blogak

Paradisutik

Kixote, literaturgintza eta kritikagintza (III)

Hirugarren eta azken.

Aurreko bi postak Kixoteren mamiari loturik joan dira, batean emakumeen eta bestean euskaldun eta batez ere moriskoen trataeraren inguruan. Azken honetan, berriz, literatur-langintzari helduko diot.

2016ko udan, Iñigo Astizek berrian idatzi zituen kronika zoragarri batzuk, Mantxara egin zuen bidaiarenak, nik, honakoan, haren azken kronikari segida eman eta Kixoteren fikzioa eta errealitatearen arteko zenbait jolasetara jolastu nahi dut.

Astizek gogorarazten zigun dagoen narratzaile eta egile jokoa: Kixoteren azalean Cervantes ageri da egile, baina lehen zatiko lehen orrialdeetan Zide Hamete Benengeli ageri da narratzailearen istorioaren iturri nagusitzat, narratzaileak (Cervantesek) Benengeliren liburuaren itzulpena eskatu eta ordaindu zion itzultzaile bati eta irakurleei gaztelaniaz aurkeztu zigun “jatorrizko” arabierazkoa. Nahiko harrigarria egiten zaio irakurleari (nik azala berbegiratu nuen, bertan Cervantesen izena berriz ikusteko, unetxo batean nahastu baininduen egiletasunaren gaineko zalantzatan.

Kixoteren bigarren zatiak egiletasunaren jolasaren beste itzulipurdi bat dakar. Izugarria da, eta literatur munduaren idazleen arteko ingurumari jeloskor nahasian goia jotzen du: Lehen eta bigarren zatien tartean hamar urte igaro ziren, bada, tarte horretan Alonso Fernández de Avellaneda pseudonimoaz beste idazle batek Kixoteren bigarren zati apokrifo bat argitaratu zuen 1614an. Zer egin zuen orduan Cervantesek? Bada, bere Kixoteren lehen atala eta bigarren atal apokrifoa erabili bere “benetako” bigarren zatiaren jolaserako, izan ere, Kixote eta Santxo bigarren zatian ez dira lehen zatiko bikote anonimoa; ageri diren pertsonaiek irakurri dute lehen zatia, zenbaitek baita aprokrifoa ere, eta noranahi doazela ezagutzen dituzte. Zer gertatzen da jende famatuarekin? Bada, edonoren mihiek ahoan hartzen dituztela, egin dituztenak eta ez dituztenak kontatzeko. Baina ez da Cervantes Kixoterenak argitzen dituena beltza zuriaren gainean jarriz, Kixotek berak baizik, berak esaten die liburuko pertsonaiei, beste egile horrek (apokrifoaren zigor gisan, behin ere ez du aipatzen haren izena) kontatzen dituenak gezurra direla. Batzuetan, egintzak desegiten, adibidez, apokrifoak Kixote Zaragozara joan zela esan bazuen, bera Bartzelonara joango da, beste batzuetan estilo eta hizkuntza aldetik oharrak eginez gezurtatzen du bigarren zati apokrifoa. Finean, eta barkatu txapa, errealitatea, fikzioa eta egiletza nahas-masean datozkigu jolas batean. Eta ez da harritzekoa –IAk beste kronika batean ekarri bezala– Kixotek berak izan zuen fikzioa eta errealitatea nahasteko eroa, geuk berbizitzea Kixote irakurtzean (existituko ote zen eta nork idatzi zuen), eta XXI. mendean egotea pertsonak Kixote direla sinetsi eta Mantxara jotzen dutenak.

Izan ere, liburu osoa da fikzioaren fikzio bat. Kixote da Alvaro Quijanok bere buruaz eginiko fikzio bat, Benenengelik idatzi eta Cervantesek kontatzen diguna, Zaldun ibiltarien nobelen fikzioei trufa egiteko. Kixotek sortzen du fikzioa errota batetik, benta batetik, preso batzuengandik; eta bigarren zatian, beste pertsonaiek -Kixote eroaren asmakizunak irakurri dituztenek- beste fikzio batzuk sortzen dituzte Kixoteri trufa eginez bai, baina batez ere fantasia edo fikzioaren jolas hori maite dutelako. Areago, Kixote hiltzen denean bere gertukoek -Alonso Quijano Kixote ez izatea nahi zutenek- aitortzen dute benetako Alonso Quijano, beharbada, Kixote zela, bere eroan maite zutelako. Horregatik askok bizi nahi dute Kixoteren eroa, fikzioa.

Cervantesen autokritika.

Kixotek baditu gauza bitxi eta eder gehiago: akatsak. Bibliaren ondoren libururik zabalduena omen da Kixoterena, eta akatsak ditu. Lehen zatian ezaguna da Santxoren astoaren desagerpen eta agerpena (zineman raccordarekin batzuetan gertatzen den moduan, astoa sekuentzia batean eraman dute eta inongo azalpenik gabe hurrengo batean agertuko da berriz). Eranskin Cervantesek akatsa “aitortu” eta azaldu zuen, zuzendu nahian.

Beste bat, bigarren zatia hastean, eta harrigarria bere zintzotasunean: narratzaileak abisu gisa aurreratzen digu Kixoterenak edo Kixoterekin zerikusia duten istorioak (tramak) kontatuko dizkigula ez besterik, aitortzen baitu lehen zatian sartu zituen pare bat istorio aski luzek ez zutela kontakizun nagusiarekin lotura handirik. Alegia, beharbada, sobran egon zitezkeela, trama nagusiari ez ziotelako ekarpenik egiten.

Azkenik, lehen liburuaren hitzaurrean hauxe esaten dio irakurleari bere liburu kuttunaz:

“Guraso batek ume itsusi eta batere graziarik gabea eduki du eta, hari dion maitasunak jartzen dio begietan zapi bat haren akatsak ikusi ez ditzan, areago akatsok argitasun eta edertasuntzat hartzen ditu, eta bere lagunei kontatzen dizkie gatza eta piperra bailiran. Baina nik, Kixoteren aita eman arren, aitaordea naizen honek, ez dut ohiko korrontearekin bat joan nahi, ezta, zuri, irakurle maite horri, ia begiak malkotan erregutu, beste batzuek egin bezala, nire ume honengan ikus dukezun akatsik disimulatu edo barkatu dezazun, izan ere, zu ez baitzara haren senide, ezta laguna ere […]. Beraz, istorioaren gainean nahi duzun guztia esan dezakezu zure iritzira, ez harengatik esan dukezun gazkiagatik kalumniatua, ez ongiagatik saritua izateko beldurrik gabe”.

Bai jauna.

The post Kixote, literaturgintza eta kritikagintza (III) appeared first on Paradisutik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07