Bero kolpea dela-eta, gaurtik igandera bitartean aire zabalean egitekoak ziren kirol probak bertan behera utzi dituzte Frantziako Estatuko zonalde batzuetan, Pirinioetako departamentuetan kasu. Horrek eragin du, besteak beste, ezeztatu behar izatea Bidarrai eta Itsasu lotzen dituen Hirukasko mendi martxa, eta Maule eta Atharratze arteko Xiberoko Üngürüa (Tour de la Soule) dozena erdi etapako lasterketa.
“Aro iragarpenak ikusiz, eta prefekturaren zerbitzuen aholkuak segituz, Hirukasko 2022 ezeztatzea deliberatu dugu”, azaldu dute mendi martxaren sustatzaileek. “Erabaki zaila izan da, baina ardura handiarekin jokatu nahi izan dugu, ez baitugu zuek urte guziz konfiantza egiten diguzuen mendizaleek, alferrikako arriskurik hartzea nahi. Hurrengo egunetan kontaktatuko zaituztegu berriz, dirua nola itzuliko dizuegun argitzeko. Hirukasko ez baita bakarrik kirol froga bat baina elgarrekin momentu goxo baten pasatzeko parada ere, hitzordua emaiten dizuegu larunbatean Atharrin arratseko 6etatik goiti, garagardo fresko baten inguruan. Gaualdi animatua eta jatekoa.
Etorri Arrokagarai ikastolaren sustengatzerat eta segur gira positiboki bizituko dugula!”.
Quebrantahuesos ere bertan behera
Espainiako Estatuan, bestalde, Aragoiko Gobernuak erabaki du Quebrantahuesos bizikleta martxa, edo lasterketa, bakoitzak balia dezala nahi duen terminoa, bertan behera uztea. Ibilbideak Frantzian egin ohi ditu hainbat kilometro, eta batzuek diote bertan hartutako erabakiak behartu dituela antolatzaileak Quebrantahuesos ezeztatzea. Bestelakoan, egin, egingo zela. Auskalo. Egiari zor, Aragoiko Gobernuak adierazia zuen bertan behera uztea litzatekeela egokiena.
Zentzuzko erabakiak dira, kirolarien osasuna erdigunean jartzen badugu, nahiz eta, antza, Quebranta-rako izena emana zuten ziklista batzuek asmoa daukaten bestela ere ibilbidea osatzeko, horrek dakarren arriskuarekin. Horrelako proba baterako prestatu, astebururako plana lotu eta hau gertatzeak amorrua ematen du, baina…
The post Hirukasko eta Xiberoko Üngürüa bertan behera, bero-sapagatik appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.