blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

Errugbi Inklusiboaren Nazioarteko Txapelketan, emakumeentzako lekurik ez

Betoñuko udal zelaietan jokatuko dira nazioarteko txapelketako partidak / Escor-Gaztedi

Betoñuko udal zelaietan jokatuko dira nazioarteko txapelketako partidak / Escor-Gaztedi

Gasteizen jokatuko da Errugbi Inklusiboaren Nazioarteko Txapelketa (IMART), asteartetik ostiralera bitartean. Hamabi talde ariko dira lehian, integrazioaren alde lan itzela egiten ari den Gaztedi arabarra tartean. Gasteizko klubaren parte den talde barneratzailean gizon eta emakumeek jokatzen dute, guztiek batera. Aldiz, nazioarteko txapelketan gizonezkoek soilik hartuko dute parte. Talde mistoentzako ez dago lekurik, eta emakumezkoen talde inklusiborik ez dagoenez…

“Beste behin, emakume izateak diskriminazio egoeran jarri ditu jokalariak, gizonezko taldekideen eskubide bera ez duten heinean”, kexu dira Gaztediko kideak, Gasteiz Hoy webguneak jaso duenez. Arabarrek txapelketa misto ez ofizialak antolatu dituzte, emakumeek nazioarteko txapelketetan aritzeko eskubidea aldarrikatzea xede, eta “borrokan” jarraituko dutela diote, “partida horiek ofizialak izan arte”.

Inklusio lan eredugarriagatik saritua

Internacional Mixed Ability Rugby Tournament (IMART) txapelketaren helburua da adimen urritasuna duten pertsonen partaidetza eta inklusioa sustatzea.

Gaztedi taldean Down Araba-Isabel Orbe elkarteko neska eta mutilak aritzen dira. “Errugbi taldeetan pertsona oso arraroak gaude, eta erabat integratuta sentitzen gara halere; down sindromedun eta autistekin batera entrenatu eta jokatzea urrats bat gehiago izan da”, azaldu zigun Mikel Epalzak, Escor-Gaztediren talde federatuan jokatzen duen eta egitasmo barneratzailean ere ari den errugbilariak. Iaz elkarrizketatu genuen, aitzakia bezala baliatuta Gaztedi taldeak Spirit of Mixed Ability Rugby Trophy garaikurra jaso zuela Munduko Errugbi Inklusiboko 1. Txapelketan, bere lan eredugarriagatik.

Gaztediren talde barneratzaileak eta gisakoek nahi baino aukera gutxiago dute beste klub misto batzuen aurka lehiatzeko –Espainiako Estatuan hiru talde besterik ez daude–, baina jokalarien grina ez du apaltzen horrek. (Arg.: Beto Carrillo)

Epalzak kontatu zizkigunak Kirol barneratzailea: Aurrerantz, baina esku-hartze zabalagoa aldarri erreportajean irakurri ditzakezue. Bi lagun gehiago elkarrizketatu genituen: autismoa duen Enekoren ama Aintzane Muguruza, eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kide Jurgi Olasagasti. Adimen urritasuna duten pertsonak gizartera integratzeko kirolak bete dezakeen funtzioaz eta bide horretan dauden oztopo eta abaguneez hitz egin ziguten solaskideek.

Jardunaldi akademikoak

Txapelketak iraungo duen bitartean hainbat ekimen egingo da Gasteizen. Batetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen gizarteratzeaz eta aukera berdintasunaz jardunaldiak egingo dira hilaren 23an Europa Biltzar Jauregian. Bestetik, Villa Suso jauregian parte hartzaile eta herritarrei zuzendutako heziketa-hitzaldiak eskainiko dituzte.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07