Trojena, Saudi Arabian, Neom hiriak izango duen gune turistikoa. Han egingo dituzte Asiako Neguko Jokoak.
Kirol ekitaldirik handienen abaroan hartzen diren erabaki sozio-ekonomiko-politikoek jada nekez harrituko nindutela pentsatzen nuen, baina egunotan ikusitako bideo eta argazki-muntaia deigarriek erakusten dute errealitateak etengabe egiten duela urrats bat haratago, fikzioa bera gainditzeraino batzuetan.
2029ko Asiako Neguko Jokoak egingo dira Saudi Arabian, Jebel al Lawz inguruko mendietan, Jordaniako mugatik hurbil. Alde batean basamortua, bestean Itsaso Gorria. Erdian, ezer gutxi, oraingoz. Lauzpabost urtean 26.500 metro koadroko hiri futurista bat (Neom) eraiki nahi dute bertan, eta haren barruan, luxuzko gune turistikoa (Trojena), zeinak izango dituen, besteak beste, aireportua, labore transgenikoentzako lur-sailak, laku artifizial bat eta urte osoan zabalik izango diren eski pistak. Han egingo dira Asiako Neguko Jokoak eta, nork daki, baliteke etorkizun hurbilean Neguko Joko Olinpikoak hartzea ere, Saudi Arabiako agintariak kirol ekitaldi handienak antolatzeko erakusten ari diren goseari erreparatzen badiogu. Petrolioarekiko dependentzia murriztu eta ekonomia transformatzea du helburu Mohammed bin Salman printzeak. Eta, bide horretan, kirola da eragile nagusietakoa.
Kokagunearen gaineko zalantzen aurrean, sustatzaileek azaldu dute Neom hiriaren inguruko mendietan zero azpikoak izaten direla tenperaturak neguan. Aldiz, ez dute esan euri/elur gutxi egiten duela mendiotan, Reporterre agerkariak nabarmendu duen bezala proiektuari buruzko artikulu batean. Ezta udan tenperatura 35 gradu ingurura heltzen dela ere. Antza, oztopoak gaindituko dira ura gatzgabetzeko instalazioak edota aire egokitua baliatuta. Asmoa da hodi erraldoi baten bidez Itsaso Gorriko ur gatzgabetua Neom hiriraino eramatea, eta ur hori baliatzea laku erraldoia hornitzeko eta elur artifiziala sortzeko.
Film batetik atereak dirudite Neom hiriaren irudiek.
Luze jarrai genezake hiri futuristaz hizketan, hain deigarriak baitira topatu ditugun erreportaje, promozio-bideo eta argazki galeriak.
Heriotza zigorrak
“2029ko Asiako Neguko Jokoen egoitzari buruzko albistea heldu da une batean non kritika ugari azaleratzen ari den Qatar-en egingo den Munduko Futbol Txapelketaren inguruan, ondorio ekologiko larriak direla-eta”, dio Reporterrek.
Baina, ingurumenean soilik ez, bestelako ondorioak ere izango ditu proiektu erraldoi horrek. “Neguko Jokoek giza eskubideak urratzen dituzte”, irakurri dugu Reporterreko beste artikulu batean. Izan ere, hiru laguni (Shadli, Atallah eta Ibrahim al Howeiti-ri) heriotz zigorra ezarri die Saudi Arabiako epaitegi batek, proiektuaren aurka egiteagatik, egoitza nagusia Londresen duen Middle East Eye webguneak jakinarazi duenez. Hiru pertsona horiek Howeitat komunitateko kideak dira, uko egin diotenak Neom eraikitzeko haien lurrak emateari, ALQST erakunde britainiarrak salatu duenez.
Qatar-en egingo da aurten Munduko Futbol Txapelketa. Giza eskubideen urraketak, inpaktu ekologikoa, ustelkeria salaketak… erdi-azpiratuak geratu dira ikuskizunaren izenean, nahiz eta badiren kontrako ahotsak. Saudi Arabian egingo dira neguko jokoak, petrodolarrek eraikitako hiri futurista batean. Etorriko da gehiago, bateko eta besteko konbentzitzeko herrialdeok dituzten bitartekoak medio.
Kirola besterik ez omen da.
The post Asiako Neguko Jokoak: hutsetik eraikiko den urrezko hiri bat eta hiru heriotz zigor appeared first on Slump doktorearen zaintiratua.