blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

ETBk erakusten digu geure buruez barre egiten

Bat nator Xabier Euzkitzek dioenarekin: “Valeriari egur galanta ematen ari gatzaizkio, zinez uste dut ez duela merezi. Beste galdera batzuk egin behar genituzke” / Argazkia: EITB

Aitortzen dut “Aiba la ostia pues” umorea deitzen dudanak eta hura hauspotzen dutenek nire onetik ateratzen nautela, are gehiago inork esaten badu onetik ateratzen naizela “Euskaldunok ez dakigulako geure buruez barre egiten”, egin duten bezala El Correo-ko kazetari Oscar Belateguik  eta Joseba Fiestrasek, ETB2ko Akelarre saioak piztu duen polemika dela-eta. Ez dut uste “nosotros mismos” horrek esanahi bera duenik niretzat –edo Twitterreko @zappingzalea erabiltzailearen bideoko irudiengatik iraindua sentitu den beste inorentzat–, eta kazetarion identitate-sentipenekin identifikaturik sentitzen direnentzat.

Funtsean, erabat ados nago polemikaren bueltan Xabier Euzkitzek txio-hari interesgarri batean dioenarekin. “(…) Zer gertatzen da? Euskal hiztun askok nekez irensten dugula erdaraz ekoitzitako kate bat. Ezinbestean irentsi behar badugu, gutxieneko bat eskatzen diogu: ez gaitzala tribu indigena sentiarazi, hemen ardaztua izan dadila. Akelarrek ez du hori betetzen. (…) Valeriari egur galanta ematen ari gatzaizkio, zinez uste dut ez duela merezi. Beste galdera batzuk egin behar genituzke. Nola liteke 35 urteko getxoztar batek euskaraz ez jakitea? ETBri ez al zaio gutxienz geure ardatzetik ekoitzitako saioak egitea eskatu behar, erdaraz bada ere? Zinez uste dut gure telebista ereduaz nazio eztabaida bat egin beharra dagoela. Eraikitzaile izaten saiatu naiz, alferrikako minik eragin gabe iritzia zintzoki ematen. Saio horretan diharduen jende zenbaitekin sekulakoak eta bi egin daitezke. Zinez. Baina jende horri beste ardatz bat eman behar zaio. Iragan larunbatean Xiberoko Botzako Xabi Elgart kazetaria elkarrizketatu genuen Labriten. Hura kanpo uzten duen telebista sekula ez da izango herri honek behar duen telebista. Minez eta maitasunez. Kitto”.

ETBren ardatza…

Geure buruaz barre egitea, uste bezain sanoa?

Umorearen inguruan eztabaida sortzen denean, Umorea eta botere harremanak: Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti… erreportajeko elkarrizketatuek esan zizkidatenak datozkit burura beti. Hona pasarte bat:

Mission Pays Basque, Ocho apellidos vascos, Vaya semanita… Uxoa Anduaga sozliologian doktorearen hitzetan “normaltasun nazional jakin baten irudia” helarazten dute ekoizpen horiek guztiek. Aipatzekoa da estatu mailako komunikabideek eta ‘iritzi publikoak’ eman dien bulkada, espainiar eta frantziar nazio kulturarekiko koherenteak diren edukiak berresten dituelako seinale: erdararen defektuzko erabilera, zazpi lurralde historikoak aintzat hartzen ez dituen esparrua, naziotasuna aitortzen ez duen eta partikulartasun erregionalistetan oinarriturik dagoen identitatea… “Umore etniko mota horrek euskal nazioa anomalia gaitzesgarria delako mezua igortzen du gizartera, frantziar eta espainiar estatuen normaltasun kultural, politiko eta sozialaren aurrean erabat baztergarria dena”, dio Anduagak. Baina, hara non, euskaldunontzat iraingarria beharko lukeenak izugarrizko arrakasta duen euskal gizartean, Hegoaldean bereziki. “Espainiako Estatuaren diskurtsoak erabat barneraturik ditugu. Nik flipatu egin nuen zinemara Ocho apellidos vascos ikustera joan eta amaieran jende ia dena txaloka hasi zela ikustean”. Bere hitzetan, asimilaturik ditugu baserritar arlotearen figura barregarria, Gipuzkoa vs Bizkaia diskurtsoa, EAEtik kanpo deus existitzen ez dela dioen topikoa… “Gure egin ditugu eta ez digute minik ematen, urteetan jasan dugun jarioaren ondorioz”.

Neurri batean sinetsi dugu geure buruez barre egitea sanoa dela, naturala, kontziente izan gabe zein logikaren barruan ari garen. “Umoreari buruzko teoria soziologiko orokorrek diotenaren aurka, euskal Herrian egiten den umore etnikoaren parte handi batek ez du bere auzoa parodiatzen (Espainia edo Frantzia), baizik eta bere taldeari buruzko erreferentziak baliatzen dituela umorerako; hainbesteraino, ezen euskaldunek ‘gure buruaz barre egiten dugula’ oso zabaldua dagoen ustea den”.

“Oso mingarria egiten zait”, esan digu Anduagak. “Bere buruaz barre egiteko ahalegina apenas egin duen agenteak, diskurtso hegemonikoaren jabe denak, esatea euskaldunok zer egin behar dugun…”. (…) Vaya Semanita-rekin, ‘Euskaldunek ikasi dute euren buruaz barre egiten’, zioten hedabideetako titularrek. Ziria sartu ziguten. Ez, hiritar batek, demagun bilbotar batek, ikusten zuenean Vaya Semanitan baserritar baten parodia, ez zuen sentituko bere buruaz barre egiten ari zirenik, baserritar arlotearen kontura baizik, euskal folkloreari atxikitzen zaion figura horren golkotik”.

Anduagak zioen ‘norbere buruaz barre egitea’ botere harreman baten emaitza dela, diskurtso bat inposatzeko baliabide gehiago izan dituen agente baten garaipena. Umorea baliatu den heinean, ageriko biolentziarik gabe joan da gizartean txertatzen.

Alegia, EITBko buruek ardatz aldaketa gauza dezaten eskatzea erabat zilegi eta logikoa dela, euren buruaz (ejem) barre egiten ikasi duten super-euskaldun (ejem) horiek taliban ernegatzat definituko nauten arren…

The post ETBk erakusten digu geure buruez barre egiten appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07