blogak

Odolaren mintzoa

Train to Busan (Busango trena)

-Non gaude? -Uste dut zonbi film batean gaudela -Seguru zara? -Nahiko, bai

-Non gaude? -Uste dut zonbi film batean gaudela -Seguru zara? -Nahiko, bai

Hiru urtez, tonto itxura ematen zidan argazki bat izan nuen hedabide batean; argazkia aldatzeko aukera izan nuen, jakina, baina nahiago izan nuen adimen gutiko gizon itsusi mortal bat erakusten zuen irudi hura atxiki, motibo sinple honengatik: batek baino gehiagok, ni ezagutzean, errana zidaten argazkian baino aise itxura hobea nuela. Era berean, kritikariek erran izan balute Yeon Sang-ho zuzendariaren Train to Busan arrunt film txarra dela, edo, tira, erdipurdikoa; kritikak, oro har, txarrak izan balira, eta ikusleen aldetik ere harrera eskasa izan balu –baina Donostiako Beldurrezko astean sarrera guziak saldu zituzten–, segur aski erranen nukeen ez dela hainbertzerako, bere gorabehera guziekin film aski entretenigarria dela.

Baina toki guzietarik ailegatu zaizkidan berriek zioten film izugarria zela Busango trena hau, eta, ondorioz, filmeko bi orduak pasatu nituen aho zabalik utziko ninduen eta uau! erranarazi zidan une horren esperoan –zinema korearraz ari garenez, Park Chan-wook unea deitzen ahalko genioke une horri, erran nahi baita, mendekuaren trilogia egin zuen Park Chan-wookena–, baina memento hori ez zen inoiz ailegatu; aho zabalka utzi ninduten eta meh! erranazari zidaten uneak, ordea, agudo etorri ziren bata bertzearen gibeletik.

Trenean hobe da deus ere ez jatea, bertzenaz...

Trenean hobe da deus ere ez jatea, bertzenaz…

Busango trena genero zinema maite dutenengandik haratago, ahalik eta publiko zabalenarengana ailegatzeko –alferrikako?– eginahala da, eta blockbuster izaera horri jarraiki, bai istorioan bai irudietan ikuslea ahalik eta gutien asaldatzen saiatu da zuzendaria. Nola azaldu, bertzenaz, begi aitzinean dugun mirari arraro hori, errairik eta kanibalismorik eta ageriko burmuinik eta erauzitako gorputz atalik eta, solas batean, gorerik gabeko zonbi film bat? Odolak, batez ere, kristalak zikintzeko balio du film honetan, eta zonbiak ez dakigu zonbi diren, infektatu edo, bertzerik gabe, bere haserrea gainantzezten duen jendea.

Pelikula honetan zonbi azpigeneroaren egiten den neutralizazioan, haurrak –adi!: zaputza– ez dira zonbi bihurtzen –George Romeroren Night of the living dead urrun hartan ez bezala–, eta ikusleak ez du inoiz sentitzen haurdun dagoen emaztekiaren osasuna benetan arriskuan dagoenik. Akabera aldera, Yeon Sang-ho hurbil ibili da, tiro baten distantziara hain zuzen ere, istorioari bukaera garratza ematetik –arestian aipatu Romeroren filmekoa bezain garratza–, ikuslea gaizki sentiarazteko gaitasuna izanen zukeen bukaera bat hain juxtu ere. Alta bada, horretan ere porrot egin du. Deus berririk eskaintzen duen film koldarra dugu, azken buruan, Train to Busan.

Baina, tira, iruzkin hau irakurri ondotik norbaitek filma ikusiko balu, akaso zera pentsatuko du: bada, ez da hain txarra ere!

Filma euskarazko azpitituluekin ere ikus daiteke.

Zuzendaria: Yeon Sang-ho

Gidoilaria: Yeon Sang-ho

Aktoreak: Yoo Gong, Kim So-an, Jung Yu-mi, Ma Dong-seok, Kim Eui-sung

Herrialdea: Hego Korea

Urtea: 2016

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07