blogak

Slump doktorearen zaintiratua

Aisia 

“Bidea da borroka” komikia: Bertsolaritza abiapuntu, denok jartzen gaitu ispilu aurrean

Bidea da borroka komikia aurkeztu du astelehenean Bertsolari aldizkariak, bere uztako laugarrena, Añorgako Rezola museoan. Hangoak dira Beñat eta Unai Gaztelumendi, gidoaiaren egilea bata, marrazkilaria bestea, bertsoaren munduari lotuak biak. Bidea da borroka, “bidaia bikoitz baten kontakizuna” egileek diotenez, BECeko finalean kantatu behar duen bertsolariak (Martin Artola) autoan egiten duena, eta haren heltze prozesua, gurtze bide eta bidegurutze zailagoak dituena.

Bertsolari aldizkariak eskatu zien “bertsolaritzari buruzko” zerbait egiteko, eta egia da komikian bertsoaren munduko erreferentziak etengabeak direla, “baina bertsolaritzari buruzkoa baino, gehiago da bertsolaritzatik egindakoa”, Beñaten hitzetan.  Gai nolabait esateko zehatzetatik abiatuta, orokorragoez mintzo dira Gaztelumendi anaiak, Artolaren bidez batzuetan, haren lau adiskide eta bertso eskolako kideen ahotik besteetan. Harremanak, prekarietatea, gatazka armatuaren osteko urteetan euren belaunaldiak duen epika berri baten falta, gizonezkoen pribilegioak… Erdigunean, “nola erresistentzian, nolabaiteko subalternitate batean hazi den pertsona bat botere posizio batera iritsiko den, eta nola ez den erabat kontziente zein den okupatzen duen leku hori”.

Eta neuk, aintzat hartuta bertsolaritzaren mundutik aparte xamar bizi naizela eta, areago, bertsoak hainbatetan “tostoi” bezala hauteman eta La Pollaren diskoekin majo gozatzen jarraitzen dudala (Artolaren lagun Urkok bezalaxe), komikia hozkada batean irentsi badut, seinale askoz ere duela gozotik garratzetik baino. Guztiok baitauzkagu bi motatako lagunak eta beldurrak: bidean etortzen direnak edo bideak ekartzen dituenak, eta betidanik egoten direnak hor, ia ohartu ere egin gabe. Guztiok dugulako barnean hizkuntzaren zaindari bat (jabetu gabe hizkuntzak ez dituela gu bezalakoak behar). Guztiok dauzkagulako gure zalantzak eta gure konplexuak eta daukagulako autoafirmazio ariketa konstantea egin beharra. Guztiok sentitu garelako joko-eremutik at, atzealdean kieto, erdi-ahaztuta eta pipa azalez estalita (komikiko eszenatxo batean Ekhiñe pertsonaia bezala), edo horrela sentiarazi dugulako hurbilekoren bat…

Unai eta Beñat Gaztelumendi / Bertsolari

Gai potoloak dira, baina umorez hartzen dituzte –hein batean– Gaztelumendi anaiek, gauza batzuk zorrotz kritikatu arren. Ederrak dira Beñaten testuak, eta ederrak Unairen marrazkiak (erabat harrapatu nauen pipa-azalen irudia barne, orrialde amaierako txokoan, bertso-akabera indartsu baten gisan), nahiz eta komikiaren aurkezpenean adierazi duen ilustrazioak “inperfektu xamarrak” direla, gehitzeko “perfekzioa gainbaloratua” dagoela. Duela bi urte inguru komikia egiteko enkargua jaso eta gidoiaren gainean lanean hasi zen Beñat. Lan potoloa da, 124 orrialdekoa, eta Unaik azaldu du denboraz estu ibiliko zirela aurreikusten zuelako marraztu duela horrela, eskuz, kolore-gama baxuarekin, “perfekzioa” lortu gabe… Egia esan, aurkezpenean deus esan ez balu aipatu ere ez genuke egingo, ilustrazioak bete-betean egokitzen baitira gidoira, “denbora ezaren aitzakia” bihurtuz aliatu, Unai berak aditzera eman duenez.

Ez dugu komikia gehiago xehetuko. Tira, bai, esan, lan honekin hasi aurretik Unaiek gomendatu ziola anaiari Zerocalcare-ren komikiak irakurtzeko, italiarrak baduelako “gauzak kontatzeko modu bat… oso berea duen marrazkia da, baina oso boteprontokoa”, Beñat Hach Embarek Bertsolari aldizkariko koordinatzaileari kontatu dionez elkarrizketa honetan. Beñat Gaztelumendik gehitu: “Zerocalcaren ikusi genuen zer kontatu nahi genuen baino gehiago gauzak kontatzeko estilo bat: ez da ezer handirik gertatzen, baina gauzak gertatzen dira”. Eta komikiak badu hortik.

Portzierto, eskertzekoa da komikiaren aldeko Bertsolari aldizkariaren apustua. Hach Embarekek berak Añorgako aurkezpenean esan bezala, ederki uztartzen dira bertsoa eta komikia, umorea eta kritika… Eduki, lehengai ona baitugu inguruan, bertsolari zein marrazkilari.

Aurkezpen bira

Datozen asteetan, komikia aurkezteko bira bat egingo dute egileek, bertsoak kantatuz eta zuzenean marraztuz, komikiko gaien inguruan. Lehen emanaldia abenduaren 2an egingo dute, ostegunez, Añorgan (Donostia).

Info gehiago:

‘Bidea da borroka’ komikia aurkeztu dugu (Bertsolari)

‘Bidea da borroka’ komikia eman dute Gaztelumendi anaiek (Itziar Ugarte, Berria)

The post “Bidea da borroka” komikia: Bertsolaritza abiapuntu, denok jartzen gaitu ispilu aurrean appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07