blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Komikia: “Sasi artean Elgeta” + Getxoko Azoka

Gaur (hilak 29), Sasi arten Elgeta komikia aurkeztuko dute Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Donostiako Elkar liburu-dendan. Koldo Izagirrek idatzi du gidoia, Dani Fanok egin ditu marrazkiak, eta Garluk-ek koloreztatu du. Xabiroi aldizkariak puskatan publikatu du komikia, eta album formatuan argitaratu dute orain.

Jacinto Rivas Elgeta trikitilaria (1906-1964) da komikiko protagonista nagusia, umezurtza izanik, Intxuzabal baserrian hartu zutena. Koldo Izagirrek bazuen egina Elgeta-ri buruzko biografia (Elgeta, sasiaren sustraiak), eta hura izan zen komikiaren abiapuntua. Trikitilariaren bizitza ezagutzeak gerra aurreko eta osteko garaietara gerturatzeko aukera ematen du, Larraitz Zeberio Lekuonak nabarmendu bezala Goiena aldizkarian: “Ez zituen baserriko lanak maite, eta trikitiarekin hasi zen. Eibarren garatu zuen bere kontzientzia politikoa. Sozialista zen. Gerra eta kartzela ere ezagutu zituen, eta beti ibili zen boteretik urrun zegoen esparruetan. Akaso horregatik dago hain informazio gutxi, baina esan daiteke trikitilari belaunaldi oso baten maisu izan zela. Baserriz baserri ibili zen eskolak ematen, eta hori izan zuen bizimodu. Trikitia bera hobetu zuen, eta errepertorioa nabarmen aberastu zuen”.

Komikiaren aurkezpen-bideoa:

 

Getxoko Komiki Azoka, aurten bai

Gauzak ari direla apurka-apurka lehengora(-edo) itzultzen… Iaz, pandemiak behartuta, Getxoko Komiki Azoka ez zen egin, nahiz eta solasaldiak, mahai-inguruak eta komiki-aurkezpenak antolatu zituzten. Zorionez, bueltan da berriro. Urriaren 1etik 3ra bitartean egingo da 19. edizioa, Areetako Geltokiko plazan (40 erakusmahai inguru jarriko dituzte bertan) eta Romo Kultur Etxean (komiki aurkezpenak, tailerrak, mahai-inguruak eta banpiroa oinarri duen erakusketa egingo dira bertan, besteak beste).

Aurten hamar autore gonbidatuko dituzte azokara: Kim, Javier Olivares, Santiago Sequeiros, Sara Soler, Luis Bustos, Simonides, Elsa Ruiz, Mónica Landa, Fernando Blanco eta Alvaro Martínez Bueno. Halaber, Alex Orbek, Unai Elorriagak, Koldo Azpitartek,  Josune Urrutiak,  Raisa Alavak, Asier Iturralde ‘Gaston’-ek,  Joseba Larratxe ‘Josevisky’-k, Mikel Begoñak eta  Teresa Castrok ere hartuko dute parte, beste zenbait sortzailerekin batera.

EGITARAUA

 

The post Komikia: “Sasi artean Elgeta” + Getxoko Azoka appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07