago, Ciapucci ere, Breukink, Alcalá ere, Lemon, Perico, Fignon… Betikoak eta belaunaldi berrikoak. Gero ere, batzuek beste batzuek baino urte hobea dute eta ez bakarrik prestakuntzagatik, baizik eta osasuna edo arazoak direla eta.

Kuriositate bat. Nola lortzen duzue txirrindulariek hain pultsazio gutxi izatea?

Gehiena jaiotze kontua da. Berezkoa da. Adibidez Gorospek, forman dagoenean, uste dut minutuko 60 pultsazio dituela. Pultsazio gutxi izateak ez du esan nahi txirrindulari ona zarenik, baizik eta denbora gehiagoz errazago iraungo duzula. Txirrindularitza ez da kirol biolentoa, fondoa izan behar duzu. Entrenatzerakoan azkenean horretara heltzen zara, pultsazio gutxi izatera. Nik, adibidez minutuko 32-34 putsazio edukitzera heldu naiz.

NORTASUN AGIRIA

1,84 metrotako altuera eta 73 kilotako pisua du. Nafarroa Oinezeko kanpainan parte hartuko du. Txirrindularia izatera kasualitatez heldu dela aitortzen du. Txirrindularia ez balitz nekazal munduan ibiliko litzateke. Mekanikako ikasketak amaitu gabe ditu. Bizikleta zortzi bat aldiz lapurtu diote. Etxeko egongelako armairuak dominaz, plakaz eta kopaz beterik daude.

Myriam Gartzia

—————————–

Elkarrizketa guztiak:

Luis Otaño: ilusio aundiena, klasika bat irabaztea… eta ezkontzea (1963)

Txirrindulari trebia, Sagardui (1964)

Gabika: Txirrindularia izateko beharrezkoena, “amor propiua eukitzea” (1965)

Jesus Loroño: “Euskaldunei Tour bat irabazteko egurra falta zaie” (1987)

Marino Lejarreta: “Hemendik kanpoko afizioan fanatismo gehiago dago” (1986)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07