blogak

Nessum Dorma

Bellissima Norma

Fitxa: OLBE-k antolatutako Bellini-ren ‘Norma’ opera. Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Pietro Rizzo. Eszena zuzendaria: Davide Livermore. Eszenkografia: Giò Forma Studio. Bakarlariak: Anna Pirozzi, Silvia Tro Santafé, Gregory Kune, Roberto Taglizvini, Itxaro Mentxaka. Lekua: Euskalduna Jauregia. Data: maiatzaren 19a.

Amaitu da OLBE-ren 66. denboraldia titulu zoragarri batekin, modu konbentzigarriz egina. Denboraldi interesgarria izan da. Ez dugu esango denboraldi ausarta izan denik, baina erraz-erraza ez da izan. Verdi-ren ‘I Masnadieri’, lehenengo titulua, ez da maisu italiarraren opera ezagunena, baina publikoaren gustukoa izan zen eskainitako bertsioa. Richard Strauss-en ‘Salome’, adibidez, obra konplexua da, eta entzuleak txundituta geratu ziren Palau de Les Arts Reina Sofia-ren produkzioarekin. Esan nahi dudana da nahiz eta ‘hit’ seguruak ez ekarri, produkzio zainduak eskaini ezkero, publikoak erantzun egiten duela, dudarik gabe.

Denboraldiaren amaierako, hori bai, obra ederra eta oso ezaguna aukeratu dute: Bellini-ren ‘Norma’. Konpositore siziliarrak lan izugarria burutu zuen Norma-rekin. Koktel erakargarria, non amodioa, traizioa, mendekua eta abertzaletasuna elkarrekin dauden istorio erromantiko ezin ederragoa egiteko.

Aldi honetan, gainera, interpretazio aldetik, gauza onak besterik ezin dira esan. Anna Pirozzi sopranoak Norma handia, sinesgarria, luxuzkoa egin zuen. Hain famatuan den ‘Casta diva’ arian garbi utzi zuen ahozko baliabide izugarriak dituela eta badakiela nola erabili. Mila ñabardura adierazi zituen: xamurtasuna, indarra… ahotsa maisuki modulatuz.

Gregory Kunde estatubatuarra, Pollione-ren rolean, ongi aritu zen, baina ez Pirozzi-ren mailan. Duo distiratsuak egin zituzten biek, ‘Ah, tu qui… Va crudele’ bezala.

Silvia Tro Santafé mezzoak Adalgisa-ren interpretazio delikatua egin zuen, ahotsaren proiekzio ona azalduz uneoro. Roberto Tagliavini baxuak eta Itxaro Mentxaka mezzoak eraginkortasunez bete zituzten beren rolak.

Bestalde, musika eta interpretazioak alde batera utzita, eszenografia izan zen elementu garrantzitsu bat produkzio hau hain arrakastatsua izateko. Milan-eko Giò Forma Studio taldeak elementu gutxiko eszenografia asmatu zuen, baina ez sinplea. Arbol erraldoi bat zen ia elementu bakarra eszenatokian, indar handiko ikurra. Hori eta ongi jarritako proiekzioak eta argiztapena nahikoak izan ziren irudi inpaktanteak eskaintzeko.

Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Pietro Rizzo-ren batutapean, interpretazio koloretsua egin zuen.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07