blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Kirolari transexualak | “Zientifikoki ezinezkoa da sexuak bereiztea testosterona mailaren arabera”

“Testosteronarekin, beste ezaugarri batzuekin bezala gertatzen da, aldakortasun izugarria dago, emakumeetan eta gizonetan. (…) Oso zaila da sexuak bereiztea testosterona mailaren arabera. Beno, ez da zaila, ezinezkoa da zientifikoki”. (V. Ley, Espainiako Ikerketa Agentziako Koordinazio eta Ebaluazio dibisioko zuzendaria)

“Kirol-legediak erronka handia du. Bi kategoriak mantentzen baldin badira, emakumezkoena eta gizonezkoena, litekeena da giza-eskubideek talka egitea berdintasuna bilatzen duten kirol-araudiekin. Nire iritziz, puntu horretara iritsita, giza eskubideak gailenduko dira”. (J. Domingo Monforte, abokatua)

“Ezaugarri fisiologiko askok hainbat kiroletan abantaila ematen dute, argiena garaiera da saskibaloian. (…) Desberdintasun fisiologikoei mugak jartzen hasten bazara, muga ikaragarri jarri beharko zenituzke eta ezinezkoa da. Garaierari, pisuari, gihar bolumenari… ematen zaion tratu bera eman behar zaio sexuari”. (V. Ley)

Chelsea Wolfe BMX ziklista estatubatuarra / Atsusi Tomura. Getty Images

Tiffany Abreu boleibol jokalaria, Chelsea Wolfe BMX ziklista eta Laurel Habbard pisu-altxatzailea 2021eko Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortzear dira. Emakume transexualak dira ordea, eta Jokoetan lehiatu ahal izateko beharrezkoa dute testosterona-maila jaistea. Duela bost urte Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (COI) baldintza bat ezarri zuen: emakume transexualek beharrezkoa dute mediku-tratamendua jasotzea, euren testosterona-maila emakumeei dagokien ustezko gehienekoaren (10 nanogramo, odol milimetro bakoitzeko) azpitik egon dadin.

Batzuentzat, testosterona-maila jaitsita ere, emakume transexualek fisikoki abantaila izango dute, nerabezaroak emandako memoria muskularra edota hezurdura desberdina dutelako. Eta aspaldi ikasi genuenez kirolean inportanteena ez dela parte hartzea, irabaztea baizik, emakume horien parte hartzeak lehia natural eta sanoa desitxuratzen duela uste du jende askok, desitxuratzen duten bezala geroz eta kirolari transexual gehiagok, irabazteko lotsa gutxi duten horiek bereziki.

Aitortu beharra daukat gaiaz apenas hausnartu dudala orain arte, baina ARGIAn transexualitateaz plazaratu berri ditugun bi elkarrizketa interesgarrik eta Joko Olinpikoei buruzko albiste batek nire arreta piztu dute. Inoiz pentsatu izan dut: bale, transexualek abantaila izan dezakete, baina abantaila izan dezakete ere entrenatzeko edota goi-mailara heltzeko baliabide gehiago dauzkaten atletek, kirolerako testuinguru sozio-ekonomiko-politiko egokiagoan bizi direnek, aita ponteko edota agente edota mediku “hobeak” dituztenek, “diruz” oparoago dabiltzanek… Baina esandakoa, nire hausnarketa sakonak horraino heldu dira.

Lankide batek eman dizkit gaiari buruzko pista gehiago. Horiez hitz egin aurretik, aipaturiko bi elkarrizketak ekarriko ditut hona. Rina Cabeza Calderón 18 urteko emakume transexual azkoitiarrari Mikel Eizagirrek egindakoa da bat. Pasarte batzuk nabarmendu ditut, kirolaren gaiarekin loturarik badutelakoan:

Espainiako Estatuak zein baldintza jartzen dizkizue zuen nortasuna ofizialki aitortua izan dadin?
Batetik, gutxienez 18 urte izan behar dituzu. Bestalde, nortasun agiri espainola izan behar duzu. Gainera, bi urteko hormonazioa eskatzen dizute behinik behin, fisikoki eta psikikoki suposatzen duen guztiarekin… Emakume transen kasuan, gorputzean aldaketa jakin batzuk gauzatzea eta gizarteak eskatzen duen emakume itxurara moldatzea da horren helburua.

