blogak

Odolaren mintzoa

2019ko hamar film gomendagarri

Telefonoan dudan aplikazio batek erran dit 2019an 191 film ikusi ditudala – bertze aplikazio batek zenbat komiki erosi ditudan gaztigatu dit, baina zenbaki hori ez dut hemen paratuko–. 191: gaizki, beraz, zenbaki bakoitiak gorroto ditudalako eta ohartu orduko zifra hori “kasik berrehun” bihurtuko delako, “kasik” guziek dakarten frustrazioarekin.

Ikusi ditudan kasik berrehun horietarik ez dakit zehazki zenbat izan diren 2019koak eta zenbat bertze urte batzuetakoak. Nolanahi ere, zerrenda errepasatu eta gomendatzeko moduko hamar bederen aurkitu ditut. Zerrendara ekarri ditudan guziek aldez edo moldez harremana dute zinema fantastikoarekin, blog honi dagokion bezala. Hori dela eta, ez dut Martin Scorseseren The Irishman sartu. Uste izatekoa da Todd Phillipsen The Joker zerrenda anitzetan izanen dela; hortaz, ez dut nirean biltzeko beharrik sentitzen. Lars von Trierren The House That Jack Built, Yorgos Lanthimosen The Favourite eta Jonas Åkerlunden Lords of Chaos 2018koak dira, eta horregatik ez ditut zerrenda honetara ekarri –baina, batek daki, urtea akitu artioko hondar egun hauetan hamarkadako filmen zerrenda bat egitera animatuko banintz, beharbada sartuko nituzke–.

Hori erranda, aurten hamar film hauek gustatu zaizkit, hurrenkera arbitrario batean antolatuta. Alferra naizenez, film bakoitzaren fitxa egin beharrean, IMDBko lotura paratu dizuet.

Brightburn (David Yarovesky)

David Yaroveskyk zuzendua, Brian eta Mark Gunnen gidoi bat abiapuntua duela, baina batez ere James Gunnek ekoiztua. DCko komikietan kontatua ziguten zer gertatu zatekeen Superman izanen zenak Sobietar Batasunean lur hartu izan balu. Film honetan, Yoroveskyk eta Gunndarrek kontatu digute zer gertatuko litzatekeen Superman izenik izan ez arren hura bezala espaziotik etorria den eta hark bezala superbotereak dituen mutiko polit hori gaiztoa balitz. Zer gertatuko litzatekeen? Bada, gauza onik ez. Ikusi eta gozatu. Eta gogoratu: ez begiratu goiti sabaiko lanpara bat hausten delarik; kristalen bat begian sartzen ahalko litzaizueke eta.

Vivarium (Lorcan Finnegan)

Istorio minimalista, The Twilight Zone eta Black Mirror telesailen arteko nahasketa bat iduri duena. Hiru pertsonaia nagusi, eta urbanizazio bat: etxe guziak berdinak, karrika guziak berdinak. Problema bakarra, ezin dela handik ihes egin. Hain osagai gutirekin sekulan aspergarria ez den film bat egitea meritu handia litzateke. Ikuslea harrapatzen duen film bat egiteak, Lorcan Finneganek lortu duen bezala, txalo handia merezi du. Eta izanen duena baino hedapen handiagoa izatea ere merezi du sistemak gainean ezartzen dizkigun zamei buruzko alegoria honek.

It Chapter Two (Andy Muschietti)

Stephen Kingek haurtzaroa eta helduaroa nahasiz, denboran aitzinat eta gibelat salto eginez, kontatu ziguna, kronologikoki kontatu digute bi film hauetan: lehendabizikoan, haurren istorioa; bigarrenean, helduena –flashbackak badira ere–. Film perfektua izan gabe –niri akabera luzeeeea egin zitzaidan–, ez dakit Kingen nobela hori hobeki eraman daitekeen zinemara. Idazleak berak kameo bat egiten du.

Ventajas de viajar en tren (Aritz Moreno)

Film honen akatsak enumeratzen hasiko bagina, nik uste dut zerrenda luzea egin genezakeela. Halere, ezin ukatu ausardia baduela, baita gauzak manera original eta tarteka harrigarri batean kontatzeko gogoa ere. Ataletan banatuta, gai nagusia fikzioaren beharraren inguruko gogoeta dela erran daiteke, eta fikzio batzuk noraino diren kaltegarriak erakusten du atal batean. Ez da beldurrezko filma, eta ikusleak ez du odol anitzik ikusiko. Bertzelako gaiak baditu, berriz –koprofagia, pederastia, bestialismoa, tratu txarrak–, pantailan dagoena ikustea zenbait unetan esperientzia gogor samarra bihurtzen dutenak. Hala eta guziz ere -edo hain zuzen ere horregatik-, arrunt film gomendagarria.

El Hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia)

Trenez bidaiatzaren abantailak bezala, El Hoyo ere euskaldun baten eskutik heldu zaigu. Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako lan honi Jon Mikel Caballero iruindarrak 2019an egindako El increíble finde menguante gehitzen badiogu –nahiz eta hondarreko hau aise kalitate apalagokoa izan–, ikusten dugu Euskal Herrian ez dela ideiarik falta zinema fantastikoa egiteko tenorean; euskaraz egitera animatuko dena, ordea, eskas bide dugu, edo ideia horiek jendea euskaraz egitera animatuko duten baliabideak. Baina gatozen harira: El Hoyo. Elikadura desegoki banatzearen inguruko alegoria bat. Akaberan itxuraz proposatzen duen bideak hotz utzi ninduen, baina azkeneko bortz minutuak kenduta, ederki disfrutatzen den filma da, benetan merezi duena.

Parasite (Bong Joon-ho)

Urrezko Palmondoa irabazi zuen Cannesen Bong Joon-hok film honekin, eta beharbada horregatik arrakasta handia izan du zinema aretoetan ere klaseen arteko harreman desorekatuak mintzagai dituen film honek. Ongi merezia, arrakasta, hain merezia ezen nire zerrenda honetan ere sartzea erabaki baitut. Nire barneko esnobak erran dit, halere, aipatzeko nik lehenagotik nuela gustuko Bong Joon-ho, eta bidenabarkoan errateko Parasite ongi dagoen arren, zuzendari horren bertze film batzuk ere –hala nola Mother (2009) edo The Host (2006) edo Memories of Murder (2003)– arrunt gomendagarriak direla, eta horietarik baten bat, Urrezko Palmondoa gorabehera, apika Parasite baino hobea.

Scary Stories To Tell In The Dark (André Øvredal)

Trollhunter gustuko izan nuen, eta lehen irudipen on hura berretsi egin zidan Øvredalek The Autopsy of Jane Doe filmarekin. Haren hirugarren film luzea den Scary Stories honetan ere ez dut dezepziorik izan. Atalkako filma izan gabe, istorio diferenteak juntatzen ditu trebetasun handiz. Oinarrian duen liburua bezala, film hau ere teorian ikusle nerabeendako egina bada ere, serio hartzen du beldurra sortzeko eginahala, eta nerabezaroa gibelean aspaldian utzi zuen ikusle honek ere ederki pasatu zuen zineman. Guillermo del Toro ibili da ekoizle, eta haren eragina nabarmena da, nabarmenegia aukeran, filmaren akaberan. Hori kenduta, film ederra.

Avengers: Endgame (Anthony Russo & Joe Russo)

Mundu guztiaren gogokoa izan ez zen arren, nire ustez aski ongi bukatu dute film honetan Infinity Warren hasi zena. Une epikoak, une hunkigarriak eta une irri-emangarriak biltzen dituen film luze baina sekulan ez aspergarria. Behin eta berriz ikustea gelditzen zaigu orain, behin eta berriz xehetasun berriak aurkitzeko.

Once Upon A Time In Hollywood (Quentin Tarantino)

Quentin Tarantinoren bederatzigarren filma, aitzineko guziak bezalakoa eta, aldi berean, aitzineko guzietarik diferente. Elkarrizketak hor daude. Umorea hor daude. Erreferentziak. Musika. Baina dena kontrolatuago, zuzendaria helduago bihurtu izan balitz bezala, eta nostalgia ageriago gelditu balitz bezala. Tira, bukaera artio. Han, Inglorious Basterds-en egin zuen bezala, historia aldatu egiten du justizia poetikoa-edo egiteko asmoz. Bitartean, gezi batzuk botatzen ditu han-hemenka, fikzioko bortizkeria eta bortizkeria erreala nahasten dituen jendearen kontra. Hamar izarretik, hamaika emanen nizkioke.

Bullets of Justice (Valeri Milev)

Zenbait film sailkatzeko, bada hain-da-txarra-ona-baita izeneko kategoria bat. Justiziaren balak sail horretan sartu beharko genuke. Horrelako filmek konplizitatea eskatzen diote ikusleari. Hau jostetan sartzen bada, filmari dena barkatu –tira, ia dena– eta gozatuko du; sartu ezean, gorki aspertuko da. Mileven filmean badira zerri aurpegia duten soldadu mutanteak –Asshole izeneko bi anaia barne–, Cristiano Ronaldoren antza duen pertsonaia bat, sekulan zein den argi gelditzen ez den misio bat duen protagonista bat eta milaka inkoherentzia. Danny Trejok paper txiki bat du. 2019ko Donostiako Beldur Astean, publikoak bi filmi eman zion hamarretik bortz puntu baino gutiago. Suspenditutako bi filmetarik bat hau izan zen. Nik, berriz, maite izan nuen. Desesperatuki.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07