blogak

Odolaren mintzoa

Little Monsters (Donostiako Beldur Astearen gaineko oharrak)

Behin batean Loiolan...

Behin batean Loiolan…

El Hoyok ez bezala, akabera baino aise lehenago dezepzionatzen du Little Monsters film australiarrak, nahiko ongi hasten den arren. Nonbait gidoi sentimentalak automatikoki ekoizteko makina bat existituko balitz, film honen istorioa sortuko luke. Dave (Alexander England) gazte arduragabe eta berekoia da. Neska-lagunak etxetik kanporatuta, arrebaren etxean bizi da orain. Hori dela-eta, ilobaren irakaslea, Miss Caroline (Lupita Nyong’o), ezagutu eta harekin maitemin…, zera, larrua jo nahian, onartuko du irakasleari laguntzea ilobaren gelako haurrak parke batera txango batean eramaten, haurrak bereziki maite ez dituen arren. Parkean bizi beharko duten egoera estresagarriak elkar hobeki ezagutzera eramanen ditu –badakizue, haurrak lo daudelarik, inoiz inori egin ez dizkioten aitormen sekretu sakon horiek eginen dizkiote elkarri–.

Bueno, laburbiltzeko, behar baino aise gehiago luzatuko diren aitormen bukaezin horiei esker, Davek segituko du Miss Carolineri larrua jotzeko desiotan, baina maiteminduta eta haren lana preziatuz eta pertsona gisa baloratuz, eta Miss Caroline ohartuko da Dave, kanpoko itxuraren azpian, benetan bihotz oneko tipoa dela. Tarteka Neil Diamonden Sweet Caroline kantatuko dute, eta If you`re happy and you know it! ere bai. Zonbi batzuk ere badira. Uste dut. Bai, aski seguru naiz. Eta txiste benetan irri-emangarri batzuk ere bai, dena ez da kritika gaiztoa izanen. Baina, oro har, bazkalondoan jartzeko moduko komedia azukretua da Abe Forsythek zuzendutako lan hau. Ez iezadazu kasu handirik egiten, halere, zeren Taylor Swiftek erranen lukeen bezala, the haters gonna hate, hate, hate, hate, hate. Hori ere kantatzen baitute filmean. Ukelelek lagunduta. Gainerako abestiak bezala, jakina.

Zuzendaria: Abe Forsythe

Gidoilariak: Abe Forsythe

Aktoreak: Lupita Nyong’o, Josh Gad, Alexander England

Herrialdea: Australia

Urtea: 2019

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07