Eusko Jaurlaritza, alegia EAJ, nazio ikuspegia eta kirola lotzen dituzten bi albisteren protagonista izan da egunotan. Batetik, “Pilota eta surf selekzioek nazioartean lehiatzeko ituna egin dute Madrilen” (Julen Etxeberriaren artikulua Berria-n). Bestetik, “Euskadik bere zaleak zirrararaziko dituen 2023ko Tourreko Grand Départa aurkeztu du Parisen” (Irekia).
Eta, hemen nago ni, albiste bien aurrean poker face, hainbat jenderentzat “aurrerapauso handia” edo “aukera ederra” diren horien aurrean mesfidati. Sarri gertatzen ari zait azkenaldian kirolari lotutako albiste batzuekin. Belarriekin ere txalo egin beharko nukeenean, beti aipatzen dut “baina” bat bestearen atzetik. Baina…
Espainiako Kirolaren Legeak dioena irakurri eta eskainiko dituen tresnen eraginkortasunaz apur bat hausnartu aurretik ez dut baloraziorik egingo euskal selekzioen aferaz. Kirolariek eta euskal selekzioaren aldeko hainbat eragilek adierazi badute urrats handia izan litekeela, hala izan dadila desiatzea besterik ez daukagu oraingoz. Dena den, nire aldartearen erakusgarri delakoan, Eneko Garateren txio hau ekarri nahi dut hona.
EAJ eta euskal selekzioen ofizialtasunaren afera pic.twitter.com/4h9YsR9QvU
— Eneko Garate (@egarate) October 26, 2022
Eta, zer esan Frantziako Tourreko Grand Départ-ari buruz? Datorren urtean Euskal Herrian hasiko da txirrindularitza lasterketarik handiena, Bilbon hain justu. Bigarren etapa Donostian amaituko da, eta hirugarrena Baionan. Bosgarren etapak, bestalde, Zuberoan sartu-irtena egingo du. Ahal badu etaparen bat errepide bazterretik ikustera joango den zalearen ahotik ari naiz, nire kontraesan guztiekin, baina… Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ekitaldi ofizialean aipatutako batzuen harira nahi ditut esan bi hitz. “Euskadi zer den eta zer izan nahi duen azaldu nahi diogu munduari”. Nire galdera da: “Zer da eta zer izan nahi du Euskadik zehazki?”. Trebiñu ere zulatzen duen Euskadi hau?
Zeren eta gisa honetako kirol ekitaldi handien kasuan askotan aipatzen da mantra hori, baina gauza zehatzez mintzatzean, ia beti aipatzen da instituzioek zenbat diru bideratuko duten ekitaldi horietara (badirudi 12 milioi euro gastatuko ditugula Tourraren kasuan), baita bueltan zenbat diru jasoko den ere (oraingoan 120 milioi euroko diru-sarrerak espero dira, Euskadi Irratian entzun dudanez). Hortik haratago, Euskadi zer den eta zer izan nahi duen… Bilbo eta Baiona “lotuko” dira (Espainiatik Francera, Tourraren Grand Départ Pays Basque mapak erakusten duenez), ikurriñak errepide bazterrean, herritarren aldarrikapenak, euskarazko afixak… Bai, baina…
Tira, hainbatetan esan dudan moduan, zenbait gairen aurrean dudan ezkortasun ia kronikoa berandu baino lehen gainditzea espero dut.
The post Euskal selekzioa, Frantziako Tourraren hasiera… gogor gabiltza! appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.