blogak

Odolaren mintzoa

Green room (Kamerinoa)

Professor Xavier? Gaizki zabiltza, ez dira horiek mutante onak!

Professor Xavier? Gaizki zabiltza, ez dira horiek mutante onak!

Ain’t Rights talde punka arrakasta gutiko jira batean dabil; edo, bederen, aberastuko ez duen jira batean: tarteka, taldekideek gasolina ebasten dute han-hemenka, aitzinat segitu ahal izateko. Bereziki gaizki aterako den kontzertu baten ondotik, antolatzaileari oldartuko zaizkio taldeko lau kideak (Pat –Anton Yelchin–, Reece –Joe Cole–, Sam –Alia Shawkat– eta Tiger –Callum Turner–) eta haietariko batek hura lepotik hartu eta –plastikozko punki puta hori! oihu egiten dion bitartean– jotzeko mehatxua eginen dio. Tira, egiazko ala plastikozko, punkia tipo zintzoa bide da, eta bertze kontzertu bat eskainiko die, baldin eta Portlandeko bidean errepide nagusitik pixka bat desbideratzen badira; kontuz ibiltzeko, halere, kontzertu hartan kaskasoilak, botak eta tirante gorriak ugariak baitira. Lehenago lepotik hartu zuen taldekideak barkamena eskatuko dio gure punkiari.

Aspaldiko artikulu batean, Juanjo Olasagarrek kontatu zuen bere subalternotasuna “paseatzera” ateratzen zuela, inoiz gurasokeria tratatzen bazuten: betiere, hori egin daiteke, gaineratzen zuen Olasagarrek, zure eztabaida kideek zarena onartu eta errespetatzen badute. Jeremy Saulnierren Green room honetan, Ain’t Rights taldeak txangoa eginen du errespetua posible den toki batetik –toki bat non, indarkeria noizbehinka azaleratzen bada ere, ez baita mehatxutik pasatzen eta barkamena zinez eskatzen baita– elkarrizketa, errespetu edo tolerantzia arrastorik ezagutzen ez duen toki batera. Kontzertua ematekoa duten lekura ailegatuta, erran dezagun punkiaren deskripzioa eufimistiko samarra izan dela, zeren han kaskasoilak, esvastikak, bota militarrak eta bandera konfederatuak ugari ez, erabat nagusi baitira. Giroa ikusita, kontzertuari hasmenta emateko, Dead Kennedysen kanta baten bertsioa –Nazi punks fuck off– joko dute.

Problemak, nolanahi ere, ez dira kanta horren kariaz etorriko. Zaputzik egin gabe, erran dezagun kontzertuaren ondotik lau taldekideek bizia salbatzeko borroka egitera behartua ikusiko dutela beren burua; eta erran dezagun orobat, horretarako, Darcy –Patrick Stewart, mutante onak alde batera utzi dituena– nazi droga trafikatzaile jende manipulatzaile gaizto bati aurre egin beharko diotela.

Begirada intentsoa daukat

Begirada intentsoa daukat

Film ona –ikustea merezi duena, alegia– izanda ere, Green roomek problema bat dauka haren inguruan egin den propagandarekin. DVDean dagoen elkarrizketa batean, zuzendariak berak dio ez lukeela filma beldurrezkotzat joko, baina kontent dagoela norbaitek etiketa hori paratu nahi badio. Horrorfreak News web-orriak 2016ko 15 beldurrezko film hoberenen artean sailkatu du –tira, Matteo Garroneren Il racconto dei racconti ere sartu dute zerrendan–. Baina ez da beldurrezkoa, ezta fantastikoa ere. Erakusten duen indarkeria dela eta, horror film gisa sailka liteke –beldurra baino kontzeptu zabalagoa baita horror hori–, baina indarkeria mailari dagokionez ere publizitatea aski esajeratua da.

Hasmentako elkarrizketa batean, irla desertiko batera zein talde eramanen luketen galdeginda, Ain’t Rightseko taldekideek, espero izatekoa zen bezala, talde punkiak aipatu dituzte –Dare to Defy, Poison Idea, Misfits–; aitzinxeago, beharbada hilen direla argi dagoelarik, bik egia aitortuko dute: Simon & Garfunkel, dio batek; Prince, bertzeak. Iduri luke, beraz, etiketak inportanteak direla film honetan. Nolanahi ere, punki itxura egin ala ez, hiritik heldu diren gazte horiek nonbait Amerika sakonean –barkatu– sortzen ari den munstroari buru egin beharko diote.

Zuzendaria: Jeremy Saulnier

Gidoilaria: Jeremy Saulnier

Aktoreak: Anton Yelchin, Joe Cole, Alia Shawkat, Callum Turner, Imogen Poots, Patrick Stewart, Macon Blair

Herrialdea: AEB

Urtea: 2015

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07