blogak

Paradisutik

Arabatik Iparraldera esku dago gure

Argazkia: Hala Bedi

Hau giza-katearen biharamunean idaztea ere. Ze festarako-euri naizen. Beharbada ez da egun hoberik. Ez nintzen atzo eskutik helduta ibili, ezta duela 4 urtekoan ere. Bai atzokoa, bai duela 4 urtekoa, Gipuzkoako Eskola Txikien aldeko festarekin batera tokatu zen, eta gu han izan ginen. Aitortu behar dut herri-eraikuntzari lotzen zaion beste jaialdi batean parte hartu ahal izanak lasaitu izan nauela.
Ados nago Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela, eta hor lanean ari diren pertsonei ezer txarrik esateko ez daukat. Ondo ari dira lanean, eta argi dago milaka pertsonengan ilusioa piztu dutela. Familia abertzaleen arteko hurbilketa ere eragin dute, urteetako ezinikusien gainetik. Zorionak, zinez. Niri, ordea, kontraesan asko sortu zaizkit hasieratik.
Kontraesanen “errudun” ez da “Gure esku dago” ekimena bera, baizik eta “gure” politika egiteko zentroak (Bizkaia-Gipuzkoak, aurrerantzean, BIGIk) mugiarazten ez duena. BIGI diot, ez herrialdekeriarik eragiteko, baizik eta EHko politika ildoak BIGItik markatu izan direlako oso aspalditik. Ildo horietan badira batzuk beti geratzen direnak mobida politiko superraren gerorako. Lehen gatazkagatik, gero gatazkaren konponbideagatik, eta, orain, tsunamira igotzeko premiagatik.
Adibidez: BIGIra kanpotik iristen diren pertsonek EPAn gaztelania debalde ikasteko aukera dute, baina gure herrian euskara ez dakien helduak bere poltsikotik ordaindu behar du. BIGIko ume batzuek ez dute euskaraz ikasten eskolan. BIGIn ez da “murgiltze eredua” sortzearen aldeko ahotsik entzuten, eta euskararekin ardura handiagoa duten gurasoek eskola hautatzean dute kezka nagusia. Euskarak kazetaritzan, literaturan, zientzian… duen hartzaile kopuru eskasari ez zaio lehen mailako garrantzirik ematen.
Batek esango du erabakitzeko eskubideak ez diela ildo sekundario horiei trabarik jartzen, areago, indartu ere indartu ahal dituela. Nik ez dut uste hala denik, ez du zertan behintzat, ildo sekundarioak lehen lerrora ekarri ezean. Independentzia gauzatu osteko balizko legebiltzar baten lehen neurriak ez du zertan izan euskararen aldeko politika aktiboago bat, gaur-gaurkoz Gasteizko legebiltzar txikian hartu ahalko luketena baino (kontuan harturik legebiltzartxo horrek duen ustezko nagusigo abertzalea). Badakit euskaraldia datorrela, baina euskaraldiaren hurrengo olatua instituzioetara eraman beharko genuke, euskaraz bizi nahi dugunon eskubideak errespetatu eta euskararen normalizazioan aurrera pausuak eman ditzagun. Eta olatutxoa eraman baita ere, zergatik ez, ahozko euskaldun askoren bestelako hizkuntz-erabilerak aldatzeko. (Badaezpada, “pottoki erretxin” goitizena inork jarri aurretik: ondo deritzot euskaraldiari).

Bestalde, ulertu ahal dut abertzaleak nagusi diren BIGIn presa izatea erabakitzeko eskubidea gauzatu eta independentzia eskuratzeko. Kexu ere izan ahal zarete euskaldun periferikoak motelegi ote goazen. Baina gaur-gaurkoz nik, Araba-Nafarroa-Iparraldetik ikusita, ez dakit noraino duen zentzua tsunamira igotzeko premia izateak.
Bitartean, bizipoz handi(ago)a ematen didate eusko monetak, bakearen artisauek, Errigorak, EHZ-k edo Okupatu Gasteiz dinamikak.

Izan ARGIAko bazkide: astekariko harpidedun edo argia.eusen laguntzaile

jatorrizkoa ikusi

2013-2020
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07