blogak

Sagar errea

Hezurrak

Madrilen aurkitu dituzte, kripta heze batean, Miguel de Cervantes idazlearen hezurrak. Horrela laburtu dituzte titularrek agian, seguruenik eta posible guztiak, horrela aurkitu diote eskeleto bat alegiari, denboran tenteago iraun dezaten, hezurrek, Cervantesek eta haren hizkuntzak berak.

Atxagak Laboari ‘Xoriak 17’ diskan kontatu ziona etorri zait gogora berria irakurtzean. Nola aipatu zizkion burdinazko zeru grisa, habia abandonatuak eta txorien hil beharra neguan. Nola aipatu zion helduko zela bioleten sasoia, eta nola belardietan ez genuela aurkituko txori hezurrik gordeta. Gogora etorri zaizkit baita gure hezurrak, oraindik min ematen dutenak, eta haratago joan izan nahi dut, hezur petrifikatu bila, euskararenak zeintzuk ote diren jakin-minez galdezka. Baina denboran hurre geratu naiz, non bilatzen hasi ere ez dakidala.

Hezur apurtuak berriz kaltzifikatzen hasi zaizkidala etorri da udaberriarekin batera Korrika, eta pasatu dira leiho azpitik bata besteari lekukoa emanez, izerdi, arnas, tibia eta perone. Haur eta zahar martxan, eta ni begira, lanerako autobusa hartzeko prestatzen, konturatu naizenean zein erratua izan dela nire arkeologia ariketa. Ez dela horrelakoa gure eskeletoa, ahoz aho hegaka ibili den txoria izan baita euskara, eta badakigu txorien hezurrik udaberriko belardietan aurkituko ez dugula.

Autobusera joan naiz presaka, oraindik ere hezurrek korrika egiten lagunduko digutela jakinda, lasai.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07