blogak

Nessum Dorma

Mimi zoragarria

Fitxa: OLBE-k antolatutako Puccini-ren ‘La Bohème’. Euskadiko Orkestra Sinfonika. Zuzendaria: Pedro Halffter. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Bilboko Abesbatza Elkartearen umeen korua. Zuzendaria: Jose Luis Ormazabal. Eszena Zuzendaria: Mario Pontiggia. Bakarlariak: Vanessa Goikoetxea, Martin Nusspaumer, José Manuel Díaz, Jessica Nuccio, David Menéndez, Krysztof Baczyk eta Fernando Latorre. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: urriaren 27a.

OLBE-ren 67. denboraldia arrakasta seguru batekin hasi zen, Puccini-ren ‘La Bohème’ operarekin hain zuzen ere. Dudarik gabe, publikoaren faboritonenetako bat da: kantu ederra, orkestrazio orekatua eta libreto sinple eta hunkigarria, osagai guzti hauekin zaila da huts egitea.

Lehenengo saioaren kritika argitaratu nuen Argia-ren paperezko bertsioan. Produkzio on bat disfrutatu genuen, oso klasikoa, ondo egina. Bestalde, Pedro Halffter-en zuzendaritza musikala doi-doia izan zen, kontu handiz azpimarratu ziren ahotsak uneoro. Eta bakarlarien lanak (Ainhoa Arteta, Mimi-ren rolean eta Teodor Ilincai Rodolfo-ren paperean batez ere) bikaina izan gabe, txalokadak sortarazi zituen.

Halere, aitortu behar dut jakinmin gehiago nuela Opera Berri izeneko saioa entzuteko. Opera Berri OLBE-ren ekimen txalogarria da. Titulu batzuetan, ematen diren bost saioetatik, batean hain ezagunak ez diren bakarlariak aritzen dira. Alde batetik, artista horientzat aukera paregabea da, bestetik, publikoarentzat oso interesgarria da ahots freskoak entzutea, eta, azkenik, sarrerak merkeagoak dira eta horrek ahalbidetzen du operara gerturatzea normalean joaten ez den jendea.

Aldi honetan, Vanessa Goikoetxea sopranoa (Mimi), Martin Nusspaumer tenorea (Rodolfo), eta José Manuel Díaz baritonoa (Marcello) izen berriak ziren. Nusspaumer abeslari uruguaitarrak ahots ederra luzitu zuen, nahiz eta malgutasun eskasekoa. Bestalde, José Manuel Díaz bilbotarrak, beti bezala, eraginkortasunez bete zuen bere lana. Azpimarratu nahiko nuke baita ere Jessica Nuccio soprano siziliarraren lana, Musetta ahaztezina egin baitzuen. Baina guztien gainetik, saioaren protagonista Vanessa Goikoetxea izan zen. Hasiera-hasieratik erakutsi zuen maisutasuna, ez bakarrik kantuan, baizik eta eszenatokian mugitzerakoan. Teknika paregabea dauka, ederki kontrolatzen du ahotsa errregistro guztietan. Bestalde, eta ez da tontakeri bat, itxura bikaina du, eta kasu honetan primeran egokitzen zen pertsonaiari. Baina, garrantzitsuena, emozionatu gintuen Vanessa Goikoetxeak bere kantu adierazkor eta ñabardura askotarikoarekin. Hasierako ‘Si, mi chiamano Mimi’ gozo eta aldi berean segurua iritsi zitzaigun eta, handik aurrera, esan bezala, benetako gozamena izan zen abeslariaren aktuazioa. Zorionak.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07