blogak

Nessum Dorma

Aurrera!

FItxa: Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO). Zuzendaria: Juanjo Ocón. Egitaraua: Rimsky-Korsakov eta Bernstein-en lanak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: uztailaren 21a.

 

Gezurra dirudi, baina hogei urte ditu Euskal Herriko Gazte Orkestrak. 1997. urtean sortutako musikarien harrobi zoragarri honek ibilbide sendo eta interesgarria egin du urte hauetan, eta, beharbada, une aproposa izango litzateke gogoeta bat egiteko.

Esan bezala, sendo aritu dira talde honetako musikariak, eta urtez urte nabaritu da kalitatea eta egindako esfortzua, baina agian hainbeste urtetan jarraitutako formatua aldatzeko momentua iritsi da. Urtean zehar egiten diren bi topaketak, bi kontzertu zikloak, oso ondo daude. Halere, jauzi txiki bat egin beharko luke gure gazteen orkestrak publikoarengana iristeko eta ezagunagoa izateko. Iradokizun bat da, besterik gabe.

Aurtengo udako kontzertua, polita, benetan. Bi obra eder aukeratu zituzten publikoa txunditzeko, eta lortu egin zuten. Rimsky-Korsakov-en “Scheherezade, op. 35” suite sinfonikoaren edertasuna lehenengo akordeetatik iristen zaigu. Konpositore errusiarraren lan ezagunena da, eta orkestrazio koloretsu eta distiratsua da bere ezaugarri nagusia. Euskal Herriko Gazte Orkestrak, Juanjo Ocon-en batutapean, interpretazio txukun eta zuzena egin zuten, nahiz eta nahiko planoa. Dena puntu-puntuan egon zen, baina bizitasun pixka bat falta zitzaion jario musikalari benetako bertsio erakargarria egiteko.

Halere, goraka joan ziren saioaren bigarren zatian. Askoz erosoago sentitu genituen Leonard Bernstein-en “West side story”-ren dantza sinfonikoak interpretatzerakoan. Ñabarduraz beteriko bertsioa egin zuten. ‘Somewhere’ izeneko hasierako pieza gozo eta ameslaria sentitu genuen. ‘Mambo’ izenekoan gustura eta alaitasunez jo zuten eta, laburbilduz, pasarte guztiak bikain batekin burutu zituzten. Zoriondu behar ditugu orkestrako kideak, ba. Ea hurrengorako kalitatearen bidetik jarraitzen duten, orain arte bezala, eta sorpresaren bat ematen badigute, hobe.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07