 

Nola eragin diezaieke pertsona transei muga horiek kentzeak?
Askoz hobea litzateke egoera. Azken finean, zalantzan jartzen zaituen norbait duzu inguruan uneoro, zure nortasunean bizitzeko pauso jakin batzuk ezartzen dizkizute. Muga horiek altxatzea beharrezkoa da. Pentsa, pertsona trans batek hormonatu nahi ez badu, ez du nortasun agirian generoa aldatzeko eskubiderik. Alderatzearren, gaur egun ebakuntza ez da derrigorrezkoa, baina duela hamar urterarte bai. Auzitegiko medikuak berretsi behar zuen benetan operatuta zeundela; baginaren sakontasuna neurtzen zizuten emakumea zarela baieztatzeko.

 

Zein da solasaldietan gehien azpimarratzen duzun ideia?
Transexualitatea hedabideek oso gaizki tratatzen dutela. “Sexu aldaketa” bailitzan hitz egin ohi da, eta ez da hala. Kontua ez da ni lehen mutila nintzela eta orain neska, betidanik izan bainaiz neska, hala ikusi ez nauten arren.

Pol Galofre gizon haurdunari Saioa Baleztenak egindako elkarrizketa da bestea. Majo hautsi dizkit eskemak! Ez nuke asmatuko zein pasarte nabarmendu. Hauek agian, hormonazio prozesuak hizpide dituztelako.

[Espainiako Estatuan] sexu aldaketa egiaztatzeko ezinbertzekoa da zure gorputzean bi urtez aldaketa hormonalak egin dituzula justifikatzea. Hormonazio prozesua testosteronaren bitartez egiten baduzu, eta aurrerago bertan behera uzten baduzu, litekeena da haurdun gelditzea; baina progesterona eta estrogenoak erabiltzen dituzten pertsonek arrisku handia dute antzu gelditzeko.

 

Espainiako Estatuan eta hemendik kanpo, pertsona trans anitzen bidea hurrengoa da: lehenik psikologo edo psikiatra batek diagnostikoa egiten dizu, transexualitatea patologizatuz; ondoren endokrino batek hormonazio prozesua abiatzen du; eta horrek eragindako aldaketak ongi jasotzen dituzunean, mahai gainean jartzen dizuten lehen aukeretako bat histerektomia da, uteroaren eta obuluen hustuketa. Horrek bi ondorio ditu: batetik, trantsizioaren prozesua azkartzea, “nahi ez dituzun hormonak” kentzen dizkizutelako zuzenean; eta bertzetik, hormona sintetikoen menpeko bilakatzea bizi osorako. Eta noski, antzututa.

Gogora ekarri dezagun orain Onintza Irureta kazetariak blogean plazaratutako post hau: “Pertsona batzuen sexua zehaztea oso zaila da”. Artikuluak hizpide zuen, batetik, emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketan hainbat jokalarik sexua egiaztatu behar izateko hartzen ziren neurriak. Bestetik, Onda Vasca irratian Victoria Ley AEI Espainiako Ikerketa Agentziako Koordinazio eta Ebaluazio dibisioko zuzendariari egindako elkarrizketa euskaraturik jaso zuen Iruretak. Hona galdera-erantzun zenbait:

Zientzialarien artean ere, ez dira ados jartzen zein parametro hormonalek zehazten duen zein den emakumea eta zein gizona.

(…) Gero eta nabarmenagoa da sexua ez dela kontu binarioa, emakumea eta gizona, espektro zabala dagoela, aniztasun ikaragarria dagoela. Garapen sexualean zerikusia duten gero eta gene gehiago aurkitzen dira, eta gaur egun kontua ez da Y kromosoma edukitzea edo ez edukitzea, hori baino askoz gehiago da. Autore batzuen ustez, populazioaren ehuneko batak garapen sexualeko nahasmenen bat du, garapen sexualean edozein aldaketak, txikia bada ere, desberdindu egiten zaitu, eta batzuen kasuan ezin da erabaki emakumea edo gizona den, inolako parametro biologikorik edo genetikorik erabilita.

