blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Euskal selekzioa: Ezkortasuna hauspotuz

Gizonezkoen futbol selekzioko jokalariak, artxiboko irudian (EITB)

Aitortzen dut euskal selekzioen ofizialtasunari dagokionez ezkortasun ia kroniko batean murgilduta nagoela, eta batzuek esperantzarako tokirik ikusten dutenean, komentario ez konstruktibo batekin erantzuten dudala gehienetan, baina inplikatutako sektore batzuetan eta erabaki ahalmena duten bulegoetan ez dut uste benetako borondatea dagoenik urrats sendorik emateko. Beti esaten dut nire hitzak gustura irentsiko nituzkeela, baina…

Baina hori esan eta denbora gutxira, beste zartako bat. Oraingoan, Gabonetan jokatu ohi den gizonezkoen futbol partidaren harira, berriro. Euskal Selekzioak ez du partidarik jokatuko Gabonetan, kalitate gorena bermatuko duen norgehiagoka ixtea ezinezkoa izan delako. Javier Landeta Euskadiko Futbol Federazioko presidentearen hitzetan, “bukaerara arte saiatu gara, baina ezinezkoa izan zaigu horrelako norgehiagoka garrantzitsu bat jokatu ahal izateko osagai guztiak batzea; oso atsekabetuta gaude”. Martxoan jokatzea da Federazioaren nahia.

Azaldu du hiru aldagai elkartu nahi izan dituela uneoro: lehen mailako jokalariekin deialdia egitea, ahalik eta publiko gehien har dezakeen futbol zelaia lortzea eta norgehiagoka erakargarria bilakatuko lukeen aurkari garrantzitsua gonbidatzea. “Baina ezinezkoa izan zaigu. Prozesu horretan guztian, funtsezkoa izan da Ligak proposatutako ordutegi-aldaketa. Ezin izan dugu gure ametsa errealitate bihurtu”, adierazi du Landetak. “Ezin hobeto ulertzen dugu horrek guztiak eragin dezakeen frustrazioa, eta, jakina, partekatu egiten dugu. Ez zen gura genuena eta onartzea gogorra izan da. Hemendik aurrera, hiru aldagai horiek martxoan ematea da gure helburu nagusia. Lanean gogor jarraituko dugu, gure helburua Euskal Selekzioa jokalari onenekin ikustea delako, zelairik onenean eta aurkaririk onenaren aurka”. Frustrazioa.

Eta mesedez, ez nazazue ni sartu “honen guztiaren errua Realak du jokalariek atseden hartu nahi dutelako” vs “proposatutako datari uko egiten lehenbizikoa Athletic izan zen” eztabaida antzuan, frustrazioa areagotu besterik egiten ez didazuelako. Twitter ostia hori!

Eta badakit ez duela lotura zuzena, edo bai, ez dakit, baina Gabonetako futbol partidarena etorri da mendi korrilakarien erabakiaren biharamunean. Jakingo duzue ziurrenik zer gertatu den: Korrikalariek ez dute korrituko berriz euskal selekzioarekin. Mikel O. Iribar Berriako kazetariak jaso zuen albistea: “Korrikalariek ‘onartezintzat’ jo dituzte Euskal Mendizale Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakiak”. Eta beheraxeago: “Duela 20 urte sortu zuten mendi korrikalariek Euskal selekzioa, Euskal Mendi Federazioaren eskutik. Euskal korrikalariak mundu osoan ibiltzea du xede, eta ofizialtasunaren aldarria egin du, ‘eta horretan aritu gara’, gehitu dute oharrean. ‘Boluntario’ lanean aritzen diren hautatzaileek aukeratzen dituzte korrikalariak. 2021eko otsailean, hauteskundeak egin ziren Euskal Mendi Federazioan, eta zuzendaritza berria eratu. Oharrak dioenaren arabera, korrikalariek ez zuten sumatu aldaketa handirik, hautatzaileek egiten baitute zuzendaritzaren eta korrikalarien arteko zubi lana. ‘Baina hautatzaileek aitortu ziguten kezkatuta zeudela, zuzendaritza berriak lan egiteko beste modu bat zuelako’, diote oharrean. Adierazi dutenez, zuzendaritzak ‘mespretxuz’ eta ‘aldebakartasunez’ hartutako erabakien ondorioz, hautatzaileetako batek kargua utzi zuen, eta beste batek ez zuela jarraituko esan zieten.

Zer gertatu den jakiteko, Albert Jorquerak Runedia (El Mundo Deportivo) agerkarian idatzitako artikulua irakurri dezakezue. Hainbat mendi korrikalariren hitzak jaso ditu, haien haserrea ulertzen laguntzen dutenak. Latzak dira kontatzen dituztenak.

Eta hor badira, bigarren edo hirugarren maila batean, euskal selekzioaren ofizialtasunaz hitz egitera eraman gaitzaketen kontuak. Askok diozue sakon hausnartu behar dela gaiaren bueltan, eta gizartea mobilizatzen bada azkenean gauzak lortuko direla. Baliteke, baina bulego honetan edota bestean helburua zein den argi ez badago edo badagoen arren zein den argi esaten ez bada…

Tira, barkatuko didazue nire ezkortasun ez konstruktibo honengatik, baina…

 

The post Euskal selekzioa: Ezkortasuna hauspotuz appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07