blogak

Paradisutik

Covid ostia hau

Agintari maskaradunak

Urkullu eta Murga Bayer-en Iturria: https://eu.wikipedia.org

Gaiarekin pixka bat ezkor bazaude, beharbada, utzi ahal diozu irakurtzeari oraintxe.

Bigarren lerrora igaro zaren honetan, zurekin partekatu nahi ditut hainbat gogoeta global-virus hau dela eta. Letra lodia erabiliko dut tarte batzuetan, erakargarriagoa eta sentsazionalagoa egin asmoz, bueno, sentsazionalistagoa.

Ez naiz oso konspiranoikoa, birus bat egon badago, asko kutsatzen da eta pertsona asko hil dira. Hala ere, eta negazionismoan erori gabe, hasieratik ibili naiz pentsatzen neurri honetako mundu mailako ostia batean nor demontre egon ahal zen atzean eta zergatik? Zenbaitek Txina aipatu zuten -aipatzen dute-, baina egia da beraiek ere pairatu dutela gaitza, eta hasieratik bidali zutela Wuhaneko egoeraren berri, baita zein neurri hartzen ari ziren etab. Kapitalismoari begira, egia da, beren eredu estatalista indartuta atera ahal dela kapitalismo liberalaren aurrean. Baina ez zait iruditzen Txinak nahita abiarazitako zerbait denik (gainera, hala izan balitz, gerra deklarazio bat zatekeen, eta Trumpen baloia kanpora botatzeko ohiko adierazpenen bat gorabehera, inongo zerbitzu sekretuek ez dute hipotesi horren alde egin).

Lobbyei begira zein izango litzateke onuradun nagusia? Test eta musukoen lobby farmazeutikoa? Oso indartsua izanik ere, beste lobby guztiak (autoak, industria, turismoa..) hainbeste kaltetzeko lain indartsu?

Beraz, nor?

Azken aldian, gerra eta gerraoste batekin alderatzen ari naiz inpaktu ekonomikoari begira. Orain birusaren kontrako gerran ari gara, eta ondoren -lehenbailehen espero dezagun- gerraostea etorriko da. Izan ere, 2008ko krisi eta krisi-ostetik (galtzen naiz non gauden/geunden) oraindik atera gabe geundela, korona-ostia hau etorri da krisi hark indartutako ildoetan areagotzeko: turbokapitalismoaren zazpigarren martxa: kapitala areago kontzentratu, pobrezia/prekarizazioa/neo-esklabotza zabaldu, publikoaren eta natura baliabideen pribatizazioa… Gerra handietan ohituta egon gara potentziak elkarren kontra ikustera. Hau, nire iritziz (eta hanka sartzeko arriskua hartuta), lehen gerra da non potentzien artekoa ez, baizik eta kapitalismoa mundu mailan eta lehen aipatutako ildoetan beregituratuko den globalki. Hau da kapitalismoa vs gizateria.

Honekin ez dut esan nahi nahita egin duenik “norabaitek” edo “norbaitzuek” (eta hala balitz ere ez dit hainbeste axola). Nahiago dut gertatu diren batzuei erreparatu eta gertatzeko itxura osoa dutenei.

Lehendik zetozen ildoak areagotu dira oso azkar. Lehen aipatutakoez gain (alegia, pobrezia, prekarizazioa, neo-esklabotza, publikoaren pribatizazioa…), bazetozen baita ere, telelana (eta telebizitza: internet, sare sozialak), sare komunitarioen ahultzea, pertsonen atomizazioa, kulturaren bazterketa, kalea/plazaren galera… badakigu zer gertatzen ari zaigun birusaren aurkako gerra betean. Nola geratuko zaizkigu gerra ostean?

“Gerra” honen hastapenetan Mati Iturraldek -iritzi ildo ausart batean- birus hau oso lehen mundukotzat jo zuen, mundu mailako erabakiak hartzen dituztenak ere lehen mundukoak dira. Ez dut gutxietsi nahi gaixotasun honen inpaktua inondik ere: Gasteizkoa naiz, hiri honetan munduko hildako-tasa altuenetakoa dugu (323 hildako, 240.000 biztanle, EEBBetan edo Brasilen baino altuagoa). Krisi globala da bai, birusak ez du mugarik ezagutzen, baina globoaren osotasunari begiratuta, lehen munduari hainbeste eragiten ez dioten beste gaitz batzuekin alderaturik (gosea, adibidez) (eta badakit birus baten kontrako neurriak eta gosearen kontrakoak ezberdinak direla) erreakzioa oso ezberdina izan da eta da.

Harrigarria izan da baita ere irizpide zientifikoen ahultzea. EAEko gobernuak bere aholkulari zientifiko taldea baztertu eta sokako talde batekin ordezkatu zuen. Ulergarria da hasierako noraeza, baina tira, gogora ditzagun ale batzuk: hasieran eskuak garbitu eta kitto, Murgaren “Pedro S├ínchez musukoaz? Gaixorik egongo da!“, parkeak itxi, maskarak leku itxietan, maskarak leku guztietan, mugak ez baina mugak bai, Kantabria bai, hauteskundeak bai… Mundu mailan ere izugarria izan da herrialde batetik bestera zein neurri ezberdin hartu diren, birus bera izanik (birus bera da, ezta?).

Pertsonalki, nahiko baxu eta ezkor nago, gehien gustatzen zaizkidan gauzak (kultura, kalea, festak, herri mugimenduak…) lehen azkenak izan eta orain azkenago daudela ikusirik. Gainera, kurioski, boterekeria, agintekeria, kapitala eta abar gehien borrokatu eta alternatibotasuna, kontrakotasuna, herrigintza eta abar gehien landu duten sektoreak eskuak loturik eta esaneko geratu dira/gara. Izan ere, ez da estatu bat, banku bat, Petronor edo Gaubeako tomate-negutegi esplotazio erraldoia, birus bat da, eta jende talde horiek erakusten duten ardura sozialagatik, neurri handi batean gelditu edo mugatu dira (batzuetan agintariek debekturik ere bai, nahiz eta jendarte ekimen horiek protokoloak eta abar landuak izan). Eta gainera politikari batzuk herri mugimenduz mozorrotu eta happy irudimena erakutsi dute, Urtaranen txupinazo ezkutua bezala.

Non daude festetan betaurrekoak saltzen zituzten beltzak? Non argi eta soinu teknikariak? Nora joan dira lana galdu duten magrebiarrak? Noiz aterako dira etxetik edo zahar-etxetik beldurrak jota dauden adinekoak? Zerbitzu publikoen utzikeriaren areagotzea noraino eramango dute?

Biharko normaltasuna “itzultzen” denean ze gaurko anormalkeriak geratu zaizkigu itsatsita?

Eta gainera: inork ez dakigu noiz arte iraungo duen gerrak eta gerra osteak.

 

 

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07