blogak

Nessum Dorma

Etsipena

Fitxa:Philharmonia Zurich Orkestra. Zuzendaria: Fabio Luisi. Bakarlaria: Hélène Grimaud (pianoa). Egitaraua: Weber, Beethoven eta Txaikovski-ren lanak. Lekua: Madrilgo Auditorio Nacional. Data: urtarrilaren 16a.

 

Blog honetan Euskal Herrian izaten diren kontzertuen berri ematen dut, baina aldi honetan salbuespen bat egin behar dut. Madrilen jo behar zuen betidanik miresten dudan piano jole batek eta, aprobetxatuz lanarengatik hantxe nengoela, ezinbestekoa zen niretzat kontzertu hori entzutea eta hementxe komentatzea.

Pianoa profesionalki jotzen nuenean Hélène Grimaud nire ispilua zen. Gaztea, gutxi gorabehera nire adinekoa, musikari distiratsua, ezberdina, jotzeko modu pasionatu eta askea zuena (duena)… perfekzio hutsa. Egia esan, hau da lehenengo aldia zuzenean entzuten dudana, grabaketak besterik ez dut entzun orain arte.

Lanbidea aldatu nuenetik denbora asko pasa da, eta ez dut Grimaud-en ibilbidea oso gertutik jarraitu, baina segitu du grabaketa garrantzitsuak eta mundu osoan birak egiten. Oso ona da. Horrexegatik harritu naiz hainbeste Madrilen entzun dudanean. Beethoven-en ‘Pianorako 4. Kontzertua, op. 58’ lan ezin ederragoa da, klasizismoaren eta lehen erromantizismoaren arteko kutsu hori duena. Nik neuk jo nuen lan hau piano karrerako 10. kurtsoa egin nuenean. Beraz, ondo ezagutzen dut lana eta oroimen ederrak dakartza niretzat. Zoritxarrez, bertsio pobre eta zatarra egin zuen Grimaud andreak. Soinu traketsa, ez oso garbia, orkestrarekiko konpaktazio gutxi… hauexek izan ziren hartutako inpresioak. Piano jolea ez zen gustura sentitzen, nabaria zen. Fintasun gutxiko pedalizazioa… Azken batean, maisulana den obra ezerezean gelditu zen, benetan.

Kontzertuari hasiera emateko Carl Maria von Weber-en ‘Oberon’ obertura jo zuten, doi eta koloretsua. Baina benetako luzimendua saioaren bigarren zatian iritsi zen, Txaikovski-ren ‘5. Sinfonia, op. 64’ lanarekin. Fabio Luisi zuzendariak jakin zuen orkestrako baliabide guztiak ateratzen sinfonia honi behar den emozioa eta Errusiako iraultzaren aurreko handitasuna emateko. Bertsio ponposo-ponposoa egin zuten, kolore anitzak luzituz, eta ñabarduraz josia. Madrilgo publikoak adorez txalotu zuen taldea.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07