 

Zuzenena norberaren sexu nortasuna kontuan hartzea litzatekeela esan nahi duzu? Kirol araudia zaharkituta dagoela?

Nik uste dut baietz. Arrazoi zientifikoen bidez ezinezkoa da. Emakumeari, edo gizonari, galde diezaiotela zein den bere sexu nortasuna. Beste alor batzuetan horrela egiteko eskubidea dute. (…)

 

FIFAk, genero egiaztapenaren bidean, adibidez testosterona maila altua hartzen du kontuan. Semenya etortzen zait burura. Tranpatia deitu zitzaion, testosterona maila altua zuelako, gizona zela esateraino. Horraino iritsi gara.

Semenyarena umiliagarria eta sumingarria izan zen. Eta beste kirolari askorena ere bai. Testosteronarekin, beste ezaugarri batzuekin bezala gertatzen da, aldakortasun izugarria dago, emakumeetan eta gizonetan. Egia da gizonek maila altuagoa dutela normalean, baina tarte batean emakumeen eta gizonen mailak bat egiten dute. Oker ez banago kirolarien % 14k maila bera dute, emakumeek eta gizonek. Oso zaila da testosterona mailaren bidez diferentzia egitea, eta gainera, bizitzako hainbat egoeratan maila aldatu egiten da, kirol lehiaketa garaian adibidez gora egiten du. Oso zaila da sexuak bereiztea testosterona mailaren arabera. Beno, ez da zaila, ezinezkoa da zientifikoki.

Besteak beste Y kromosoma eta Caster Semenya atleta aipatzen zituen Leyk. Javier Sánchez kazetariak El Mundo egunkarian plazaratu berri duen Tres mujeres transexuales a las puertas de los Juegos: ¿Tienen ventaja o sufren discriminación? (Hiru emakume transexual Jokoen ateetan. Abantaila dute ala baztertuak daude?) erreportajera eraman gaitu horrek. Dioen moduan, 80ko hamarkadan, kromosomen proba egiten hasi ziren atletismoan. XY kariotipoa zeukanari betoa jartzen zitzaion. Atleta espainiar batek, Maria José Martínez Patiñok, 46 XY kariotipo “arraroa” zeukan, eta androgenoenganako sentikortasunik ezaren sindromea. Hori horrela, ezin lehiatu egon zen urtetan, kromosomen probaren zehaztasun eza demostratu eta neurri hori baliogabetu zen arte.

Caster Semenya atleta hegoafrikarra / Athletics Weekly

Zer gertatu zen gero? Caster Semenya atleta agertu zen. 2009ko Berlingo Jokoetan, 18 urte zituela, Semenyak hegan egin zuen 800 metroko lasterketan. Bulegoek dar-dar egin zuten orduan, kazetariak dioenez: “Hiperandrogenismoa –testosterona maila altua–zeukan emakume hark ez zuen kanon femeninoekin bat egiten, eta bera geratzen saiatu ziren”. Testosterona-maila mugatu beharra zegoen; neurketa berriek hura izango zuten ardatz. Kirol erakundeek Semenyaren aurkako arauak ezarri zituzten ad hoc, “baina inork ez zuen emakume transexualengan pentsatu”. Patiñoren hitzetan –gaur egun COIeko mediku- eta zientzia- batzordeko aditu taldeko kidea da–, markadore berriak identifikatu behar dira, genero-kategoria bakoitzean berdintasuna bermatu dadin.

[Info+: Semenyaren abokatuek diote 800 metrotan munduko eta olinpiar txapelduna emakumea dela ‘zalantza izpirik gabe’. BBC. 2019-02-14]

[Info+: Semenyak iragarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramango duela Nazioarteko Atletismo Federazioarekin duen gatazka, testosterona mailaren ingurukoak direla-eta. TAS Kirolaren Arbitraje Auzitegiak atzera bota zuen Semenyak aurkeztutako helegitea. AS. 2020-11-17]

