blogak

Nessum Dorma

Ezkutuko egitaraua

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Robert Treviño. Bilbokok Koral Elkartea. Zuzendaria: Enrique Azurza. Bakarlaria: Mojca Erdmann. Egitaraua: Corigliano, Varèse, Reich, Chamizo, Schönberg, eta Usandizaga-ren obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: irailaren 27a.

 

Marketing kuriosoa egin du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurtengo abonu-kontzertuei hasiera emateko. Inork ez genekizkien ‘Zain’ izeneko egitarauan gordetzen ziren obrak. Bai Mikel Chamizo konpositorearen estreinaldi bat zegoela barruan, baina hortik aparte guztiz misteriotsua zen kontzertuaren edukina.

Ez du ematen ideia txarra denik. Aurreiritzirik ez, antzerkian sartu eta musikaz gozatu. Printzipioz egoera ideala da musikan murgiltzeko eta proposamen ezberdinak dastatzeko.

Halere, nire kasuan ez zen horrela izan. Pertsona kontrolatzailea naizenez (oso), ez zait gehiegi gustatzen edozertan parte hartzea jakin gabe zerekin topatuko naizen. Sorpresak ez zaizkit gehiegi gustatzen arrazoi honengatik, eta, kasu honetan, ez nion zentzu gehiegi aurkitu proposamenari. Hori bai, Chamizo-ren lana identifikatu nuen eta horrek lasaitu ninduen baina ez nion haria aurkitu egitarauari eta ñabardura berezi eta zentzugabeak aurkitu nituen. Adibidez: zergatik kateatu ziren Chamizo-ren eta Schönberg-en obrak? Ez dut esplikaziorik horretarako.

Bestalde, atsegina izan zen saioa. John Corigliano-ren ‘Promenade overture’ lan koloretsuak ireki zuen kontzertua. Adorez interpretatu zuen orkestrak. Zur eta lur utzi zuen publikoa Edgard Varèse-ren ‘Tuning up’ izeneko obrak. Hasiera batean afinatzen ari zirela ematen zuen, baina ez, halakoxea zen hain bitxia zein erakargarria den piezatxo hau. Ondoren, beste gutizi bat: Steve Reich-en ‘Clapping music’ izeneko pieza, izenburuak adierazten duen bezala, txaloka interpretatzen zen. Eta, zizka-mizka honen ondoren, Mikel Chamizo-ren ‘Navigare necesse est’ estreinaldia iritsi zen. Elkanoren bidaiaren hasieran oinarritzen den obra hau hiru zatitan banatzen da. Lehenengoan (Nuestra Señora de la O) protagonista abesbatza da. Kasu honetan, Bilboko Koral Elkarteak, Enrique Azurza batutapean, ahal zuena egin zuen baina ez zen hura interpretazio distiratsua. Principal Antzokiko akustikak ez zuen lagundu egia esan, baina indarrik gabe iritsi zitzaigun pasarte hau. Askoz adoretsuagoa iruditu zitzaigun ‘El puerto de Barrameda’ izeneko bigarren mugimendua, oso iradokitzailea. Chamizo-ren soinu-jokuek transportatu gintuen garai hartako halako abentura baten hasierako stress-era eta zinez zirraragarria izan zen orkestrak egindako interpretazioa.

Esan bezala, jarraian eta atsedenik gabe hasi zen Mojca Erdmann sopranoa Arnold Schönberg-en ‘Erwartung op. 17’ lan arduragarriarekin. Tentsioz eta adierazkortasunez aritu zen bakarlaria uneoro.

Saioa amaitzeko, Usandizaga-ren ‘Dans la mer op.20’ eta Jesus Guridi-k ‘Boga-boga’-.ren egindako harmonizazioa jo zituzten. Biak txukun.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07