blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Espainiarrik gabeko Real Madril, “globalizazioaren gorena”

Globalizazioaren gorena; Espainiar futbolaren behealdia; Real Madrilen arazo “espainiarra”; Espainiak behar ditu iturginak eta Real Madrilentzako futbolariak… Kontaezin analisi eragin du azken partidan Real Madril futbol taldeak hasierako hamaikakoan jokalari espainiarrik ez zelairatzeak. Klubaren 121 urteko historian lehenbizikoz gertatu da.

Argazkia: Getty Images

Hainbat lirateke arrazoiak, 2019tik jokalariak fitxatzeko espainiar merkatura ez jotzea –”garestiegia” delako–, kontratu “toxikoak” sinatzea –Eden Hazard belgikarrarena adibidez–  edo harrobiko jokalariek topatzen duten “kristalezko sabaia” besteak beste. Eta “globalizazioa”, noski. “Munduko onenek jokatzen dute hemen, eta espainiarrak ez badira… ez da deus gertatzen; klub unibertsala gara”, diote Real Madriletik. Hala da. Puntako zenbat futbol edota saskibaloi taldetan ez ote da antzekoa gertatuko, bi kirol aipatzearren?

Elkarrizketatu batek –ez naiz ziur oroitzen nork– duela urte mordoxka bat esan zidan zaleentzat geroz eta zailagoa zela taldeko futbolariekin identifikatzea, klubetako agintariek nahieran maneiatzen zituztelako. Hainbeste bider aldatzen dira klub batetik bestera… Pertsona horrek zioen gainerako zaleekin osatzen den komunitatea dela identitate-lotura nagusietakoa, jokalari eta arduradunak alda daitezkeela, baina zaleek hor jarraituko dutela… emaitzak onak diren bitartean, gaineratuko du fedegaberen batek.

Ez dakit zergatik aipatzen dudan hau guztia, egia esan. Pentsatzen dut “globalizazioaren” aipua irakurtzeak bultzatu nauela horretara, buruan bueltaka zebilkidanean Espainiako Superkopa berriz ere Saudi Arabian jokatzea modu zoragarria dela talde parte-hartzaileetako zaleak zaintzeko.

Globalizazioa. Qatar-ek Munduko Kopan egin bezala, Saudi Arabiari dagokio orain indar erakustaldia egitea. Al Nassr klubak Cristiano Ronaldo futbolaria fitxatu berri du, eta Dakar rallya han egiten ari da.

 

 

The post Espainiarrik gabeko Real Madril, “globalizazioaren gorena” appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07