blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Futbola edo: Pistoladun presidentea, heriotz mehatxuak… Arrak borrokan

Ziurrenik ikusiko zenituzten irudiak. Grezian gertatu da, Salonikako PAOK eta Atenaseko AEK futbol taldeen arteko partidan, 90. minutua pasata. Arbitroak baliogabe laga zuen PAOKen gol bat, goleatzailea jokoz kanpo zegoelako. Erabakiak etxekoen haserrea piztu zuen, eta sortu zen kalapitaren erdian Ivan Savvidis presidenteak zelaira egin zuen salto, pistola bat soinean eta bizkartzainak inguruan. Partida hura ez ezik, Liga ere aldi baterako bertan behera uztea erabaki du Gobernuak, eta poliziak agindua du Savvidis, greziar jatorriko errusiar magnatea, atxilotzeko.

Click here to view the embedded video.

Duela hogei egun idatzitako artikuluan, futbola zirkoa ez baizik eta gerra dela nioen, eta horrelakoek uste hori indartu besterik ez dute egiten. Gerra horretako subjektu bat gehiago da pistoladun presidentea. Baita asteburuan Ingalaterra eta Frantziako futbol zelaietara salto egin duten zaleak, eta Hanburgoko jokalariak mehatxatu dituztenak.

Ingalaterran, Londongo West Ham taldeko zaleak izan dira zelaira salto egin dutenak, jokalarien jarreragatik protestan (0-3 galdu zuten Burnley-ren aurka)

Click here to view the embedded video.

Partida horretan, West Hameko zaleak mutur-joka aritu ziren… euren artean. Panorama ikusita, bisitarien (Burnley) ordezkoek, harmailetan ziren ume batzuk haien albora ekarri zituzten, kolpeek tartean ez harrapatzeko.

Click here to view the embedded video.

Frantzian, Lille taldeko zaleak atera dira saldoan futbol zelaira, Montpellierren aurkako partidan.

Click here to view the embedded video.

Eta Alemanian, Hanburgoko zaleek hamaika gurutze paratu dituzte, mehatxu moduan, taldeak entrenatzen duen zelaian.

“Heldu da zuen ordua! Ez duzue ihes egingo!”, dio gurutzeen alboan ageri den mezuak.

Amaitzeko, beste hau: Sky Sports telebista kate britainiarrak Jamie Carragher futbolari ohi eta esataria lan eta soldatarik gabe utzi du (ez dakigu zenbaterako), autoan zihoala zale batzuei txistu egin ostean.

Bitxikeria edo paradoxa edo ziur nola definitu ez dakidan moduan (termino gogorragoak erabili beharko lirateke ziurrenik), datu hau:

Goiko bideoetan ageri diren subjektu (ia) guztiak gizonezkoak dira, salbu eta Carragherren listua musura erortzen zaion 14 urteko neska (autoaren atzealdean zihoan…). Aitzakia paregabea Berria egunkarian plazaratutako bi artikuluok aipatzeko:

Baloia, munduaren metafora biribil hori (Anjel Lertxundi, 2018-03-04):

Artikulu honetarako nota batzuk hartzen harrapatu ninduten orain hamar bat egun San Mames inguruko liskarrek. Arrak ziren bertako tribalismoa eta indarkeria; maskulinitatearen baitakoak ziren liskarraren formak, oihuak, liturgia; ar usaina zerion hooliganen arteko talkari, arra zen poliziaren jazarra. Iñigo Martinezen fitxaketa-inguruko kontsiderazio batzuk taxutu nahian nenbilen ni, baina ez nituen berritu nahi fitxaketak harrotutako hautsak —diruaren munta eta distira, enegarren traizioak zaharberritutako probintzien arteko bekaitza, Martinezek erabili zuen euskara…—.

Ainhoa Azurmendi: “Gotorleku bat da futbola maskulinitate hegemonikoarentzat” (2018-02-24):

Gizarteko beste arloetan onartzen ez diren zenbait kontuk askatasun osoa dute futbolean. Gotorleku bat da askorentzat, batez ere, maskulinitate hegemonikoarentzat (…)  Guztiz maskulinoak diren gero eta espazio gutxiago geratzen dira, baina futbola horietako bat da gaur-gaurkoz oraindik. Futbola maskulinitatearen azken bastioia da. Kirola arlo maskulinoa izan da beti; baina are gehiago futbola. Maskulinitatea modurik handienean adierazteko lekurik aproposena bilakatu da; gizonek amorrua eta gorrotoa ateratzeko duten toki egokiena da, esaterako.

Nioena, zirko usaina baino, gerra kiratsa hartzen diot geroz eta gehiago honi guztiari…

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07