blogak

Nessum Dorma

Ezer berririk

Musika Hamabostaldia. ‘Carmen’ baleta. Víctor Ullate (koreografoa), Georges BIzet, Pedro Navarrete (musika), Manuel Coves (musika zuzendaria). Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: abuztuaren 2a.

Jakin-min izugarria zegoen publikoaren artean Victor Ullate-ren ‘Carmen’-i buruzko azken ikuspegi berri hau ikusteko. Topikoetatik urruntzen zen proposamena, istorioaren muinean barneratzen zen ikuspegia, kontzeptu denboragabea eta abar… Bai, egia esan, Carmen desberdin bat disfrutatu genuen, baina zalantzan jartzen dudana da zerbait aportatzen duen bertsio honek hala ez.

Saioa amaitu eta gero, nire ikuspuntutik esan behar dut gauza asko harrigarriak ziren, eta gauza asko oso onak, baina, zoritxarrez, harrigarria zena ez zen batere ona, eta ona zena ez zen batere harrigarria. Beraz, ezer ez.

Hasteko, lehenengo zati luze batean baletaren atzetik bideo bat eskaintzen zen: moda saio moduko bat edo, itsusia, baldarra esango nuke. Eta horren ondoan erakusten zen trama ez zen ulertzen. Bai, egia da erakusten den eremu eszenikoa ‘ez-leku’ bat dela, baina ez genekien Miami-ren auzo bat zen, nonbaiteko putetxez beteriko auzoa edo auskalo zer… Arraroa.

Halere, momentu batetik aurrera hasi zen Bizet-en Carmen-en istorioa, gutxi gora behera ongi azalduta, eta, hori bai, oso ondo dantzatuta. Marlen Fuerte protagonistak pertsonaia nerbiodun eta aldi berean gozoa egin zuen. Josué Ullatek, aldiz, funtsik gabeko Don José interpretatu zuen eta Cristian Oliveri, Escamillo-ren rolean, txukun eta adierazkor aritu zen. Baina, hasieran esan dudan bezala, dantza ona egin arren, ez zuten inongo interesik piztu. Koreografia, orokorrean, kalentoi batean egindakoa zirudien. Pena.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07