blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

FIFAren misioa: Afrikarrek motibo gutxiago izatea itsasoa zeharkatzeko (!)

Gianni Infantino / FIFA.COM

Gianni Infantino FIFAko presidenteak nahi du Munduko Futbol Txapelketa bi urtean behin jokatzea. UEFAk ordea gaur arte bezala jarraitu nahi du (lau urtean behin antolatzen da txapelketa). Ohituak gara FIFAren ahotik justifikazio xelebreak entzutera, erakundea lokaztu duten ustelkeria kasuen aurrean adibidez, baina ederra bota du Infantinok oraingoan.

Munduko txapelketa bi urtean behin jokatzea nahi du, kontinente guztiei emateko aukera, eta ez soilik “guztia daukaten” horiei. Bere ustez “mundu osoa” hartu beharko litzateke kontuan, Afrika bereziki. “Afrikarren artera itxaropena eraman behar dugu, inoiz Meditarraneoa zeharkatu beharrik izango ez dutela, hemen agian bizitza hobea izateko. Aukerak eta duintasuna eman behar dizkiegu. Ikusten ari gara futbolak daraman bidearekin batzuek guztia daukatela, eta gehienek ez dutela ezer ere.

FIFA bezalako futbol erakunde batek, mundu justuagoa sortzea helburu. Ez da lehenbizikoa. Espainiako Federazioko presidente Luis Rubiales esaterako antzeko terminoetan mintzatu da, Saudi Arabian jokatutako Superkoparen harira: “Berdintasunaren Superkopa da. Federazioaren misioa honakoa da. Badira desberdintasunak dituzten herrialdeak. Egoera horren aurrean, bizkarra eman diezaiekegu ala ez. Herrialde horietan lortzen ditugun irabaziak beste leku batzuetan eskura genitzake, baina bertan bizi diren gizon eta emakumeak laguntzen saia gaitezke. Bizkarra emango al diegu? Herrialdeak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko programa abiarazi du, eta guk hura lagunduko dugu. Herrialdea transformatzen laguntzeko eskatu digute, eta hala egingo dugu. Gauzak aldatzeko aukera daukagu”.

Futbolaren munduak Afrika aintzat hartzeak ez du zertan txarra izan behar, baina FIFAk bere burua izendatzen badu giza eskubideen aldeko abanderatu, badu zer konpondu. Adibidez, 2022an Qatarren jokatuko den Munduko Txapelketa dela-eta futbol estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen ari diren langile afrikarren eskubideak bermatzeko urratsak ematea.

The post FIFAren misioa: Afrikarrek motibo gutxiago izatea itsasoa zeharkatzeko (!) appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07