blogak

Nessum Dorma

Kolore eta giroak

Fitxa: Donostiako Musika Hamabostaldia. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Robert Treviño. Andra Mari Abesbatza. Zuzendaria: Andoni Sierra. Bakarlariak: Rinat Shaham (sopranoa), eta Mikhail Petrenko (baxua). Egitaraua: Ravel, Sorozabal eta Bartók-en obrak. Data: abuztuaren 24a.

 

Egitarau eder eta zaila proposatu digu Musika Hamabostaldiak orain dela gutxi hil zen Jose Luis Ansorenari omentzeko. Horrez gain, Hamabostaldiaren azken txanpa honetan orkestra ospetsu eta sendo izango ditugu gure artean, eta, beraz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat erronka bat da talde hauen artean bere indarra erakustea obra delikatu hauekin. Apustu serioa egin zuen eta, benetan, arrakastatsua izan zen emaitza.

Saioaren lehenengo zatian bi egile euskaldun izan genituen. Alde batetik, Maurice Ravel-en ‘Gaspard de la nuit’ triptiko zoragarria entzun genuen. Berez pianorako eginda dagoen gutizi hau, Marius Constant-ek orkestrarako moldatu zuena, zirraragarria iritsi zitzaigun. Ez da lan erraza Ravel-ek nahi zituen ehundura eta ñabardurak orkestratik ateratzea delikadeziaz eta sentsualitatez. Izan ere, lehenengo zatiaren ‘Ondine’ izeneko hasiera nahiko traketsa suertatu zen. Bai, lehenengo konpas horiek urtu egin behar dira eta efektu hori ez zen lortu. Baina hasierako ikara hori pasa egin zen eta ondorengo momentuak oso positiboak izan ziren. ‘Le Gibet’ izeneko pasarteak, benetan izoztuak, Aloysius Bertrand poetak irudikatu nahi zuen urkaren terrorezko giroa aurkeztu zigun eta benetako ikara sentitu genuen. Eta ‘Scarbo’ zatia distiratsua atera zen.

Ondoren, Pablo Sorozabal-en ‘Euskal Suite-a koru eta orkestrarako’ eskaini zigun Euskadiko Orkestrak. Emeterio Arrese-ren hiru poesiren gaineko pieza kostunbristak dira hauek, politak. Ederki interpretatu zituen Andra Mari Abesatzak, taxuz.

Baina agian saioaren plater interesgarriena bigarren zatian iritsi zen. Béla Bartók-en ‘Bizar Urdinen gaztelua’ opera ez da opera arrunt bat. Ez dago oberturarik, ez ariarik ez duorik. Lan osoa Bizar Urdin eta Judith bere emaztearen arteko elkarrizketa bat da, non pixkanaka-pixkanaka Bizar Urdinen krimenak azaltzen diren. Orkestraren kolore eta soinuak oso adierazgarriak dira uneoro, oso lan intentsoa eginez. Euskadiko Orkestraren lana fina izan zen, oso. Bakarlariak ongi aritu ziren ikuspuntu bokaletik. Ezin da gauza bera esan alde interpretatibotik. Kontutan izanda kontzertu-bertsioa eskaini zela, ez antzeztua, beste adierazkortasuna espero zen abeslariengandik, eta, zoritxarrez, motz geratu ziren. Halere, publikoa txoratuta geratu zen.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07