blogak

Nessum Dorma

Gazte Orkestra Zerutiarra

Fitxa: Euskal Herriko Gazte Orkestraren neguko saioa. Zuzendaria: Juan José Ocón. Bakarlaria: María Martín Campos (sopranoa). Egitaraua: Mahler-en 4. Sinfonia. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: urtarrilaren 2a.

 

Mahlerren laugarren sinfonia bere heroi bizitzari buruzko sinfonien zikloaren amaiera da. Lehenengoan, konpositorea aurkitzen dugu fedearen bila, haren heriotza eta berpiztea; bigarrenean, naturaren mirariak, modu panteistan ikusiak, hirugarrenean maitasun unibertsal bihurtuz; eta, azkenik, laugarrenean, dagokigun obran, bizitza zerutiarraren pozak kantatuz.

Agian ez zen bere garaian Mahler-engandik espero zena laugarren sinfonia hau, eta, horrexegatik, ez zuen estreinaldi arrakastatsua izan. Munich-en estreinatu zen, Mahler-en beraren batutapean, eta publikoak ez zion kaso handirik egin. Izan ere, kritika txarrak jaso zituen lan eder honek.

Dudarik gabe, Mahler-en kolore mundu berezia jasotzen du obrak, baina orkestrazio arina du, eta aurreko lanetan ez bezala, estilo klasiko edo, hobeto esanda, neoklasikoa azaltzen du.

Zehaztasun hauek guztiak emanda, konturatuko zarete sinfonia hau ez dela lan erraza interpretatzeko. Bere lau mugimenduetan berezitasunak eta giro kontrastatuak aurkitzen ditugu. Lan konplexua da. Baina, hala eta guztiz ere, Euskal Herriko Gazte Orkestrak jakin izan zuen giro eta kutsu guzti horiek azpimarratzen.

Beti komentatzen dudan bezala, Gasteizko Principal Antzokiko akustika deabruzkoa da, baina orkestraren emaitza fin eta zuzena izan zen, oso duina.

Esan behar da lehenengo mugimendua nahiko traketsa atera zela. Agian nerbioak edo/eta entsegu eskasak direla eta, instrumentuen arteko konexio eza nahiko nabaria izan zen. Baina, obra joan ahala, giro inguratzailea eta ‘mahleriarra’ lortu zuten.

Hirugarren mugimendua Ruhevoll (lasaia) azpimarratuko nuke, benetan sakona, narea eta grabea iritsi zitzaigulako. Eta laugarren mugimenduan benetako erregina María Martín Campos soprano irundarra izan zen. 23 urteko abeslari gazte honek tinbre zoragarrizko ahotsa erakutsi zuen, oso aproposa Das himmlische Leben (Bizitza zerutiarra) poema kantatzeko. Delikadeziaz interpretatu zuen abesti gozo hau, bertsio eder eta freskoa eginez. Zabaltasun pittin bat falta zaio ahotsari, baina denborarekin bere instrumentuak koalitate hau hartuko du.

Saioa eguberriko kanta batekin amaitu zen, bis gisa. Dibertigarria, oso. Txalo bero bat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07