Genero kategoriak desberdintzen ditu Patiñok. Baina, eta etorkizunean kategoriarik ez balego? Alegia, ez baleude gizonezkoen eta emakumezkoen mailak, baizik eta maila bakar bat, generoa kontuan hartuko ez duena? Bai, onartu beharra daukat galderak ni ere jokoz kanpo harrapatu nauela. Zientzian bilatu behar da erantzuna. Ley-ren elkarrizketari tiraka, hobe uler daiteke:

Gizonezkoen lehiaketetan gizonak eta emakumeentzako lehiaketetan emakumeak. Horretarako muga, balore eta mailak jartzea hain konplexua bada, ez ote zaio zezenari adarretatik heldu behar eta ez ote dira lehiaketa mistoak egin behar? Ez dakit nola planteatu beharko litzatekeen gai hau.

Emakumeek emakumeekin jokatzea nahiago dutela iruditzen zait. Bere burua emakumetzat badu (beste gauza bat da lehiaketa baterako sexua aldatuko balu) kontuan hartu behar da. Eta bestetik, ezaugarri fisiologiko askok hainbat kiroletan abantaila ematen dute, argiena garaiera da saskibaloian. Batzuek normaltzat hartzen denetik kanpoko garaiera dute, abantaila dute, eta jokatzen uzten zaie. Batzuek giharretako hipertrofia daukate eta kirol batzuetan abantaila izan daiteke. Eta abar. Desberdintasun fisiologikoei mugak jartzen hasten bazara, muga ikaragarri jarri beharko zenituzke eta ezinezkoa da. Baina badiot, garaierari, pisuari, gihar bolumenari… ematen zaion tratu bera eman behar zaio sexuari.

 

Gizonek ez dute egiaztatu behar izan haien sexua.

Haiek ez.

 

Kirol mundua aurrerapen etikoetatik at bizi dela erakusten duen beste adibide bat al da?

Aurrerapen etikoetatik baino aurrerapen zientifikoetatik esango nuke. Heziketa zientifikoa daukat eta ikuspegi horretatik baino ez dut hitz egiten. Ikuspegi zientifikotik ezin dira justifikatu egiten ari diren gauza asko. Ez da alor guztietan gertatzen, dopinean askoz zientifikoagoak dira eta hobeto ari dira.

 

Araudiak biologiara ala biologiak araudira, zeinek zertara moldatu behar du?

Araudiak biologiara, jakina.

Zentzu horretan, interesgarria da Jose Domingo Monforte abokatuak El Mundo-ren artikuluan planteatzen duena: “Kirol-legediak erronka handia du. Bi kategoriak mantentzen baldin badira, emakumezkoena eta gizonezkoena, litekeena da giza-eskubideek eta berdintasuna bilatzen duten kirol-araudiek talka egitea. Nire iritziz, puntu horretara iritsita, giza eskubideak gailenduko dira. Hau da, emakume transexual bat emakume bezala aitortua bada ondorio orotarako, emakumezkoen mailan lehiatzen utzi behar zaio, baldintzarik gabe, gehienezko testosterona-maila izan daitekeen moduan. Kirolari transexual batek bazterketa sufrituz gero, eta bere kasua justizia arruntera eramango balitz, oso litekeena da hark arrazoia ematea. Gaur gaurkoz, ez dago jurisprudentziarik Semenyaren kasutik harago, baina segur aski egongo da”.

Garaiera, abantaila

Halaber, Leyren hitz hauek ere ematen dute zer pentsatua: “Ezaugarri fisiologiko askok hainbat kiroletan abantaila ematen dute, argiena garaiera da saskibaloian. Batzuek normaltzat hartzen denetik kanpoko garaiera dute, abantaila dute, eta jokatzen uzten zaie. (…) Garaierari, pisuari, gihar bolumenari… ematen zaion tratu bera eman behar zaio sexuari”. Ezaugarri fisiologikoak. Faktore hori ez nuen buruan orain arte. Baina bai, egia da, 12-13 urteko gazteen arteko atletismo proba batzuetan –adibide bat jartzearren–, gorputza garatuagoa daukaten horiek abantaila dutela: altuagoak dira, indartsuagoak… Eta denak maila berean lehiatzen dira.

Tira, gaurkoz uste dut nahikoa dela. Gaiak ekarriko du sokarik, zer hausnartu eta eztabaidatu…

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07