blogak

Nessum Dorma

Soinu-joku izoztua

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Mélanie Levy-Thiébaut. Egitaraua: Bach, Stravinsky, Otaolea eta Sibelius-en lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: otsailaren 22a.

 

Proposamen interesgarria ekarri digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak azken abonu-emanaldirako. Obra ezohikoak, orkestrazio ederrak, estreinaldi bat… denetatik izan genuen saio bitxi eta mamitsua dastatzeko.

Bestalde, Mélanie Levy-Thiébaut zuzendari indartsu eta nerbiodunak kemen berezia eman zien interpretazioei. Pasioz zuzendu zuen uneoro eta emaitza gisa bertsio zirraragarriak oparitu zizkigun.

Hasteko, Levy-Thiébaut-en espezialitate bat: Johann Sebastian Bach. Maisu honen ‘Musika-eskaintza’ izeneko obratik hartutako ‘Ricercare a 6 voci’ interpretatu zuen orkestrak. Jo zuten bertsioa Anton Webern-ek egindako orkestrazioa da, ederra, tinbrikoki aberatsa eta iradokitzailea. Zuzendariak jakin izan zuen ukitu pertsonala ematen interpretazioari, sutsu eta intentsoa.

Jarraian, Igor Stravinski-ren ‘Jeu de cartes’ lana jo zuten. Printzipioz ballet bat den obra hau ideia bitxi batetik sortu zen: karta-sorta bateko kartak protagonista dituen balleta, non poker jokoa abizpuntutzat hartzen den, jokerra pertsonaia nagusia izanik. Lan honek ez dauka konpositorearen beste pieza batzuen distira edo erakargarritasuna, baina orkestrak irakurketa garbi eta atsegina egin zuen, dudarik gabe.

Momentu interesgarriena saioaren bigarren zatian iritsi zen. Xabier Otaolea-ren ‘Izozmendi’ obra, Euskadiko Orkestraren enkarguz egindakoa, benetako gutizia suertatu zen. Glaziar batetik askatutako iceberg batek ozeanoraino egiten duen bidaia deskribatzen du lanak. Bidai honetako une bakoitza edertasunez islatzen du Otaoleak lengoaia musikala garbia erabiliz. Iruditzen zait Otaolea soinu-banden konpositore bikaina izan daitekeela. Badu distira berezi bat bere musika.

Kontzertua Jean Sibelius-en ‘Suite Lemminkäinen’ obrarekin amaitu zen. Lan hau lau poema sinfonikoz osatuta dago. Hauetatik hiru entzun genituen. Oso pieza deskribatzaileak dira, eta Euskadiko Orkestrak taxuz eta modu argiz azaldu zituen agertzen diren giro guztiak. Oso atsegina.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07