blogak

Odolaren mintzoa

Marketinak ez du genero zinemaren akabera ekarriko (zerbaitek ekartzekotan)

Duela guti ikusi nuen Ted Geoghegan-en We’re still here (Hemen gara oraindik); etxean dudan DVDan zera paratzen du: “Utzi itzazu alde batera Insidious eta Conjuring guziak; hona hemen benetan beldurra ematen duen film bat”. Benetan ematen du beldurra etxe sorgindu batean gertatzen den film horrek? Tira, niri bai, baina ez dakit ni neurgailurik hoberena ote naizen. Insidiousek edota Conjuring guziek baino izu handiagoa eragiten du? Susmoa dut ezetz, baina batek daki. Dezepzioa ekarri ote dit filmak, engainatua sentitu naiz pelikula ikusitakoan? Hondarrekoz erantzuten dakidan galdera bat: ez. Genero film zintzoa iduritu zait, aktore lan ederra ez ezik, giro asaldagarria eta susto batzuk ere eskaintzen dituena. DVDko propagandak pittin bat bapigakatzen duela benetan-beldurra-ematen-duen-film-bat esaldi horrekin, lehenago film bakar batek ere beldurrik eman ez balu bezala? Baliteke. Ez zait, halere, hain larria iduritzen; ezta hori film horren problema nagusia denik ere.

Hori guzia kontatzen ari naiz, berriki Argian Gaizka Izagirrek harritu nauen artikulu bat publikatu duelako; han, marketinak genero zinemaren akabera ekar dezakeela defendatzen du, propagandak filmek eragiten duten beldurra neurririk gabe puzten segituz gero. Adibide gisa, hiru film aipatzen ditu: It, Get Out eta It Comes at Night. Hirurak zinema aretoetan ikusteko aukera izan dugu –It ikusgai dago oraindik, oker ez banabil–. Lehendabiziko biak film onak dira nire ustez –hirugarrena ez dut ikusi, badaitort–, baina egia da It-en abenturen eta izuaren arteko koktelean desoreka dagoela osagaien artean, eta egia da Get Out-ek gehiago duela zientzia fikziotik, beldurretik baino. Halere, beharbada ingelesezko horror eta euskarazko beldurra ez dira zehazki gauza bera.

We’re still here, berriz, ez da gure aretoetara ailegatu, bertze film eder batzuk ailegatu ez diren bezala: Turbo Kid, I am not a serial killer, The Wailing… Zinemaldi espezializatuetan erakutsi dituzte –Donostiako Beldurrezko Astean edo Bilboko FANTen–, baina, kalitate oneko filmak diren arren, ez dugu gero areto “normaletan” ikusteko paradarik izan. Ikustekotan, beraz, Interneten edo DVD formatuan. Hori izaten da genero horretako film gehienen patua; ailegatzen direnak salbuespenak izaten dira, edo, hainbat arrazoirengatik, mainstream delakoan sailkatzekoak. Hiri buruzagian, gainera, gehienetan hiritik kanpoko zinemetara eramaten dituzte, banatzaileek film horiek krispeta jaleen bazkatako jotzen duten seinale –tira, ni neroni ere krispeta jalea naiz, baina uste dut ulertzen dela zer erran nahi dudan–.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gaizka Izagirrek dioena sinestera, duela guti marketina etorri da genero zinemaren urrezko tenorea hondatzera. Baina marketina ez da gauza berria: Keep repeating, it’s only a movie leloa ez da preseski 21. mendean asmaturiko esaldia; eta, nahi izatera, bertze egun batean mintza gaitezke William Castlez. Nolanahi den ere, marketina kontu berria ala zaharra izan, iduritzen zait hiperbolea dela zinemaren propagandako tropo nagusia gaur egun, zinema guziarena erran nahi baita, ez bakarrik izu-zinemarena. Urteak dira urtarrilerako gure aretoetan izaten ditugula urteko lehendabiziko urteko film hoberenak; urtero, gero eta gehiago izaten dira urteko –edo, batzuetan, hamarkadako– film onenak: futbolean mendeko partida adina, gutienez.

Marketinak dezepzioa eragiten du, bai, baldin eta marketina sinesten badugu. Azken bolada honetan egunero aditzen dut irratian Arregiren eta Garañoren Handia “sublimea” eta “poesia iruditan” dela. Ez dakit, bada. Aretora joan nintzen egunean, berriz, film ona ikusi nuen, inolaz ere film sublimea, baina, irratiak tematik errandakoa gorabehera, ez nuen sublimitaterik espero. Hortaz, ez nuen atsekaberik hartu.

Behin, Angel Errok idatzi zuen zinema ez pornografikoari nahasgarriki zinema deitzen zaiola, zinema hutsa alegia. Nire iduriko, beldurrezko zinema da zinema hutsetik aparteko etiketa merezi izateko hurbilen dagoen bertze zinema mota –nork ez du inoiz aditu “zinema klase guziak gustatzen zaizkit; bueno, beldurrezkoa izan ezik”?–. Izu zinemaren akabera zerbaitek ekartzekotan, anitzek –ikusleek ez ezik, banatzaileek ere– egiten duten balorazio negatibo horrek ekarriko du; ez, ordea, zinemaren gaitz orokorra den neurririk gabeko marketin horrek. Tira, nire ustez.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07