blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Kalean baloiarekin jolastu ahal izatearen alde; futbolzentrismoaren aurka

“Baloia, azkenean ere, Bartzelonako kaleetara itzuli da”, irakurri dugu Panenka aldizkariaren webgunean. “Bartzelonako Udalak bertan behera utzi du kalean baloiarekin jokatzea eragozten zuen debekua. Ume askok irri egiten du berriro ere”.

Gisa honetako seinalerik ez da gehiago ikusiko Bartzelonako plazetan / Àlex Garcia, La Vanguardia

“Proiektuaren helburua da umeen jolaserako eskubidea bermatzea”, azaldu dute Ana Colau buru duen udal-gobernuko ordezkariek. “Nahi diogu hiria zabaldu umeen jolasari, eta gehiago ez kriminalizatzea, orain arte egin den bezala”. Diotenez, jolasa ez dute espazio itxietara mugatzerik nahi.

Apurka-apurka, baloiarekin jolastea debekaturik dagoela dioten seinaleak kendu eta beste batzuk jarriko dituzte, albokoak errespetatuz jolastera dei egingo dutenak. Proiektuak makina bat neurri gehiago jasotzen du: igandeetan kale batzuetako trafikoa moztea, eskoletako patioen erabilera sustatzea, jostailuak maileguan hartzeko guneak jartzea, jolas inklusiboa bultzatzea… helburu izanik umeen jolaserako eta esploraziorako aukerak biderkatzea.

Jolasa, espazio seguruago baterako bitartekoa

“Baloia kaleetara itzultzea lagungarri izango da jokalariek hainbat gauza ikasteko, bereziki barkamena eskatzen jakiteari dagokionez”, idatzi du Andrés Gil kazetariak Panenkan. “Guztioi gertatu zaigulako, jolasean ari garela, nahi gabe baloiak norabide okerra hartzea eta bere lagunekin bankuan eguzkia hartzen ari den emakume gaixoa jotzea. Une horretan, beti ere baloia bota duena kikilduz gero, ausartenak  joan beharko du barkamena eskatu eta baloia hartzera. Modu horretan, Udalaren helburuetako bat ere beteko da: errespetua eta elkarbizitza oinarri dituen jolasa sustatzea”.

Proiektuak izan ditzakeen aldeko eta aurkako argudioekin, Gilek dio une egokia dela protagonismoa emateko honen guztiaren onuradun nagusiei, umeei alegia. “Sedentarismoa eta pantailatxoekiko adikzioa ikur dituen gizartean, proiektu honek bilatzen du, baloi bat bezalako gauza soil baten bitartez, txikienek lagun berriak egitea eta jolaserako ilusioa elkarbanatuz dibertitzea”.

Bartzelonako Udalaren ekimena txalotzea besterik ez dago, bereziki gisako proiektuek bilatzen badute ez soilik jolaserako-eremuak zabaltzea, baita, esaterako, ingurune parekideagoak sortzea edota futbola ez beste jarduerak ere sustatzea, Bartzelonako Gràcia auzoan egin bezala. “Kalea guztiona da eta elkarbizitzak du lehentasuna, baina baita espiritu ludikoak ere, zeinak espazio publikoari ematen dion ez soilik bizitasuna, baita segurtasuna ere”, zioen horren haritik El Periódicoren editorialak. Interesgarria iruditu zait segurtasunaren inguruko aipua. Pentsatu gabe nengoen horretan…

Futbolzentrismoaren aurka

Futbolaz gaindiko jarduerak izan dituzte kontuan Gràcia auzoan. Hain justu, Bartzelonan baita ere, Equal Playgrounds proiektua jarri dute abian, ikastetxeetako patioak parekideagoak bilakatzea xede, ikusi dutelako patioen %75 inguru “futbolzentrikoak” direla. Alegia, pista nagusiak hartzen du eremu ia osoa, eta beste jolas batzuetan aritu nahi duten neska eta mutikoak alboratuta geratzen dira, jarduera estatiko eta pasiboagoetan murgilduaraziz. Futbol zelai batean jolas dezaketen bitartean ikasleen %30 inguru, proiektuko kideek egindako esperimentuak (eremu-banaketa berria proposatu dute) erakutsi du %85ak jolastu ahal duela arazorik gabe. Helena Cardona arkitektoaren hitzetan, “harreman zuzena dago ikastetxeetako patioen eta genero desberdintasunen artean, gure kulturan futbolak inbaditzen duelako espazio ia osoa, non mutilak aritzen diren bereziki –eta baloia ongi ukitzen duten neskak–”.

Burlatan ere, debekuaren aurka

Duela urtebete, Bartzelonak orain hartu duen erabakiaren ildotik, aldaketak izan ziren Burlatako zenbait karrika eta plazetan. Ordura arte haurrek debekaturik zuten baloiarekin edo bizikletan jolastea, eta orduz gero Errespetuz jolasten gara goiburua duten xaflekin egiten dute topo.

La señal ha sido diseñada por Aitor Unzu y puede leerse en español y en euskera

“Kalea denona da” ekimenaren baitan onartu zituzten neurri berriak.

Ez da ekimen txarra, baloiaren bueltakoa jolas den bitartean, eta ez joko…

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07