blogak

Paradisutik

Hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi

Iturria: baleike

Ez dut gogoan esaldi hori neuk bota izana, baina maiz entzun dut eta buruaz igorleari arrazoia emango nion batzuetan seguruena. Zenbat denbora eta euskara-ikasle potentzial galdu dugu euskaldunok era horretako esaldietan? Eta esaldi horren ifrentzuan zeinen gutxitan aldarrikatu dugun —benetan nahi bagenuen erdaldu horrek euskara ikasi zezan— berarentzat euskalduntzea debalde izatea, adibidez.

Euskaldunok hain gara guayak, ezen uste baitugu munduko gauzarik normalena dela gure herri (jarri hemen nahi duzun adjektiboa: gutxitu-ukatu-asimilatu-txiki-zilborzale-berde-menditsu-zahar-arraultzaile-…)-ra pertsona bat iritsi eta bere bizitzako (2 urte?) euskara ikasten ematea eta horretarako x mila euro ordaintzea.

Berriki Dani Alvarezek Aizu-n botatzen zuen euskaldunok asmatu beharko genukeela galdera honentzako erantzun on bat: Ingelesa adibidez bidaiatzeko, lana lortzeko etab. erakargarria bada, zertarako euskara ikasi?

Guk (denek ez noski) oraindik esaten dugu “hori bizitza guztia hemen eta ez du euskara ikasi” batere enpatiarik gabe, batere ulerkorrak izan gabe, dohakotasuna aldarrikatu edo “horrengana” (euskarazko) jarrera abegikor batekin hurbildu gabe. Eta halaber horregatik inoiz ez da entzuten “hori bizitza guztia hemen eta ez da alfabetatu” adibidez, izan ere, beste “hori” euskotarra da, enpatia dugu harekiko, eta ulertu ere ulertzen dugu bere sasoian eskola erdaraz zela, eta horregatik irakurtzen/idazten duela erdaraz. Eta honek arnasguneetara darama nire gogoa.

Arnasguneei buruz (hemen autoerreferentzia) zerbait entzuten dudanean, normalean ez zait gustatzen. Ematen du biosferako babesguneez ari direla. Izan ere, ekosistema horietan berez ez dago arazorik, arazoak kanpotik datoz, ekosistema horiek kanpo-mehatxuak jasaten dituztelako, eta babestu behar ditugu. Tamalez, inkesta soziolinguistikoek esaten dute arnasguneetan euskarak atzera egin duela, eta arrazoi migratorioak jartzen dira mahai-gainean. Neuk ez dakit badiren.

Dena den, bada barne-arazorik arnasguneetan (ere). Adibidez 30 bat urteko gazte euskaldun batek euskaraz ia ezer irakurtzen ez duenean. Euskara batuak ez duenez molatzen, ez dute euskaraz nobelarik, Berria edo Argia irakurtzen, holako gauzetarako badute erdara batu moloia betiko periodikuan. Eta euskara kultur (eta zientzia, pentsamendu, etab.) hizkuntza ez denez, ez dute beharrik sentitzen zinema/telebista/internet euskaraz izan daitezen aldarrikatzeko. Nik nire itogunean eta beraiek beren arnasgunean berdin kontsumitzen ditugu pantaila handiko filmeak edo gustatzen zaikigun serieak. Erdaraz noski.

Gero euskotarrismoak baduenez asko itxurakeriatik, purukeriatik, gurasokeriatik, bada haserretzen eta kezkatzen gara gure umeak erdaraz entzuten ditugunean, edo Boing ikusten dutenean, telefono mugikorra eskutik askatzen ez duen gurasoa bere umeei hori egin ez dezaten eskatzen dionean bezala (edo erabili zuk nahi duzun bizioa: erretzea, edatea, azkazalak jatea, berandu iristea…).

Euskalgintza ere euskotarrismo horrek (eta hemen jarri nahi duzun aditza: kutsatu-elikatu-subenzionatu-gaixotu-politizatu-despolitizatu…) zuenez, gaur egun jakitun gara duela 35 bat urteko euskara-politika instituzional zein “herrikoiek” eman dutena baino askoz gehiago ez dutela emango, baina ez dakigu zer egin. Baditugu aisialdirako mila txiringito, ehunka euskaltegi, itzulpen zerbitzu, euskara-teknikari, etab. guztiz beharrezko bai, baina ez nahikoak.

Bururatzen zait euskara heldu guztientzat debalde izan gabe (bide batez gaztelania eta frantsesa (atzerritarrentzat adibidez) diren bezala) nekez normalizatu litekeenik euskara Euskal Herrian. Modu berean ume guztiei (kolore guztietakoei bai) euskara ikasteko duten eskubidea bermatu behar zaie. Insituzioek lagundu behar dute euskaraz bizitzea errazago izan dadin zerbitzu publiko zein pribatuetan, hedabide publiko zein pribatuetan, liburu/aldizkari/film etab.-en argitaratzean, itzulpenean.

Hori dena, ordea, alferrik izango da, —eta neurri batean horregatik ez da orain arte lortu—, euskaldunak batetik orain “Egia eredua” deritzan bidetik jo ezean eta bestetik aspaldi aldarrikatu zen euskara kultur-zientzia-pentsamendu hizkuntzatzat hartzen ez badu.

Bide horretatik joaz, agian euskara ikastea eta erabiltzea erakargarriagoa izango da denontzat.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07