blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Froomen positiboa eta ‘Euskadi’ izena nork eramango lehia… edo ziklismoak zenbat gogaitzen nauen

Realak azken partida galdu ostean –Malagaren aurkakoa– Whatsapp mezua jaso nuen, J.B. Toshack entrenatzaile ohiaren esaldi batekin: “Astelehenetan hamar jokalari aldatuko ditudala pentsatzen dut, astearteetan zazpi edo zortzi, ostegunetan lau, ostiraletan bi, eta larunbatetan kabroi igualek jokatu behar dutela”. Antzerako zerbait gertatzen zait txirrindularitzarekin. Dopin kontuen inguruko albisteak entzutean pentsatzen dut nahikoa dela, ez dudala kirol hori zale (ero) moduan gehiago jarraituko; egunak pasa ahala, ordea, ostia txarra edo ziur nola deskribatu ez dakidan sentimendua apaldu eta denboraldia hasteko grina berpiztu egiten da nigan. Oraingoan, baina, ez dakit harrapatu dutena Chris Froome delako edo zergatik, kostako zait txirrindularitza “kirol fartsa” bat dela dioen jendeari oker dabilela esatea, neu ere konbentzitzen hasia bainago gezur handi bat dela hau guztia, sinestea kostatzen den antzezpen bat. Antzezpen sarri erakargarria, baina fikzioa azken finean.

Honezkero jakingo duzue zer pasa den. Froomek, besteren artean Frantziako Tourra lau bider eta Espainiako Vuelta behin irabazi dituenak, positibo eman du salbutamol -Ventolin- substantziarekin. Aurtengo Vueltan –berak irabazitakoan– egindako kontrol batean atzeman zioten gehiegizko kontsumoa. Antza, asma izatea ez da nahikoa aitzakia ziklista britainiarrak emandako zifra (2000 ng/ml) argudiatzeko. Irakurri ezazue faborez beti zorrotz aritzen den Sergio / Ciclismo2005 blogariaren analisia (gaztelaniaz dago), merezi du-eta. Ez dut deus gehiago gehituko. Gaur ez behintzat. Beste analisi bat ekarri nahiko nuke orain…

…Eneko Garatek idatzi duena, bi ataletan banaturik, Tropela.eus blogean: Euskal txirrindularitzaren pentsamendu bakarra I eta Euskal txirrindularitzaren pentsamendu bakarra II. Garate ari da Euskadi-Murias (talde profesional kontinental) eta Euskadi Fundazioaren (kontinentala) arteko elkarbizitzaz-edo, hitz batean laburtzearren. Eta laburtzearren esaldi bakarrean, hona lehenbiziko atalean irakurri dezakegun hau: “Euskadi izena nork eramango da kontua. Beste era batera esanda, ‘euskaltasunaren’ monopolioa edo talde hegemonikoa nor izango lehia”.

Bigarren atalean bada, era berean, Euskal Herriko itzuliaren gainbeheraz pasarte interesgarria: “Eusko Jaurlaritzak Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia elkartzera bultzatu zituen. Urteak pasata, argi geratu da helburu nagusia Jaurlaritzak txirrindularitzan diru gehiago ez inbertitzea (gastatzea) zela. Ez antolakuntza mailan edo kirol mailan hobetzea. Urteak pasa dira, derrigorturiko ezkontza hura dibortzioan amaitu da, baina gainbeheran jarraitzen du gure lasterketak (…) Ez da nire inpresioa soilik, horren adierazgarri adibidez iaz nazioarteko txirrindularitza kazetarien elkarteak idatzi zuen txosten hau“.

Nioena, ziklismoari buruzko albiste batzuek utzitako aho-zapore mingotsa leuntzea geroz eta gehiago kostatzen zait. Dopina da askotan, baina horri gehitu behar zaizkio gure taldeen eta Itzuliaren ingurukoak. Eskerrak gaiaz idazteko batere gogorik ez daukagunean (kazetari-zale gisa) Sergio eta Enekoren moduko analisiak irakurtzeko parada daukagun, akuilu direnak informazioa pilatu eta jendearekin eztabaidan jarraitzeko.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07