blogak

Paradisutik

Ager Vasconum

Regino Ayesa oroimenean.

 

Hondarrak idatzi eta argitaratu izanak ekarri didan gauzarik ederrena irakurleekin egindako harremana izan da. Batzuk lagunak (baina lagunak lagunak dira), beste batzuk ezagunak (hemen ere ez dakizu), eta ezagutzen ez nituenak ere, nigana zertan etorri ez zutenak, irakurle talderen batean, sare sozialen bidez edo kalean hondar ale hau edo hura aipatu didatenak.

Izan dira irakurle porrokatuak, baina baita euskara ikasi, eta kostata liburua irakurtzeari ekin diotenak ere, baita euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duten euskaldun-zahar batzuk ere (eta ez da liburu erraz-erraza: hika, hainbat euskalki, hainbat txatal eta ahots ezberdin…). Izugarrizko poza hartu dut, eta, bide batez, nire ustez gustatu lekizkiekeen beste hainbat euskarazko libururekin jarraitzeko akuilatu ohi ditut.

Regino Ayesa irakurlerik berezienetako izan zen.

Artefaktua-tik hots egin zidatenean elkarrizketa egiteko, Uxuen egin genezan proposatu nien. Zalantzazko aste baten ondoren –Ager Vasconumeraino joatea ez baita oso ohikoa euskarazko hedabideentzat, Uxuek berak Saltusetik anitz badu ere- baiezkoa etorri zen.

Saioa osatzeko, solaskide bat eta irakurle bat behar genituen. Solaskide izateko bi aukera nituen Kasedakoa eta Tafallakoa, bietan liburua irakurri eta kritikatu duten lagunak. Irakurlearena ez nuen hain argi, eta Madrilen bizi den euskaldun uxuetar lagun bati galdetu nion, ea irakurle euskaldunik ba ote zen Uxuen. Reginoren telefonoa eman zidan.

Reginok hunkitu samarrik esan zidan Hondarrak irakurri zuela: bere haurtzaroa, bere Uxue, gatazka… Ez dut uste oso kamara zalea zenik, baina saioan parte hartzeko baiezkoa eman zidan. Ondotik jakin nuen Iruñerriko eskola batean hainbat urtez maisua izan zela, eta gero urte luzez Tafallako ikastolan jardun zela irakasle eta zuzendari.

Pandemiak udaberri hasieran behar zuen saioa sei hilabetez atzeratu zigun, baina azkenean Garazi Arrula Txalapartaren euskarazko liburuen editore tafallarra, Regino uxuetar jubilatu berri irakurlea eta hirurok elkartu ginen Yolanda Mendiola eta gainerako lantaldekoekin. Euskal literaturari buruzko telesaio bat Uxuen. Udazken hasierako egun eguzkitsu eta garbia atera zen, ziertzo pixka batekin.

Astelehen goiz hartan ezagutu nuen aurrez aurre Regino. Ikusleei Aingeru Epaltzaren “Sasiak ere begiak baditik” gomendatu zien, eta ondotik, bere partea eginik, gutxien espero genuen karrikatxoetan agertuz eta desagertuz ibili zen kuku eginez, lantaldekoei bazter hau eta hura grabatzeko esaka. Anfitrioi lanak ederki bete zituen, eta harreman ederra izan genuen berarekin.

Aste hartako ostegun iluntzean, bizikletaz Uxuera itzultzen ari zelarik, istripua izan eta zendu zen Regino.

Ez dut gauza handi samarretan gehiegi sinesten; nirekin daramat Reginorekiko lehen telefono dei haren ezusteko poza, Uxuen hartu gintueneko bere harrotasuna eta trukatu genituen begiraden konplizitatea.

Zer gara gu, kate luze-luze baten azken hondarrak, nor bere noraezean aske, eta oharkabean loturik, harriak lekuko.

The post Ager Vasconum appeared first on Paradisutik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07