blogak

Paradisutik

Euskara Gasteizko gauza elitista eta xenofobo hori

Ez, titulua ez da irakurtzeko amu probokatzaile bat. Administrazioak eta euskaldun asko euskararen status elitista eta xenofobo samar bat onartu eta zabaltzen ari garela uste osoa dut, bi adibide emango ditut horretarako, eta eskatuko dizuet gure euskal hizkuntza eta kulturaren ukazio hori pairatzen dutenen larruan jartzea.

auzokoDuela 3 astetik gure amama zaintzen hasi da Brasiletik etorri berri den emakume bat. Familia osoa etorri da, senarra eta bi seme-alaba. Aurrez beste senide bat zuten Gasteizen, eta hark xaxaturik, lan egiteko aukerak eta gure hiriaren lasaitasunak erakarri du familia hau gure artera -agi danez, beren jatorriko hirian bortizkeria giro handia zegoen-. Umeen eskolaratzea egin behar zela eta, delegaritzara joan zen, eta emaitza hauxe izan da: ume txikia (5 urte) D ereduko eskola publiko batean matrikalatu du, handia, berriz, 12 urtekoa, A ereduko institutu batean matrikulatuarazi dute; handiegia omen da orain euskaraz hasteko.

Laguntza eskatu zigun, izan ere, A ereduko institutu hori ez zaio gustatzen, eta nahiagoko luke handiak ere euskara eta euskaraz ikastea.

Hainbat laguni egoera hau komentatu, eta ondorioa da gauzak ezin direla erraz konpondu. D ereduko institutu bateko irakasle batek, adibidez, komentatu zigun iaz kasu bat izan zutela D ereduan matrikulatu zen nerabe batena, baina ezin izan ziotela harrera gelarik eskaini. Izan ere, harrera hori Gasteizen A ereduan egiten dute. Beraz, holako kasuetan ez da ezinezkoa D ereduan matrikula egitea, baina beharrezkoa den harrera ez duzu izango. Gauzak horrela, Gasteizen geratzen diren A ereduko institutu eta eskola apurrak, gaur egun, etorkinen seme-alaben ghetto bihurtu dira. Datuak hor daude, eta gure begiak ere bai ikusi nahi duenarentzat.

Ume eta gazte guztientzat eskola publiko nazionala ezartzen duen Finlandia denon ahotan izaten da hezkuntzan lortu duten emaitzengatik. Finlandiakoa da eskola laiko bat familia aberastu-pobretu-jatorri finlandiar zein atzerritarreko ume eta gazte guztiak hartzen dituena, bakoitzak dituen beharretara egokitua.

Gure eskola sistema amaraun bat da non pribatua/kontzertatua/publikoa/katolikoa/A,B, edo D eredukoa izatea korapilatzen den modu batean zeinean emaitza, besteak beste, gaur egun dugun ghettifikazioa baita. Jakina, sistema korapilatsuen gauzak zer diren: inor ez gara arrazista. Delegaritzak baliabideak optimizatzen ditu, eskolek gogokoen duten statusa ezarri, eta gurasoek panorama horretan matrikulazioa egiten dugu.

Herri txiki samar batean bizi bazara, eta D ereduko eskola bakarra eta publikoa badago, orduan kanpotik datorren ume edo nerabe hori herriko ume guztiak joaten diren eskolara joango da, eta eskolarako harrera hobeto/okerrago (batez ere) euskaraz egingo zaio. Bestela amarauna duzu zain, eta hirigune handi samarrekoa bazara, A ereduko guetto-eskola bat tokatzeko txartel guztiak.

Beste kasua da, auzoko proiektuan parte hartu nahi duela eta, pasa den astean ezagutu nuen Abdulena, Ghanatik Gasteiza duela 4 urte etorri zen 22 urteko gaztea. Bere herriko zazpi hizkuntzatan mintzatzeko gai da, baita ingelesez ere, gaztelaniaz ondo egiten du dagoeneko, eta orain euskara ikasi nahi du. Hola bota zidan danba: “zergatik da hain garestia euskara ikastea?”. Banekien jakin zer kontatu behar zidan, baina, datuek ez, hezur-haragizko pertsona batek kontatzen dizunean, errealitatea bere gordintasunez agertzen zaizu zure belarri euskatzale burgesetan. Bitxia da, baina Ghanatik hona etorri zenean, 8 hizkuntza bai, baina ez zekien gaztelaniaz! Administrazioak, ordea, egunero 4 orduko erdal eskolak eskaini zizkion dohainik EPA-n. Orain, auzoko-n parte hartzeaz gain, aek-n ordaindu du 600 euroko matrikulatxo bat (beka eskatu ahal du, baina jakina, eskoletara joatea oztopatzen dion lanen bat sortuz gero, pentsatzekoa da, lana aukeratuko duela).

Arazoak errotik konpondu behar dira: ume eta nerabe guztiek dute euskaraz hezkuntza ona jasotzeko eskubidea, eta administrazioek eskubide hori bermatzeko betebeharra dute.
Heldu guztiek dute euskara dohainik ikasteko eskubidea, eta administrazioek hori bermatzeko betebeharra dute.

Bien bitartean, hainbat faktoreren artean, euskarak (ere) jarraituko du izaten bazterkeriarako eta aukera berdintasuna ukatzeko aldagaietako bat. Neurri batean horretan ados nago Idoia Mendiarekin (baina ez ordea, arazo horren aurrean hartu beharreko jarrerari dagokionez).

Hurrengo batean etorkinen batek euskararen gainean ez badu bereziki aldeko suhartasunez hitz egiten, ez gaitezen sofan hainbeste asaldatu.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07