blogak

Nessum Dorma

Dantza boteretsua

Fitxa: Ballett Theater Basel. Hofesh Shechter, Jiri Pokorný eta Bryan Arias-en koreografiak. Lekua: Bilboko Arriaga Antzokia. Data: maiatzaren 25a.

 

Egitaraua hartu, eta lehenengo sorpresa izan zen dantzarien artean espainiar izen ugari ikustea. Benetan oso kuriosoa kontutan harturik Suitzatik datorrrela ‘Ballett Theater Basel’ dantza talde hau. 22 dantzarik osatzen dute ballet hau eta 12 espainiarrak.

Aldez aurretik bagenekien dantza garaikideko ikuskizuna zela eta, beraz, ikuspuntu ireki bat izan beharko genuela onartzeko dantza aske eta ez hain estandarizatua. Eta, bai, oso espektakulu berezia eskaini zuen Basel-go talde honek. Egia esan, dantza ez zen elementu garrantzitsuena. Dantza, nire ikuspuntutik, aitzakia bat zen pieza bakoitzak zuen mezua publikoari helarazteko.

Hiru pieza eskaini zuten. ‘The fools’ izeneko zatiak, tituluak adierazten duen bezala, gizartearen erokeria irudikatzen zuen. Konplikatua zen jarraitzea zein zen taulagainean ematen zen mezua, baina dantzak sortzen zuen ezinegona ikaragarria zen. Berdin zen dantzarien teknika edo koreografiaren purutasuna. Agian ez genuen ikusi talde-dantza dotoreena, baina asmoa baldin bazen urduritasuna sortzea, lortu zuten, erabat.

Bigarren obrak, ‘Day “without” night’ izenekoa ez zuen zerikusirik aurrenekoarekin. Jiri Pokorný koreografo txekiarrak pertsiar poesia eta mistizismoan sakondu nahi zuen lan honetan eta horretarako kontraste izugarrizko dantza proposatu zuen. Oso erakargarria.

Hirugarren piezak, berriz, lasaitasuna eta intimitateak transmititzen zituen. Bryan Arias koreografo puertorricoarrak dotoreziaz beteriko giroak sortu zituen koreografia delikatu eta sotil batekin.

Bitxia.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07