Euskal selekzioaren afera zeresan ugari ematen ari da egunotan, publiko egin ostean pilota eta surf selekzioek nazioartean lehiako ahal izateko ituna egin dutela EAJk eta PSOEk, Espainiako Kirolaren Lege berriaren bueltan. Egoera zertan den jasoko dut artikulu honetan, baloraziorik egin gabe oraingoan ere.
Euskal Pilota Selekzioa Kolektiboaren agerraldia, pasa den hilean Durangon / Argazkia: EH Kirola
Atzo urrats berria eman zuen selekzioen inguruko ekimenak. Eitb.eus-en irakurri dugu albistea: “Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak Kirolaren Lege berria onartu du (…) Hala, pilotako eta surfeko euskal selekzioak nazioartean lehiako ahalko dira modu ofizialean, EAEn ‘sustraitze historiko eta sozialeko kirolak’ diren heinean. (…) Orain, Senatuan eztabaidatuko dute testua.
Badoa aurrera, hortaz, Senatuko bozketaren esperoan.
Selekzioen aldeko alderdien arteko talka
Kongresuko eztabaidak, baina, egoeraren konplexutasuna agerian laga du. EAJk emandako urratsa nabarmendu duen bitartean, EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak aurreratu du ez diotela “Espainiako selekzioarekin jokatzera behartzen duen” legeari baiezko botorik emango. Azpimarratu du kirolariak ez direla “adingabeak” eta ez dela onargarria ezin erabakitzea “zein banderaren eta zein herrialderen izenean” lehiatu nahi duten. “Lortutakoa gutxietsi gabe, legeak mantentzen dituen morroiloak” kritikatu ditu EH Bilduk.
Aurka agertu den beste alderdi bat, PP edo Vox alde batera utzita, Junts per Catalunya koalizioa izan da. “Inédito choque entre PNV y Junts por la oficialidad de las selecciones deportivas” (EAJ eta Junts-en artean sekula ikusi gabeko talka selekzioen ofizialtasuna dela-eta), dio Diario Vasco-ren lerroburuak. Pilar Calvo ordezkari kataluniarrak, EAJri zuzenduz, deitoratu egin du “Kataluniako independentismoaren ametsari betoa jartzeko Espainiako Ganberaren araudia erabili izana”. Koalizioak selekzio ororen ofizialtasuna –futbola erdigunean jarrita– bilatzen zuen zuzenketa aurkeztu du, aurrera egin ez duena.
Junts per Catalunya-k jeltzaleen kontra eginiko salaketen aurrean, oharra plazaratu du EAJk.”Junts per Catalunyaren proposamena, EAJk tramitazioari betoa jartzea eragiten duena, idatzia izan da akordio horren literaltasuna aldatuz eta akordio horrek jasotzen duenaren kontra eginez, gai hori bera bere taldearen zuzenketa baten bidez bozkatuko baita (Junts per Catalunyaren 106 zuzenketa) eta EAJ-PNVren babesa jasoko baitu”, dio testuak. “EAJk lortutako akordioa bertan behera uzteko Junts per Catalunyak erakutsi duen asmo hori, gainera, atzo arratsaldeko azken orduan aurkeztu zen, Euskal Taldeari jakinarazi gabe, nahiz eta Junts per Catalunyak jakin bazekien lortutako itunaren garrantzi politikoa, bai eta gizartean harrera bikaina jaso duela ere”.
“Are larriagoa da aurrera ateratzen kostata lortu den akordioa arriskutan jarri nahi izatea, ateratzeko aukerarik ez duen proposamena bozkatzeko”, dio agiriaren 4. puntuak. “Eta hori funtsezko kontua da gai honetan: Junts per Catalunyaren proposamenak ez zuen aurrera egiteko aukerarik, baina EAJ-PNVk eta PSOEk lortutako akordio historikoa baliogabetzen zuen. Beraz, Junts per Catalunyaren proposamenaren inguruan hartutako erabakiarekin, EAJk ez du eragozpenik planteatzen,ez betorik jartzen ere, eta ez du ezer saihesten: izan ere, ezin da eragotzi, ez betorik jarri, ez saihestu, gertatuko ez den zerbait”.
Testuinguru horretan, kontuan hartzeko osagaia azaleratu du Aitor Agirrezabal kazetariak Naiz.eus-en: “Negarse a formar parte de la selección española estará castigado por ley” (Espainiako selekzioarekin parte hartzeari uko egitea zigortu egingo du legea). Legearen 98. artikuluari egiten dio erreferentzia, zeinak, kirolaria zigortzeaz gain, klubak zigortzeko aukera ere zabalik uzten duen.
Kazeta.eus-en topatu dugu beste artikulu mamitsu bat, Haritz Larrañagak idatzia, surf selekzioari buruzkoa: “Euskal Surf Selekzioa: Gorabeherak 30 urteko ibilbide malkartsuan”. Ofizialtasunera bidean azken bost urteetan eman diren urrats “esanguratsuez” mintzo da erreportajea.
The post Euskal selekzioa: Talka, ofizialtasunaren aldekoen artean ere bai appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.