blogak

Nessum Dorma

The basque-french connection

Fitxa: Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen. Bakarlaria: Edgar Moreau (biolontxeloa). Egitaraua: Erkoreka, Lalo eta Berlioz-en obrak. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urtarrilaren 12a.

Hauxe da Bilbao Orkestra Sinfonikoak denboraldi honetako zortzigarren kontzertuari emandako titulua. Eta bai, badago lotura hori. Gabriel Erkoreka-ren ‘Suak’ izeneko obrak, Lalo-ren biolontxelorako kontzertu distiratsuak eta Berlioz-en ‘Sinfonia fantastikoa’-k giro koloretsu eta adoretsua dute, indar berezi bat.

Erik Nielsen zuzendariak jakin izan zuen usain berezi bat mantentzen hasieratik bukaeraraino, nahiz eta hiru obra hauen konpositoreak erabat desberdinak izan.

Erkoreka-ren ‘Suak’ izeneko lanak Reina Sofia saria jaso zuen 2007an, konposizio onenaren sailean. Kolorearen ariketa izugarria da, non orkestraren ehundurak primeran nabarmentzen diren. Bilbao Orkestrak bertsio distiratsu eta freskoa egin zuen, bizia.

Jakin-min handia genuen Edgar Moreau biolontxelo jole frantziar gaztea entzuteko. 23 urte besterik ez ditu baina goraka doan karrera polita dauka eta begi bistan gelditu zen Euskalduna Jauregian talentu aparta duela. Halere, espero genuen baino xarma gutxiago hedatu zuen musikari gazteak auditorioan. Doitasunez jo zuen eta soinu delikatua erakutsi zuen, baina proiekzio gutxikoa. Bestalde, hotz samarra iruditu zitzaigun bere interpretazioa, oso zuzena baina publikoa harrapatzen ez zuena.

Zalantzarik gabe, momentu onena kontzertuaren bigarren zatian iritsi zen. Berlioz-en ‘Sinfonia fasntastikoa, op. 14’ obra eder eta sorginkeriaz beterikoa da. Erik Nielsen zuzendariak taxuz eta adierazkortasunez interpretatu zuen obra. Zati bakoitzari giro egokia eman zion. Bigarren zatiak, ‘Dantza’, benetako dantzazko saloi batera eraman gintuen; ‘Marche au supplice’ laugarrenak benetako oinazea transmititu zuen, eta azkenekoa, ‘Songe d’une nuit du Sabbat’, argitsu eta eroa iritsi zitzaigun. Akatsgabea.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07