blogak

Odolaren mintzoa

Heavy metalari buruzko bi film eta hiru dokumental (II): Lords of Chaos

Lords of Chaos

Lords of Chaos

Metalhead filmaren akaberan, hiru gazte ailegatu dira Oslotik Herari bisita egitera, honek igorri zien demoak erakarrita. Batek egin du aurkezpena: “Øystein dut izena, eta hauek dira Yngve eta Pal Ole”. Beren disketxea dute Oslon, ttikia baina arras cool-a omen dena. Musika talde bat ere osatu dute, baina haren izenik ez dute aipatu. Zaleak, halere, aise ezagutuko du omenaldia: Øysteinek Øystein Aarseth –Euronymous goitizenez– Mayhem taldearen sortzaileari egiten dio erreferentzia; bertze bi izenak batuta, Pelle Yngve Ohlin –Dead goitizenez– talde bereko abeslaria ateratzen zaigu. Erran bezala, omenaldia da kontua, alde batetik, urte haietan Mayhemek ez zuelako Islandiara bidaiatu eta, bertzetik, bidaiatzekotan, Ohlin gabe beharko zukeen, ordurako Dead goitizena baino gehiago haren egoeraren deskripzio zehatza baitzen.

Lords of Chaos filmak ez du Mayhem-en historia kontatzea helburu, Norvegiako black metala nola sortu zen kontatzea baizik, baina horretarako ezinbertzean toki handia eman behar bai Deadi, bai Euronymousi, bai Mayhemi. Jonas Åkerlund-ek zuzendu zuen; Bathory taldeko bateria jotzaile ohia izanda, iduri luke Åkerlundena izen aproposa zela esku artean dugun gaia lantzeko, baina filmak ez omen du arrakasta handirik izan musikazaleen artean. Rolling Stone aldizkarian franko kritika negatiboa idatzi zuen Kory Growk, eta han-hemenka sare sozialetan ez dira falta metalzaleen iritzi kritikoak. Zuzendariak oinarri gisa erabili zuen izen bereko liburua –Michael Moynihan-ek eta Didrik Søderlind-ek idatzia–, ordea, aski arrakastatsua gertatu da, sari bat –Firecracker Alternative Press Award, 1998an– jasotzeraino. Nire jarrera lehenbailehen argitze aldera, erran behar dut ezin izan nuela liburua akitu; filma, berriz, nahiko gustatu zitzaion musikan aditua edo tr00 kvltist-a ez naizen honi.

Black metal egitea nekagarria da benetan

Black metal egitea nekagarria da benetan

Istorioaren hari nagusia Øystein Aarseth Euronymous bada ere, filma bi partetan banatzen da: lehendabizikoan, goitiago aipatutako Dead abeslaria dugu protagonista, eta berarekin Mayhemen eta black metalaren inguruko giroaren sorrera; bigarrenean, Yngveren heriotzaren ondotik, Varg Vikernes ezagutzeko plazera edo izanen dugu, eta berarekin izenburuko anabasa ailegatuko da.

Mad Movies aldizkarian, komedia beltz gisa deskribatzen dute filma. Eta horretarik badu. Filmean, protagonistak, Aarsethek, eginahal guziak egiten ditu erakusteko muturreko metal brutalena bertzerik ez duela bulkatu nahi; are gehiago, etengabe predikatzen du musika klase bat ez, bizimodu bat dela black metala, bizimodu gaiztoa hain zuzen ere. Eta bera dela gaiztoetan gaiztoena. Alta bada, behin ere hutsik egin gabe, bere inguruan aurkitzen du bera baino aise gaiztakeria handiagoak egiteko prest dagoen jendea, eta, bera ez bezala, gauzak mutur-muturreraino eramatera ausartuko dena.

