Lan baldintza hobeen defentsan, ehunka ertzainek protesta egin zuten astelehenean Bilboko kaleetan. Antolatzaileen arabera 4.000 lagun bildu ziren, eta Udalak emandako datuen arabera, 2.000 / Argazkia: eitb.eus.
Inolaz ere ez nuen espero, Frantziako Tourraren bueltan, protestarik beroena ertzainek burutuko zutenik. Uste nuen antolaketara bideratutako gastu publikoak, lasterketa abiatuko den Bilboko eta inguruko ostatu eta abarren prezio igoera basatiak, “Frantziako” lasterketak “Euskal Herria” bere egiteak edota, maiz gertatzen den moduan, ekitaldiaren distirak itzaliko dituen beste kontu batzuek eragingo zutela bereziki haserrea. Ez ordea ertzainen “lan baldintza kaskarrek”, Ertzainas en lucha – Ertzainak indarbidez kolektibo asindikaleko poliziek salatu dutenez.
Bai, Frantziako Tourrarena aitzakia besterik ez da, besteak beste soldata igoera eta lanabes hobeak lortzeko presio edo txantaiarako amua, baina ostras… Jaurlaritzaren eta sindikatuen aurka ari diren 500, 1.000, 2.000 edo 4.000 polizia ernegaturen berri izatea ez da sobera lasaigarria, ez soilik lasterketari eragin diezaiokeelako, ezta gutxiago ere. Zabaldu duten bideoklipak –Espainiako Estatuko beste kolektibo polizial batzuen estetika eta hizkera gogorarazi dizkigunak– sentsazio arraro hau indartu besterik ez du egiten.
Zentzu horretan, uste dut Gara egunkarian Iñaki Sotok idatzitako En California tampoco hay ertzainas analisiak botere-borrokak zertan diren ulertzeko gako interesgarriak ematen dituela: sindikatu polizialak, sindikatu horietatik kanpo antolatu diren poliziak, eta sindikatuen kontra maiz agertu diren Jaurlaritzako ordezkariak. Eta, gibelean, herritarrek egiten dituzten galderak, justizia beraien esku hartzeko prest diren polizien jardunarekin lotuta.
Frantziako Tourra normal hasiko da hasi –gainerakoan berriro lagako naute aho bete hortz–, txalo eta biba eta hori koloreko eraikin artean. Trukean zenbat zaplasteko jasoko ditugun (metaforikoki ari naiz), hori ikusteke dago…
The post Ertzainak indarbidez, edo Tourrarentzat biderik ez appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.