Talde osoa

Talde osoa

Aipatutako Pelle Yngve Ohlin Dead, adibidez, 1988tik 1991era Mayhemeko abeslaria izanen zena. Taldeak abeslari bat behar zuela jakinda, Suediatik kasete bat igorri zien taldekideei, baina gutun-azalean, kasetearekin batera, hildako sagu bat sartu zuen, gurutziltzatua eta, Oslora ailegatu orduko, aski usteldua. Heriotzarekin obsesionatua, animalien gorpuak gordetzen omen zituen ohatze azpian, heriotzaren urrina sentitzeko; kontzertuetan besoetan ebakiak egiteko ohitura izaten zuen, eta ez gara preseski ebaki ttikiez ari. Tiro bat bota eta bere buruaz bertze egin zuen taldeak entseatzeko zuen etxe batean, 1991ean. Aarsethek aurkitu zuelarik, poliziari edo anbulantzia bati deitu baino lehen, argazki batzuk egin zizkien lagunari eta lurrean hedatuak ziren burmuin puskei. Talentu handia ez ezik, egiazko problema psikologikoak ere ba omen zituen Deadek, akabera tragiko horretara eraman zutenak.

Maitasunez, Pelle

Maitasunez, Pelle

Aarsethen jarrerak krisi bat ekarri zuen taldera. Ordura artioko baxu jotzaileak, Jørn Stubberud Necrobutcher-ek, taldetik ospa egin zuen, argazkien aferagatik Euronymousekin haserre. Varg Vikernes-en ordua da. Filmaren bigarren zatia Aarsethen eta Vikernesen arteko maitasun-gorrotoaren kontakizuna da. Vikernes gauzak muturreraino eramanzalea bide zen; black metalzaleek kristautasuna mespretxatu eta Eliza gorroto badute, orduan ez da nahikoa horretaz mintzatzea. Zer edo zer egin beharko da. Eta horrela, 1992az geroztik, elizak hasi ziren kiskaltzen Norvegian.

Norvegiako black metalzaleen giroa oilategi txikia izanik, neurri handi batean, oilar bakarra izateko lehia da Euronymousen eta Vikernesen arteko istorioa. Harik eta Vikernesek Aarseth erail zuen artio. Hogeita hiru nabalkada eman zizkion; horietarik hamasei, bizkarrean.

Filmaren propagandak zioen “egian eta gezurretan oinarritua” zegoela –”based on truth and lies”–. Åkerlundek egiten duen kronika, oro har, segur aski egia bada ere, nire ustez gezurra Aarsethen aurkezpenean dago. Hollywoodeko estiloan, gaiztoak, alegia Vikernesek –Dead biktima da, bertze deus baino gehiago–, heroi bat behar du antagonista gisa. Lords of Chaos liburuak eta hurrengo sarrera batean komentatuko ditugun dokumentalek erakusten dute Aarsethek ez zuela alde ilunik falta. Filma, berriz, alde horiek zuritzen saiatzen da, pieza bakarreko heroia sortzeraino.

Distantzia handiegia hartu eta hotzegi jokatu izana ere leporatu izan diote Åkerlunden filmari. Distantziarik hartu gabe, zaila da ikustea nola egin litekeen film hau; azken batean, “gaiztoetan gaiztoena naiz, deabruaren morroia naiz” eta “amak ordaindu dit nire diskoaren grabazioa” esaldien arteko kontraerranik ikusen ez zuten gazte batzuei buruz ari gara. Horretaz gainera, nire ustez, filmak xarmanki erakusten du zer-nolako dinamika sortzen ahal den talde ttiki batean, astakeria handiena ea zeinek botatzen duen edo izugarrikeria afrusena nork egiten duen ikusteko lehia sortzen delarik. Black metaleko zenbait taldek egiten duten musika interesgarria da, baina horrek ez du erran nahi musikari guziak maite behar ditugunik. Filmak, berriz, gure arreta merezi du, nire ustez, maisulana ez bada ere.

Zuzendaria: Jonas Åkerlund

Gidoilaria: Dennis Magnusson, Jonas Åkerlund

Aktoreak: Rory Culkin, Emory Cohen, Jack Kilmer

Herrialdea: Britainia Handia, Suedia, Norvegia

Urtea: 2018

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07